Eusko Legebiltzarrerako bozak

Hauteskundeak uztailean egin litezke «zuhur» jokatuz gero, Madrilen arabera

«Ez dago inolako oztoporik horretarako», esan du Darias ministroak. Urkullu maiatzaren 14an elkartuko da talde politikoekin Eusko Legebiltzarrerako bozez hitz egiteko.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria eta talde politikoetako ordezkariak, apirilaren 30ean, Gasteizen, Lehendakaritzan egindako bileran. BERRIA
2020ko maiatzaren 7a
19:25
Entzun

EAJk alarma egoera luzatzeko babesa eman zion atzo Espainiako Gobernuari, baina hiru baldintza jarri zizkion horretarako: koronabirusaren aurka hartu beharreko neurriak erkidego bakoitzarekin adostea, Eusko Legebiltzarrerako bozak eragozpenik gabe egin ahal izatea eta Trebiñun gertutasun irizpideak izatea. Gaur, Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak esan du hauteskundeak egin litezkeela, «zuhurtasunez eta koordinatuta» eginez gero, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari egokia iruditzen baldin bazaio. «Ez dago inolako oztoporik horretarako», adierazi du Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Talde politikoak hilaren 14an bilera bat egitekoak dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez hitz egiteko. Hauteskundeen deialditik bozak egin arte 54 eguneko epea behar da legez; beraz, deialdia maiatzaren hirugarren edo laugarren astean eginda, uztailean egin ahalko dira —19an edo 26an—.

Urkullu joan den astean elkartu zen talde politikoekin, eta bi aukera jarri zizkien mahai gainean: hauteskundeak uztailean egitea, edo irailean edo urrian —aurrekoak, 2016ko irailaren 25ean izan ziren—. Uztaileko aukerari dagokionez, azaldu zuen osasunaren ikuspegitik egindako aurreikuspenak adierazten duela «kutsatze arriskua egonkortzeko eta murrizteko fasea» dela oraingoa, eta udako hiru hilabeteak kutsatze mailarik txikienekoak izan daitezkeela. Irailean edo urrian izateko aukeraz, Urkulluk dio osasun talde adituen arabera arriskua dagoela udazken hasieratik aurrera «gaixotasuna berriro sortzeko».

EH Bildu ez du uste hau denik garaia bozak egiteko; «herri honi irtenbideak emateko garaia da», adierazi du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. Elkarrekin Podemosen iritziz, «ezin da krisia kudeatu eta, aldi berean, kanpaina egin». Halaxe esan zuen Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.