Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak martxan jarri dute baheketa programa pilotu bat biztanleria pediatrikoari 1 motako diabetesa goiz atzemateko. Gaixotasun hori haur eta nerabeengan agertu ohi da, eta kasuen %35ean zetoazidosi diabetikoarekin batera agertzen da. Konplikazio larri hori prebenitzea da baheketa horren helburua. Screend1a izeneko programak 6.000 pertsonaren laginak hartuko ditu. Haurrei ez ezik, 1 motako diabetesa duten pertsonen lehen mailako senitartekoei ere egingo diete proba. Horrekin, lortu nahi dute gaixotasuna detektatzea sintomak garatu baino lehenago; hala, pazienteei eta familiei jokaera egokiak erakutsi ahal dizkiete, eta, ondorioz, gaitzaren pronostikoa hobetzea espero dute.
Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, diabetes mota horren lehen fasean oraindik ere badaude intsulina sortzen duten zelula pankreatikoen erreserbak. Horrek aukera eman lezake terapia berriak aplikatzeko eta, beraz, gaixotasunaren bilakaera nabarmen hobetu daiteke. Gainera, hasierako fasean atzemanez gero, kontrol gluzemikoa errazago egin daiteke, gaitzaren larritasuna ere txikiagoa izaten da, eta, hortaz, adituen ustez, premiazko arreta eta ospitaleratzeen beharra nabarmen murriztu daiteke.
Probak, kontsulta pediatrikoetan
Azterlanak bi biztanle mota hartuko ditu, eta populazio pediatriko orokorra izango da nagusia —3 eta 13 urte bitarteko haurrak eta nerabeak—. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.000 haurri egingo dizkiete probak, pediatria kontsultetan, ohiko azterketa medikoetan.
Bigarren kolektiboa, berriz, 1 motako diabetesa diagnostikatua dutenen lehen mailako senideena izango da —adingabeak zein helduak—. 2.000 proba egitea espero du Osasun Sailak. Hiru lurraldeetako ospitaletan egingo dituzte, Endokrinologia Pediatrikoko eta Endokrinologia eta Nutrizioko kontsultetan.