Alderdiak

Hauteskundeen ostean primarioak egiteko eskatu diote kritikoek EAko zuzendaritzari

Eusko Alkartasuneko zuzendaritzak erantzun du eskaera «lekuz kanpo» dagoela, alderdiaren egungo estatutuek ez dutelako modurik ematen primarioak egiteko.

Goenaga, Ramirez eta Lopez de Aberasturi, gaur goizean egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 12a
15:56
Entzun

Gasteizko epaitegi batek bertan behera utzi zuen aurreko astean Eusko Alkartasunak ildo kritikoko lau kideren afiliazioa eten izana. Kritikoen buru Maiorga Ramirezen esanetan, ebazpenak agerian utzi du EAko idazkari nagusi Eba Blancoren «praktika diktatoriala». Hala, alderdiko zuzendaritzari eskatu dio maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ostean primarioak egiteko prozesu bat abiatzeko. EAko zuzendaritzak, berriz, «estatu kolpe bat» ematen saiatzea egotzi dio Ramirezi, «afiliazio osoaren funtsezko eskubideen urraketa» eragin duelakoan: «2022an, Eusko Alkartasunaren afiliazioak bitan eztabaidatu ahal izan zituen estatutuak eta ildo politikoa, eta baita gobernu eta ordezkaritza organoak aukeratu ere».

Gasteizko Lehen Instantziako Hirugarren Epaitegiaren ebazpenaren inguruko analisi kontrajarriak egin dituzte EAko zuzendaritzak eta ildo kritikoko kideek. Maiorga Ramirezen, Iratxe Lopez de Aberasturiren, Mikel Goenagaren eta Miren Aranoaren afiliazioa eten izanaren kontra ebatzi zuen epaimahaiak —epaia ez da irmoa—, baina zuzendaritzak argudiatu du «denbora eta forma akatsak» izan zirela horretarako arrazoia, eta ez zituela zalantzan jarri lau kideei egotzitako «gertakari larriak». Kritikoek, berriz, azaldu dute argi azaltzen duela lau kideen parte hartze politikorako eskubidea «urratu» zela, eta barne gatazkari erantzuteko «demokrazia zuzena» baliatzeko eskatu diote Blancori.

EAko barne gatazkaren judizializazioaren ondorioetako bat izan zen epaia. Baina ez bakarra. Izan ere, azken urteetan hartutako beste zenbait erabakiren inguruan ebatzi dute epaitegiek; esaterako, 2019ko primarioen inguruko auzia Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago egun. Horrez gain, martxoaren amaieran, Gasteizko Lehen Instantziako Seigarren Epaitegiak atzera bota zuen iazko otsaileko XIII. Biltzar Nazionalean hartutako erabakien kontrako salaketa, eta aurreko asteko epaiak ere ontzat jo zituen ebazpen haiek. Hala, epaitegiek ontzat jo dituzte alderdiaren estatutuen aldaketa eta proposamen politiko berritua. Lehenaren arabera, EAko idazkari nagusia hautatzeko prozesua jada ez da primarioen bidez egingo, biltzar nazionalaren bitartez baizik. Horiek hala, EAko zuzendaritzak adierazi du Ramirezen eskaera «lekuz kanpo» dagoela, eta alderdiko estatutuak urratuko lituzkeela: «Eusko Alkartasunak hautatutako organoak ditu, idazkaritza nagusia barne, eta indarrean dauden estatutuak, non ez diren primarioak kontuan hartzen».

Egungo zuzendaritzaren eta ildo kritikoaren arteko gatazka ez da berria. 2017ko ohiko kongresua du jatorri, eta alderdiak EH Bildu barruan izan beharreko lekua da eztabaidagai nagusia. Zuzendaritzaren esanetan, koalizio subiranistatik kanpo geratzea planteatzen dute kritikoek. Azken horiek, berriz, EH Bildu barruan «desegin» eta Sorturen «itzalean» kokatzea egozten diote zuzendaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.