Hego Euskal Herria «tentsio handiko eremu» izendatzeko mozioak aurkeztu ditu EH Bilduk Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarretan

Etxebizitzaren alorrean dituzten eskumenak baliatzea galdegin die koalizio subiranistak hala Eusko Jaurlaritzari nola Nafarroako Gobernuari, bi erkidegoetako parlamentuetan aurkeztu dituen idazkietan.

Laura Aznal, Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Laura Aznal, Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko urriaren 8a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzaren arazoari lotutako bi mozio aurkeztu ditu gaur EH Bilduk, bat Nafarroako Parlamentuan eta bestea Eusko Legebiltzarrean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak «etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu» izendatzeko. Hala adierazi du gaur koalizio subiranistak, bi parlamentuotako osoko bilkuren karira.

Mozio batean zein bestean, «anbizio handiko neurri politiko eta publikoak hartzeko beharra» nabarmendu du EH Bilduk, eta bi gobernuei eskatu die «azterketa eta analisi guztiak» egin ditzatela tentsio handiko eremua zabaltzeko prozedura martxan jarri ahal izateko. Horrez gain, koalizio independentistak zera galdegin die Maria Txibiteren eta Imanol Pradalesen gobernuei, «etxebizitzaren arloan dituzten berezko eskumenak» balia ditzatela, «alokairuen prezioen informazio eta erreferentzia indizeen sistema propio bat garatzeko, bertoko errealitate sozioekonomikora eta lurraldera egokituta».

Arazo orokortua

«Bizileku larrialdia arazo orokortua da, ez fenomeno bakana. Leku guztietan, modu berean eta intentsitate berarekin agertzen ez bada ere, etxebizitza eskuratzeko zailtasunek lurralde osoari eragiten diote jadanik», diote EH Bilduk aurkeztutako bi mozioek. Arazo horri aurre egite aldera «konponbide integralak» behar direla uste du koalizioak, eta kritika egin die hala Nafarroako Gobernuari nola Eusko Jaurlaritzari, orain arte partzialki aplikatu dituztelako tentsio handiko eremuak, lurraldearen zati handi bat kanpoan utzita. «Uko egin diote, beraz, tresna horren potentzial guztia erabiltzeari, orokortua den arazo baten aurrean».

Koalizioaren ustez, esku hartze publikoak lagungarri izan daitezke merkatuaren prezioei eusteko: «Hego Euskal Herrian, tentsio handiko eremuetan eskuragarri dauden lehen datuen arabera, alokairuen prezioen igoera apaldu egin da, eta are jaitsi ere, hainbat udalerritan. Europako hainbat tokitan bildutako esperientziak ere erakusten du erregulazioak, bestelako etxebizitza politika publiko batzuekin batera, prezioei eusten laguntzen duela».

Horregatik, koalizioak Hego Euskal Herriko instituzioak premiatu ditu «beste urrats bat egitera», eskuduntza propioak baliatuz etxebizitzaren arazoari heltzeko: «Autogobernua herritarren beharren zerbitzuan jarri behar da. Horregatik, Hego Euskal Herri osoan norabide berean aurrera egitea planteatzen dugu, lurralde bakoitzeko errealitate eta eskumen propioetatik abiatuta, baina dugun autogobernua ahalik eta anbizio handienarekin erabiltzeko helburu partekatuarekin, interes espekulatiboen gainetik, etxebizitza duin eta eskuragarrirako sarbidea bermatzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA