Haurreskolak partzuergoko beharginek lau orduko lanuztea egin zuten atzo. Eguerdian elkarretaratzea egin zuten Bilboko udaletxearen parean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskoletako 200 langile inguru elkartu ziren. Besteak beste, partzuergoari EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak iazko murrizketen harira emandako epaia onartzeko exijitu zioten, negoziazioei ekiteko baldintza modura.
Iazko soldatetan behargin publiko guztiei egindako murrizketen parekoak egin zizkieten haiei ere, eta itzultzeko agindu zuen auzitegiak aurtengo maiatzean. Haur eskolak elkartzen dituen partzuergoak helegitea aurkezteko asmoa iragarri du, eta Eusko Jaurlaritzak dirua itzultzeaz gain berrantolaketa ere egingo duela azaldu du. Sindikatuek, bada, jarrera aldatzeko eskatu dute. LAB sindikatuko ordezkari Leire Garroren esanetan, «lan hitzarmena errespetatzea eta negoziazio berezitua onartzea ezinbestekoa da mahaian berriz esertzeko».
Haur eskoletarako diru kopurua hazteko eskatu du Garrok.Gutxi dela iruditzen zaie, eta «zerbitzuaren kalitatean eta langileen lan baldintzetan eragin kaltegarria» izango duela uste dute.
Isabel Zelaa sailburuaren esanetan, «inork ez du ulertzen» atzoko greba deialdia: «Gure lanaren balantze zoragarria zapuztu nahi dute».
Haurreskolak partzuergoari epaia onartzeko eskatu diote langileek
Egungo hitzarmena onartzea negoziazioei berriz ekiteko baldintza dela ohartarazi dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu