Hego Euskal Herrian 95.200 pertsona daude lan barik, urrian baino 1.236 gehiago

Batez ere Nafarroan egin du gora, bai langabezia tasak eta bai urtearteko kopuruak ere

2007ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Langabezia tasak ostera ere okerrera egin du Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan. INEMek, zuzen esanda, urrian baino 1.236 langabe gehiago zenbatu ditu azaroan. Patronalaren gogoeta: ekonomiaren hazkunde apalagoren ondorio da goranzko joera. CEOEren hitzak berretsi dituzte CCOOk eta UGTk, eta premiazko iritzi diote industrian oinarritutako hazkunde eredua bultzatzeari. LABek, aldiz, CCOO eta UGTren «jarrera kolaborazionistari» egotzi dio lan baldintzen kaskartzea. Nafarroan batez ere.

Herrialde hartan igo da langabezia tasa gehien: %2,7 hilabeteren joanean, eta %3,7 iazko azarotik hona. «Lan merkatuko aldagaien bilakaerak gizarte elkarrizketarekin harreman zuzena duela adierazi dute CCOOk eta UGTk hainbatetan. Hori horrela izango balitz, langileen interesei kalte egiten die sindikatu bi horiek ugazaben ordezkariekin eta Foru Gobernuarekin dauzkaten akordioek». LABek salatu du CCOOk eta UGTk «ezkutuko finantzazioa» lortzen dutela «eskuin politiko eta ekonomikoarekin» itunak sinatuta. Elkarlan horrek, ordea, «indar-harremana ahultzen eta lan baldintzak okertzen» ditu.

Nafarroako gizarte elkarrizketa eredua -«zorionez» -Hego Euskal Herriko beste lekuetara «eramangarria» ez dela, baina langabe kopuruak Araban baino jaitsi ez dela ohartarazi du LABek. Herrialde horretan %0,48 apaldu da langabezia tasa azaroan. Ia %1 urtebetean. Gipuzkoan eta Bizkaian ere behera egin du urtearteko tasak: %1,6 eta %3, hurrenez hurren. Azaroan, ordea, urrian baino langabe gehiago zenbatu ditu INEMek azaroan: 95.200 lau herrialdeetan, 1.236 gehiago.



KALTETUENAK, GAZTEAK. Irailetik urrira 505ekoa izan zen igoera eta, orduan bezala, orain ere kaltetuenak gazteak. Nafarroan %4,8 igo da 25 urtetik beherako gazteen langabezia tasa. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, %3.

Gazteek legez, emakumeek gainontzeko langileek baino langabezia tasa handiagoa jasaten dutela eta langabeen %60 direla gogorarazi du LABek. Azaldu du, gainera, sinatutako 100 kontratutik 9 bakarrik izan direla finkoak azaroan. «Kontratazioari lotutako iruzur mordoaren erakusle da zifra hori», sindikatuaren ustez.

CCOOk eta UGTk ere behin-behinekotasun tasa altua kritikatu dute, eta ezinbesteko iritzi diote industria bultzatzeari. Eraikuntza gutxiago hazten ari baita, eta eraikuntzarekin batera, ekonomia ere motelago baitabil, Administrazioak berretsi duenez.



«Nafarroako langileen interesei kalte egiten diete CCOO eta UGTk ugazabekin dituzten akordioek»

«Sinatutako 100 kontratutik 9 dira finkoak, eta zifra hori kontratazioari lotutako iruzur ugarien erakusle da»

LAB sindikatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.