Hauteskundeak egingo dituzte bihar Nafarroako 38 herri eta 39 kontzejutan

Ez zen hautagaitzarik aurkeztu maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan.

Udal eta foru hauteskundeak Nafarroan
Herritarrak botoa ematen, maiatzean, Eguesibarren. AITOR KARASATORRE / FOKU
jakes goikoetxea
2023ko azaroaren 25a
17:29
Entzun

Maiatzaren 28ko hauteskundeetan ez zen hautagairik aurkeztu Nafarroako herri eta kontzeju askotan, eta hauteskundeak egin beharko dituzte bihar. 38 herri eta 39 kontzeju dira guztira. Udal hauteskundeen ardura Espainiako Gobernuari dagokio; kontzejuetako hauteskundeena, berriz, Nafarroako Gobernuari. Aurrena Espainiako Gobernuak erabaki zuen hautagairik gabeko herrietan hauteskundeak bihar egitea; Nafarroako Gobernuak egun bera aukeratu zuen kontzejuetako hauteskundeak egiteko.

Hauek dira bihar hauteskundeak izango dituzten Nafarroako herriak: Aranaratxe, Arantza, Areso, Aribe, Atetz, Auritz, Barasoain, Bargota, Beire, Beraskoain, Bidankoze, Burgi, Deikaztelu, Eratsun, Eslaba, Etaiu, Ezkaroze, Garde, Garralda, Hiriberri, Iturmendi, Itzaltzu, Izaba, Legaria, Lezaun, Muruzabal, Nabaskoze, Orbaizeta, Orisoain, Orotz-Betelu, Sartze, Tirapu, Urroz, Urzainki, Uterga, Uztarroze, Zare eta Zubieta. Kontzejuei dagokienez, berez 77 kontzejutan ez zen aurkeztu hautagaitzarik maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Bihar ez dituzte ordezkariak aukeratuko guztietan: 39tan aurkeztu dira hautagaitzak (43 guztira). Iratxetako kontzejuan (Leotz) bozketa egin zuten, baina bihar errepikatu egin beharko dute: Hauteskunde Batzordearen arabera, erroldan izen emandako pertsona kopurua baino boto gehiago zenbatu zituzten. 

Kontzejuak Nafarroako udal administrazioko entitate bereziak dira. Mila biztanletik gorako kontzejuetan, kontzejuko batzarreko lehendakaria eta sei ordezkari hautatu beharko dituzte; 50 biztanle eta mila biztanle artekoetan, batzarreko lehendakaria eta lau ordezkari; eta 50etik beherakoetan, berriz, lehendakaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.