Hemezortzi urteko ibilbidearen ondoren, 2020ko urtarrilean gaztetxeko kideek iragarri zuten Ttattola gaztetxea itxi egingo zela, «indarrez» bota zituztelako eraikinetik. Gaur, ordea, eraikin berri bat okupatu dutela jakinarazi dute: «Hazparneko gazteok, urte bat eta erdi gaztetxerik gabe pasatu eta, etxe bat okupatzea deliberatu dugu».
Ttattolako kideek BERRIAri azaldu diotenez, urte eta erdi honetan batzarrak egiten aritu dira, eta, azkenean, herriko kale nagusiko eraikin batean sartzea erabaki dute. «Ekintza kulturalak egiteko, herria dinamizatzeko eta jendea elkartzeko espazio bat izatea nahi dugu. Hau da, gaztetxe rol bat betetzea», esan dute. Gaur okupatu duten eraikinak hamar urte zeramatzan hutsik: «Pisuak alokatzen dituen enpresa batena da, eta jabeak atzerrian bizi dira. Azken hamar urteotan ez du inork eraikina baliatu».
Goizean prentsaurreko bat egin dute gaztetxe zaharraren aurrean, eta gero eraikin berriaren pareraino heldu den manifestazio bat antolatu dute. Babesa ematera deitu dute, gaurko eta hurrengo egunetarako.
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) August 21, 2021