Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak

Hauteskundeak han eta hemen

Ander Iturriotz Lauzirika.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Hauteskundeetan daude Espainian. Hauteskundeetan gaude Hego Euskal Herrian, Espainiak erabakitzen dituelako, gure ordez, noiz behar ditugun deitu hauteskundeak. Baina, paradoxikoki Espainian baino gehiago gaude hauteskundeetan Euskal Herrian.

Izan ere, Espainian kanpainarik ere ez da egin batere, kanpaina serioa, kanpaina lehiakorra esan nahi da. PPk badaki hauteskundeak irabaziko dituela, PSOEren gabeziak ustiatze hutsarekin, eta gai bakarraren, programa bakarraren inguruan diseinatu du kanpaina guztia: enplegua, enplegua eta enplegua; besteak galdu dituen enpleguak irabaziz konponduko omen ditu Espainiak dituen arazo guztiak. Magia suerte hori nola eragingo duen ere adierazi beharrik ez du izan: nahikoa du besteak gaizki egin zuen guztia gogoratzearekin. PSOE berriz, amore emanda dabil, kokilduta, etsituta, desagertuta.

Euskal Herrian ere kanpainarik ez dute egin PPk eta PSOEk. PPk berezitasunak markatu beharrik ez du izan eta PSOEk, berezitasunak markatu beharra bazuen ere, ez du aurkitu markatzeko biderik. Dena sinesgaitza zaio: nola kudeatuko du, esaterako, ETAren desaktibazioa, hori gerta zedin ezer egin ez dutela badaki jendeak? Izan zezakeen kapital politiko kaxkar bakarra, Patxi Lopez lehendakaria bera atzerrira bidali dute, atzerritik itzuli eta berehala: Valladolidera, Santaderrera edo Bartzelonara joan da, AEBetara joan zen bezala, beti deslekura, beti galmenera daraman tren kirrinkari batean.

Euskal abertzaletasunaren aldean, ordea, mugimenduak nabarmendu dira. Amaiurrek lekua lortu du agenda mediatikoan, beste alderdien parera igo da eta, hori, ez da gutxi, kanpaina antolatzeko izan dituen eragozpenak aintzat hartuta. UPNk aspaldian nabarmendu zuen Amaiurren arriskua: PPrekin hitzartu zen lehendabizikoz eta, orain, Amaiurrek Nafarroan lor zezakeen bigarren eskainua eragozten saiatzen ari da. Beste inguruabar batean, EAJk ere nabarmendu du koalizio soberanistaren arriskua, bere kanpaina guztia Amaiurren aurka planteatu duelako, batzuetan zikin, gehienetan zakar. Bai baitaki hegemonia ari dela jokatzen EAEan, hain zuzen, Hego Euskal Herrian jadanik galdu duen hegemonia. PSOEz eta PPz ahantzi da, bere esparru nazional propiora lerratu da, seguruena, hurrengo hauteskunde autonomikoetan begia jarrita.

Kontua da, boto abertzaleak mugiarazi behar izan dituela EAJk eta, ondorioz, esparru abertzalea indartu. Ez litzateke harrigarria izango Madrilen bi parlamentari talde lortzea, Amaiurrek ia seguru dauka bata, eta EAJk bigarrena. Bi talde, PPk nagusitasun absolutua lortzen badu, alegia, gobernatzeko beste inoren laguntzarik behar ez badu, Madrilen Euskal Herriaren aldarrikapena eragingo dutenak; aldarrikapen oihartzundua, aldekotasunak irabazteko leihan eta norgehiagoka, etxetik entzuten denari begira jarri beharko direnez bi-biak.

Euskal Herriaz hainbeste axolagabetu den Espainia monolitiko eta ilun horri erantzun hoberik ezin zitzaion eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.