Alderdi batzuek hauteskunde kanpainako itxierako ekitaldirako prestatzen ari diren bitartean, beste batzuek amaitutzat jo dute lana Hego Euskal Herrian, eta Madrili begira jarri dira, bihar bertan han egingo dituzten ekitaldi handietan igorriko dituzten azken mezuek ez dezaten ukan behar baino zarata handiagorik bidean. Fronte Zabala da horietako bat.
Ezkerreko koalizioak Bilbon amaitu du kanpaina gaur, Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburuak Espainiako Kongresuan izan duen eserlekuari eusteko helburuarekin. Martinezek ziurtatu du igandeko hauteskundeak «plebiszitu» bat direla: «Bi gizarte ereduren artean hautatu behar da: etxebizitzarako eskubidea edo errentismoa». Eta berriki Espainiako Kongresuan egon diren etxebizitzaren inguruko dekretuak ekarri ditu gogora. «Bigarren dekretua boto bakar batengatik bota zuten atzera, bat bakarragatik, eta alde txiki horregatik erabakiko dira eserlekuak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Boto bakar batzuek egingo dute aldea hautesleku bakoitzean», ohartarazi du.
Bizkaiko Senaturako zerrendaburu Alba Gutierrez, berriz, Fronte Zabala osatzen duten alderdien batasuna goraipatu du. «Ezkerra batzen denean eta elkarrekin aurrera egiten duenean, ezin da hura gerarazi».
Hain zuzen, Ahal Dugu Fronte Zabalaren koaliziotik kanpo geratu zen, eta hark ere gaur egin du kanpainako azken ekitaldi politikoa, eta mezu argi bat bidali die «herrialde honetako botereei eta alderdia politikoki hilda dagoela sinetsarazi nahi dutenei»: moreek ez diete «erraz» jarriko haiek «isilaraztea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuek, Garbiñe Ruizek, Jose Manuel de Pablosek, eta Maite Gartziak dei egin dute hautetsontziak «eskubidez, justizia sozialaz eta ausardiaz» betetzera, eta herritarrei esan zieten «bakea, etxebizitza eta lana» izango dituen «Euskadiren alde» egiteko.
Hala, Gasteizen egindako ekitaldiarekin «Euskadiko kanpaina» bukatutzat eman dute. Bihar, berriz, Ahal Dugu-k Madrilen egingo duen kanpaina amaierako ekitaldian egongo dira Hegoaldeko hautagaiak, Irene Montero Madrilgo zerrendaburua babesten. Montero da Espainiako Estatuan lor dezaketen diputatu bakarra, inkesten arabera.
Hain zuzen, EAEko Euskadiko Antolakuntza idazkari Leticia Jimenezek demoskopia lanetan aritu direnak salatu ditu, harentzat agerian baitago Ahal Dugu «ikusezin» bihurtu nahi dutela «herrialde honetako botereek, atzean agintzen duten eta aurpegirik ematen ez duten eliteek». Jimenezek ziurtatu du elite horiek inkesten bidez nahi dutela ezkerreko indar hori «inork kontuan ez hartzea». Hedabideak ere salatu ditu Antolakuntza idazkariak: «Ez digute eztabaidetan parte hartzen utzi; hedabideek, publiko zein pribatuek, ia ez diete gure ekitaldiei oihartzunik eman».

EAJren kritika gogorrak
EAJk bihar izango du kanpaina itxiera, baina azken txanpa honetan boto dualaren zuloa estali nahian dabil. EBBko presidente Aitor Estebanek zuzenean hitz egin die PSE-EEri botoa ematekotan daudenei, Gasteizen egindako ekitaldian; galdetu die PSOEk azken zortzi urteotan eginikoarekin pozik ote dauden. «Konpromisoak bete gabe, aurrekonturik gabe eta Abalos eta Cerdanen auziei buruz azalpenak eman gabe» dago Sanchez, Estebanen ustez: «Etor daitekeenak eragin lezakeen beldurrak ezin du ezkutatu gertatutakoaren erantzukizuna».
EH Bildurentzat ere izan ditu kritikak jeltzaleen buruak. Eskuin muturrari aurre egiteko «hainbeste superheroien kapa artean» koalizioak «Euskadi ahazturik» utzi duela azpimarratu du: «Ezker asko, Euskadi gutxi».
Bada, EH Bildu ere kanpaina bukaerako ekitaldira begira dago jada, Iruñeko Labriten egingo duten ekitaldira, baina gaur Azpeitian (Gipuzkoa) izan da Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta, Xabier Lertxundi diputatugaiarekin eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearekin batera. «Igandean mobilizazio orokor historikoa egingo dugu Euskal Herrian», aurreikusi du. Etxebizitza eskubidearen aldeko «greba arrakastatsua» gogoratu du, Bilboko kaleetan egindako manifestazio nazional jendetsua «eta txoko guztietan egindako ehunka ekitaldi». Bihar, EH Bilduk Labrit pilotalekua beteko duela esan du, eta igandean «marka berri bat» ezarriko duela: «Ezker subiranistaren sabaia hautsiko dugu mobilizazio orokor, herrikoi, antifaxista, abertzale, euskaltzale eta feminista baten bidez».