Hego Euskal Herriko oinezkoek, txirrindulariek eta patinete elektrikoetako, motorretako, autoetako eta gainerako ibilgailuetako gidariek aldaketak izango dituzte udaren ondoren. Espainiako Gobernuak trafikoko zenbait arau aldatuko ditu urriaren 1etik aurrera, «errepideetako erabiltzaile zaurgarrienen babesa hobetzeko». Erabiltzaile zaurgarritzat hartu ditu oinezkoak, txirrindulariak, motor gidariak eta patinete elektrikoen gidariak: «Errepide istripu bat izanez gero, ibilgailu motagatik edo haien adin taldearen ezaugarri fisikoengatik lesioak izateko edo lesio larriagoak izateko arriskua handiagoa dutenak». Azken hogei urteetan mugikortasunean izan den «ikuspegi aldaketara egokitu» nahi izan du. Ikuspegi aldaketa hori litzateke errepidean eta ibilgailuetan oinarritu beharrean, pertsonetan eta herrien eta hirien inguruan oinarritzea. Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen Zirkulazio Araudi Orokorraren aldaketa.
Neurri ia guztiak urriaren 1ean sartuko dira indarrean. Badira, ordea, 2027ko urriaren 1ean ezarriko diren bi neurri: patinete elektrikoetan derrigorrez argiak piztuta eraman behar izatea eta motorretako erabiltzaileen kaskoek homologatuta egon beharra. Motor gidariak behartuta egongo dira eskularruak janztera. Espainiako Gobernuak oraindik ez du zehaztu zer eratako eskularruak izan beharko duten. Zehaztu bitartean, gaur egun erabiltzen dituztenak erabiltzen jarraituko dute.
1
Patinete elektrikoak
Espainiako Gobernuak patinete elektrikoak erabiltzeko gutxieneko adina ezarri du: 15 urte. Ipar Euskal Herrian gutxieneko adina 14 urtekoa da. Erabiltzaileek kaskoa jantzi beharko dute derrigorrez, eta txaleko islatzailea gauez edo ikuseremu txikia dagoenean. Argiak piztuta eraman beharko dituzte beti.
Herri eta hirietatik kanpo bidegorriak edo bizikletentzako bideak erabili ahal izango dituzte.
Lanerako patinete elektrikoak, bizikletak, ziklomotorrak edo motozikletak erabiltzen dituztenek beti eraman beharko dituzte soinean kaskoa eta txaleko islatzailea. Neurriren bat betetzen ez badute, isuna 200 eurokoa izango da.
2
Txirrindulariak
Txirrindulari guztiek jantzi beharko dute kaskoa herrien eta hirien arteko errepideetan. Errepide horietan, auto gidari batek txirrindulari bat aurreratu nahi izanez gero, abiadura moteldu beharko du: errepide horretako gehienezko abiadura baino orduko 20 kilometro polikiago joan beharko du gutxienez. Errepideak norabide bakoitzeko lerro bat baino gehiago baditu, autoak ondoko lerroan guztiz sartu beharko du txirrindularia aurreratzeko.
Herri eta hirietako errepideetan txirrindulariek bidearen erditik joan beharko lukete, «segurtasuna hobetzeko»; motorra duen ibilgailu bat txirrindulari baten atzetik joanez gero, bost metroko tartea utzi behar du. Eta errepide batean gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa edo gutxiagokoa bada, udal agintariek baimendu dezakete txirrindulariak bi norabideetan ibili ahal izatea, betiere seinale bidez adierazten baldin badute.
3
Motor gidariak
Motor gidariek eta haiekin doazen bidaiariek eskularruak eta oinetako itxiak jantzi beharko dituzte herrien eta hirien arteko errepideetan. Alegia, ezingo dute orpoa agerian uzten duten oinetakorik erabili. Araua betetzen ez badute, isuna 200 eurokoa izango da.
Ibilgailu ilara luzeak edo pilaketak badaude, eskuineko bazterbidea erabili ahalko dute, betiere orduko 30 kilometroko abiadura baino motelago joanda, eta seinale bidez adierazita baldin badago.
Motorren erabiltzaileen kaskoek homologatuta egon beharko dute, ez soilik egiaztatuta.
4
Segurtasuna
 Taxietako, merkantzia ibilgailuetako eta auto eskoletako ibilgailuetako gidariek ez dute salbuespenik izango: segurtasun uhala jarrita eraman beharko dute beti.
5
Herrien eta hirien arteko errepideak
Errepidean ibilgailuren bat geratuta baldin badago, haiek aurreratzeko metro eta erdiko tartea utzi beharko da, eta abiadura moteldu, errepide horretako gehienezko abiadura baino orduko 20 kilometro motelago joan beharko da gutxienez.
Autobideetan eta autobietan, elurrak zirkulazioa oztopatzen baldin badu, eskuineko lerroa soilik erabili beharko da, eta debekatuta egongo da ibilgailuak aurreratzea. Ezkerreko bidea libre utzi beharko da, larrialdi ibilgailuentzat eta elurra kentzeko makinentzat.
Ibilgailu pilaketa batean ibilgailuak oso motel baldin badoaz —«oinezkoen abiaduran»— edo gelditu behar baldin badute, bazterrera jo beharko dute, erdian larrialdi zerbitzuen eta polizien ibilgailuei lekua uzteko.
6
Herri eta hirietako errepideak
Leku batzuetan, oinezkoek eta autoek aldi berean pasatzeko modua izaten dute: oinezkoek argi berdea izaten dute zebra bideko semaforoan eta ibilgailuek anbar koloreko aldizkako argia. Urriaren 1etik aurrera, ezingo dira biak aldi berean piztuta egon.Â
Autokarabanek, aparkatutakoan, ezingo dute ibilgailuaren azalera gainditzen duten elementurik jarri.Â