Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik jakinarazi du hegazti gripearen kasu bat atzeman dutela Nafarroan. Arguedasko hezegune batean hilik aurkitu duten kurrilo batean detektatu dute birusa. Hori da Nafarroan atzemandako lehen kasua. «Laginak hartu ohi ditugu gure erkidegoko animalia basati eta hegazti migratzaileen artean. Atzo, azken orduan, eritasun horren lehen emaitza positiboa atzeman genuen. Oraingoz ez dago hegazti ustiategiei buruzko daturik, baina oharra bidali diegu abeltzaintzako ustiapen guztiei, segurtasun neurriak zorrotz ditzaten», adierazi du kontseilariak, Nekazaritza Kontseiluaren aurretik.
Aierdik gaineratu du beste lagin batzuk aztertzen ari direla orain, emaitza positibo gehiago ba ote den jakiteko. Gobernuko arduradunek uste dute litekeena dela kasu gehiago azaleratzea datozen egunetan, Gallocantako aintziran (Aragoi, Espainia) 250 kurrilo hilik agertu baitira. Migrazio betean dira hegazti horiek, Europatik eremu epelagoetarako bidean, eta aintzira horretan 7.000 kurrilo inguru elkartu ohi dira urtero: «Aragoin gertatutakoa aintzat hartuta, uste izatekoa da hegazti gripean positibo emandako kurrilo gehiago topa ditzakegula». Neguko tenperaturek, gainera, birusa hedatzea erraztu dezakete.
Ideia horrekin bat egin du Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza zuzendari nagusi Ignacio Gilek: «Hezeguneak arrisku handiko eremuak dira, kurriloak horietan geratzen baitira atseden hartzen». Horrelako egoeretarako indarrean den protokoloaren arabera, biosegurtasun neurri «zorrotzenak» ezarri dituzte, gaitzaren agerraldiak «ahalik eta lasterren desagerrarazteko». Gilen esanetan, hegaztien migrazio ibilbidearen barruan dago Nafarroa, eta hortaz, litekeena da kasu gehiago azaleratzea.
Orain arte, hegazti migratzaileen artean soilik agertu da birusa, baina etxalde edo ustiategi batean positiboren bat agertuz gero, legearen arabera, hango animalia guztiak hil beharko lituzkete. Horren ostean, hiru kilometroko zaintza perimetroa ezarriko lukete, eta horren barruan, ikerlariek «azterketa zorrotza» eginen lukete agerralditik gertu dauden haztegi guztietan. Hala ere, segurtasun eremua hogei kilometrora handitzea aztertzen ari da gobernua, «ikusita zer gertatu den beste erkidego batzuetan, Gaztela Leonen, Gaztela-Mantxan, Extremaduran eta Andaluzian, kasurako».
Oraingoz, Landa Garapeneko Departamentuak hegazti haztegietako jabeei eskatu die «kontuz» ibiltzeko sartu-irtenean dabiltzan kamioiekin: «Egon daitezela desinfektatuta, ez dadila kanpoko inor sartu eta sintomak zaindu ditzatela, azkar esku hartu ahal izateko», esan du Gilek. Gaitza hedatuko balitz, beste neurri batzuk aplikatuko lituzkete, besteak beste, animaliak konfinatzea.
Bestalde, gripearen aurkako txertoa jartzeko aholkatu diete haztegietako langileei eta, oro har, hegaztiekin kontaktua duten profesionalei.