Hautesle erroldari «intsumiso»

Desobedientzia aldarrikatzen duen Des-zentsu elektorala kanpaina aurkeztu zuten atzo Gasteizen. BERRIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dute begi onez ikusten hauteskunde sistema, ezta hautesle erroldetan derrigorrean egotea edo lau urtetik behin botoa ematea ere. Horregatik, hauteskunde mahaira ez joatea erabaki dute, eta bide bera hartzera animatu dituzte herritar guztiak, «intsumisioa» eta «desobedientzia zibila» erabiliz. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira martxan jarri duten Des-zentsu elektorala kanpainaren bitartez zabaldu nahi dute euren xedea. «Eskatzen duguna da gure izena hautesle erroldetatik kentzea, eta desobedientziaren bidea proposatzen dugu, bozkalekuetako mahaietan parte hartzeko derrigortasuna gainditu arte», azaldu du Antonio Escalantek.

Hautesle erroldarekiko desobedientzia aldarrikatzeko kanpaina duela urtebete hasi zen mamitzen. Europako hauteskundeen atarian, hauteskunde mahaietan egotea egokitu zitzaien Escalante eta Carlos Zulaika gasteiztarrei, baina ez joatea erabaki zuten, hautesle erroldan egotearen «inposizioa» salatzeko. Estatuko beste hamar lagunek ere bide bera hartu zuten: bati 480 euroko isuna ezarri diote, eta beste bat epaiketaren zain dago oraindik.

Ordutik, gero eta jende gehiagok bat egin du euren aldarrikapenekin, eta taldea osatu dute, hautesle erroldari intsumiso izan nahi duenari babesa eta informazioa emateko. Horretarako, argibideak eskatu, kasu berriak ezagutarazi edota ekarpenak jasotzeko blog bat zabaldu dute: descensoelectoral.wordpress. com. Kanpainaren berri emateko eskuorriak ere atera dituzte.

Kartzela eta isunak

Hauteskunde deialdi guztietan Espainiako Estatu osoko 500.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu behar dute hauteskunde mahaietan —Gasteizen 3.000 pertsona inguru— baina, horietara uko eginez gero, espetxeratzeko edo isun ekonomikoa jasotzeko arriskua dute. Kanpainaren sustatzaileek gogoratu dutenez, mahai horietan parte hartzea derrigorrezkoa da, baina ideologia, sinesmen edo kontzientzia arrazoiak emanezderrigortasun hori zalantzan jartzen duena «gaizkiletzat» hartzen da.«Zer dela eta inposizio hori? Zergatik jotzen da delitutzat demokraziaren benetako izaera errespetatzen ez duen prozesu batean ez laguntzea?».

Haien ustez, «inposiziorik eta mehatxurik gabe» biztanleen kopuru handi batek uko egingo lioke hauteskunde sistemaren «iruzurrean» parte hartzeari. Hori hala, «borondate intsumisoa» plazaratu eta desobedientzia zibilaren bitartez erroldatik kanpo geratzeko garaia dela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.