Lapurdiko bi herriko etxetan andeatzeak gertatu dira asteburuan, eta gizon bat atxilotu dute Makean, goizean, andeatze horiek egotzita. Hazparneko herriko etxeko atea andeatua izan da: zurezko leihoa hautsia eta berina zartatua. Aldi berean, Makeako herriko etxeko paretan tindaketa bat agertu da Alain Dubois auzapezaren kontrako idazkiekin. Bestalde, Hazparnen, Regis Poxeluren lau tonako harrizko zizelketa bat mugitu dute. Obra bere lekutik kendu eta uzkaili dute. Ipar Euskal Herriko hautetsi anitzek gaitzetsi dute gertatutakoa, eta elkartasuna helarazi diete bi herrietako auzapezei. Isabelle Pargade Hazparneko auzapezak salaketa ezarriko duela erran du, eta, anartean, ikerketa abiatu du Baionako prokuradoreak. Segurtatu du bi herrietako ekintzak lotuak direla.
Cette nuit les mairies d’Hasparren et de Macaye ont été vandalisées
— Iñaki Echaniz (@Inakiechaniz) January 28, 2024
Ces actes odieux et lâches sont intolérables. Quand on s’attaque à une mairie et aux élus on s’attaque à la République.
Plein et entier soutien à Isabelle Pargade, Alain Dubois leurs équipes. pic.twitter.com/aoRxXOyvro
Pargadek France Bleu irratian segurtatu du andeatzeek ez dutela zerikusirik laborarien protestarekin, eta hala segurtatu diotela laborantza sindikatuetako bozeramaileek ere. Izan ere, pasa den astean, lurra bota zuten Hazparneko herriko etxeko atarira; Pargade da Euskal Hirigune Elkargoko laborantzarako lehendakariordea. Nolanahi ere, Pirinio Atlantikoetako prefeturak agiri baten bidez gertatutakoa salatu du, eta «[Frantziako] Errepublikaren sinboloen kontrako kalte larriak» deitoratu ditu. Jean Rene Etxegarai elkargoko lehendakariak ere ekintza horiek kondenatu ditu, eta elkartasuna helarazi die Pargaderi eta Duboisi.