Haurren kontrako indarkeria kasuetan justizia geldoegia dela salatu dute Baionan

Haserrea eragin du Ipar Euskal Herrian eta Frantzian 11 urteko neskato baten hilketak. Ustezko erasotzaileak salaketa bat baino gehiago zituen adingabeen kontrako sexu bortizkeriagatik.

Adingabeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea, Baionako auzitegi aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Adingabeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea, Baionako auzitegi aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko ekainaren 9a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendetza bildu da astelehen arratsalde honetan Baionako auzitegi aitzinean, salatzeko Frantziako Justizia «geldoegia» dela eta «utzikeriaz» jokatzen duela adingabeen kontrako bortizkeria kasuetan. Haurren eskubideen aldeko kolektibo batek deituta, bostehun bat pertsonak egin dute protesta. Gisa bereko mobilizazio andana izan dira Frantzian zehar.

Lyhannaren aferak piztu du haserrea. 11 urteko neskato hori maiatz bukaeran desagertu zen, Okzitaniako Fleurance herrian, eta joan den astean aurkitu zuten haren gorpua. Susmagarri nagusia Jerome Barella da, 41 urteko gizona, hildako neskatoaren lagun baten aita. Hura da Lyhanna ikusi zuen azkenengo pertsona. Atxilotu eta akusaziopean ezarri dute, bahiketa eta hilketa leporatuta. 

Baina Justizia eta Jendarmeria ere jarri ditu jomugan afera honek. Izan ere, akusatutako gizona behin baino gehiagotan salatu dute azken urteetan adingabeen kontrako sexu indarkeriagatik, baina ez dute sekula haren kontrako neurririk hartu. Iazko udan, gizonaren kontrako salaketa jarri zuen emakume batek, urtebete lehenago haren alaba bortxatzea leporatuta; baina ordutik Barella ez dute behin ere galdekatu. «Behin eta berriz deitu nuen Polizia afera zertan zen galdetzeko, eta erran zidaten gelditzen ez banintzen jazarpenagatik salatuko nindutela», kontatu du berriki emakumeak Frantziako telebistan. 

Baina lehen seinalamendua 2017koa da. 17 urteko neska baten amak jakinarazpena eman zuen, haren alabak gizonarekin zuen harremanaz arranguraturik. Garai hartan kasua aztertu zuen prokuradorearen hitzetan, ez zegoen «neskaren onespena zalantzan» jar zezakeen elementurik, eta, beraz, ez zuten arau hausterik identifikatu; kasua artxibatu zuten. 2022an, beste salaketa bat izan zen 7 urteko adingabe bat bortxatzeagatik. Gertakariak Barellaren etxean izan baziren ere, salaketa Frantzia iparraldean jarri zuten; bi urte behar izan zituzten kasua fiskaltza batetik bestera iragateko. Azkenean, kasua artxibatzea erabaki zuten, kontsideratuta ez zutela nahiko elementu akusazioak «bermatzeko».

Justiziaren baliabideak ezbaian

Astelehen goiz honetan mintzatu da Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroa aferari buruz. Lehenago Barne ministroa izan zela kontuan hartuta, aferaren inguruan duen erantzukizuna azpimarratu dute batek baino gehiagok. Baina «Estatuaren eta Justiziaren porrot ikaragarria» izan dela onartu badu ere, ministroak uko egin dio dimisioa aurkezteari.

Hala, magistratuen «erabateko mobilizazioa» eskatu du. Zehazki, tokian-tokian fiskaltzaren bulegoetara iritsi diren eta oraindik segidarik izan ez duten salaketa guziak erregistratu ditzaten nahi du, uztailaren 14 aitzin. Helburua da «lehentasuna» ematea salaketa horiei, bereziki salaketa egin dutenak oraindik adingabe diren kasuetan.

Baina bada arazoa politikoa dela uste duenik ere. Haien artean da Alain Larrea Baionako abokatuen elkarteko buru lehena. Agiri batean esplikatu du ez zuela parte hartuko Baionako Auzitegi aitzinean antolatutako elkarretaratzean. «Urteak daramatzagu Justiziak baliabide gehiago behar dituela erraten, eta bada leporatzen digunik interes korporatiboak defendatzen ditugula. Europako erakundeek behin baino gehiagotan nabarmendu dute arazo bat dagoela Frantzian», adierazi du.

Larrearen hitzetan, afera ez da batek edo besteak egin dituen hutsegiteen bila aritzea. «Justiziaren estatu orokorrak antolatu behar dira. Darmanini ez dagokio Justiziaren izenean barkamena eskatzea; Justizia egoera horretan atxikitzen duten politikarien izenean eskatu beharko luke barkamena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE