JOSEBA EGIBAR
EAJren GBBko presidentea«Norabide gabeko gobernu ahul baten azken hatsa da»
Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak «lasaitua» hartu du. Egibarrek gogora ekarri du Alderdien Legea ezartzen zen jokaleku batean «euskal gizartearen gehiengoaren aurka» osatu zela gobernua. «Programarik gabe» ekin zion gobernuak «ahul eta norabide gabe» amaitu duela uste du Egibarrek. Hala, bozak aurreratzea «azken hatsa» dela deritzo, baita Lopezek «lehendakari gisa hartuko duen azken neurri erabakigarria» ere. Haren ustez, Jaurlaritzak krisiaren aurrean lidergoa hartzeko gaitasunik ez duenez garrantzitsua da euskal herritarrek «lehenbailehen beren iritzia ematea». Egibarrek ukatu egin du EAJk beldurra diola EH Bilduren balizko garaipen bati.
JOSE ANTONIO PASTOR
PSE-EEko eleduna«Lehendakariak, bere konpromisoak bete ostean,erantzukizun ariketa egin du»
Aurreko gobernu jeltzaleekin alderatuta Patxi Lopezen gobernuak herritar guztien arazoak konpontzea helburu izan duela goraipatu du Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak. Horregatik baloratu du amaitzear den legealdia «onena» izan dela. Haren ustez, gobernu sozialistak erakutsi du gobernatzen badakiela. «Promes egindakoa bete dugu, eta garai politiko berria ireki dugu». Indarkeriaren amaierarekin batera, autogobernuaren eta ongizate estatuaren defentsa jarri du gobernuaren lorpenen artean. «Lehendakariak, bere konpromisoakbete ostean, erantzukizun ariketa egin du». Bestalde, Pastorrek kritikatu egin du EAJ eta sozialisten bazkide ohia, PP. «Ez dira gai izan gizartearen hobe beharrez laguntza emateko, eta gobernua oztopatu eta boikotatu nahi izan dute».
ANTONIO BASAGOITI
EAEko PPko presidentea«Lehendakariaren makilari uko egin, eta PSE-EEren bandera hartua zuen»
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearen arabera, aspaldi honetan «lehendakariaren makilari uko egin, eta PSE-EEren bandera hartua zuen Lopezek». Haren ustez, «argudiorik gabe» geratzen hasia zen, diru sarreren jaitsierak aurrekontu murriztaileak onartzera behartuko lukeelako eta horrek bere kanpaina hankaz gora utziko lukeelako. «Kale itsu batean sartua zegoen». Haren ustez, «XIX. mendeko ideietara» itzuli nahi duten independentisten eta «Espainiaren barruan Euskal Herriaren etorkizunera» begiratzen dutenen artekoa izango da lehia nagusia hauteskundeetan.
MARIBI UGARTEBURU
Ezker abertzaleko kidea«Ilegalizazioen eta jazarpen politikoaren aroa bukatutzat emateko garaia iritsi da»
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko eledunaren arabera, «bazen garaia hauteskunde iruzur batean oinarritutako legebiltzar baztertzailea desegiteko». Haren irudiko, 2009an sufragio unibertsala urratuta egin ziren hauteskundeak, eta «iruzur baten gainean» osatu da legealdi honetako parlamentua. «Legez kanporatze eta jazarpen politikoa bukatutzat emateko garaia iritsi da», azpimarratu du.
ARALAR
«Orain argi eta garbi geratuko da gehiengo ezkertiar eta abertzalearen indarra»Aralarren arabera, «behar-beharrezkoa» zen hauteskundeetara deitzea. «Patxi Lopezen gobernuaezerezean ibili da azken hilabeteetan». Aralarren irudiko, amaitzear den legebiltzarrak ez du islatu «herri honen benetako errealitatea, eta orain argi eta garbi geratuko da gehiengo ezkertiar eta abertzalearen indarra». Haren ustez, PSOEk eta PPk gidatutako frontismoak ez dio onik egin EAEri. «Madrilek esaten zuenaren menpe egon dira, orain PSOEk itxurak egin nahi baditu ere».
JUANJO AGIRREZABALA
Eusko Alkartasuneko legebiltzarkidea«Inongo babesik gabe, ez zuen zentzurik gobernuari eusteak»
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkidearen arabera, beharrezko pausoa izan arren, «berandu iritsi da» iragarpena. Haren ustez, alderdi interesagatik soilik egin dute hauteskundeen deialdia. «Kanpainaurre luze bat egin dute, euskal gizarteari sinetsarazi nahian eurak direla murrizketen aurkako bermea». Haren ustez, hauteskundeak oso garrantzitsuak izango dira subiranotasuna lortzeko eta eredu sozioekonomikoa aldatzeko.
GORKA MANEIRO
UPDko eleduna«PPk eta PSEk beldurragatik eta konplexuengatik ez dute aukera baliatu»
Gorka Maneiro UPDko eledunaren arabera, «beldurragatik eta konplexuengatik, PSE-EEk eta PPk ez dute aukera baliatu azken hamarkadetako politika abertzaleen aurrean aldaketa ezartzeko». Abertzaleen aurrean konstituzionalisten ordezkari bakarra UPD dela uste du.
OSKAR MATUTE
Alternatibako eleduna«Hauteskundeak aurreratzeak ateak zabaltzen dizkio legebiltzar demokratiko bati»
Oskar Matute Alternatibako eledunaren arabera, «hauteskundeak aurreratzeak ateak zabaltzen dizkio legebiltzar demokratiko bati». Haren irudiko, Lopezek argitu egin beharko luke zergatik aldatu duen iritzia.
MIKEL ARANA
Ezker Anitza«Beste behin ere, Lopezek ez du bere hitza bete»
Mikel Arana Ezker Anitzako eledunaren arabera, «beste behin ere, Lopezek ez du bete bere hitza». Aranak gogorazi du Lopezek zin egin zuela PPrekin ez zuela itunik egingo eta azkenaldian behin eta berriz esan duela ez duela bozik aurreratuko.
EZKER BATUA - BERDEAK
«Gerta zitekeen hoberena da»Ezker Batua-Berdeak alderdiaren arabera, «gerta zitekeen hoberena da» bozak aurreratzea. Uste du legebiltzarrean duen gutxiengoak baldintzatuta hartu dela erabakia. «Makineria guztia baliatuko du».