Bozketa amaitu denean Elena Salgado Espainiako Osasun ministroak adierazi duenez, "etorkizunerako zabalik" dagoen legea da gaur onartutakoa. Era berean, adierazi du gaixorik dagoen seme-alaba sendatzeko osasuntsu dagoen haur bat izan nahi duten bikoteek eskaerak egiten hasteko aukera dutela dagoeneko.
Eztabaidan PP izan ezik gainerako alderdiak bat etorri dira gizartearen eskariei erantzuten dien legea dela esaterakoan. Lagundutako Ernalkuntzaren Legea babestu dutenen ustez, gauza guztien gainetik, osasunaren onurarako diren teknikei ematen die lehentasuna.
Testuak PSOEk 1988an bultzatutako eta PPk 2003an aldatutako legea ordezkatuko du eta honako puntuak biltzen ditu:
Enbrioi aukeraketa anai-arrebak sendatzeko: Bikoteak enbrioia aukeratu ahal izango du laborategian lortutako enbrioien artean, gaixotasunen bat duen seme-alabaren bati laguntzeko bada, beti ere enbrioia bateragarria denean: esaterako, jada jaio den seme-alabak leuzemia linfoblastikoa badu haurren minbizi ohikoenetakoa eta sendatzeko hezur-muinaren trasplantea behar badu, haurrarekin bateragarria den anaia edo arreba jaiotzea, gaixo dagoenari hezur-muina emateko. Prozesua, ordea, konplexua da: hasteko emakumearen obarioak estimulatu behar dira, obuluak sortzeko; gero obuluak erauzi eta ernaldu, enbrioiak sortzeko; eta bateragarriak diren enbrioiak aukeratu eta emakumeari ezartzeko. Legeak dio prozedura salbuespenezko kasuetan erabili ahal izango dela eta Espainiako Ernalkuntza Lagunduaren Batzordeak aztertu eta baimendu behar duela kasu bakoitza. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 30 bikote daude aukera horren zain. Aurreko legeak onartzen zuen enbrioiak aztertu eta aukeratzea, baina enbrioiaren gaixotasunak saihesteko edo haurra gaixotasun genetikoren batekin jaiotzea saihesteko; ez, ordea, jaio behar zuen haurra emailea izateko.
Sexu aukeraketa: Debekatuta dago jaio aurretik seme-alaben sexua aukeratzea. Erresuma Batuan, esaterako, gurasoek sexu bereko bi seme-alaba dituztenean hirugarrenaren sexua aukera dezakete. ERCk aukera hori onartzeko proposatu zuen, baina gainontzeko alderdiek baztertu egin zuten.
Ernaldutako obuluen kopurua: PPk 2003an onartu zuen aldaketaren arabera, ernalkuntza lagunduaren tratamendu ziklo bakoitzean hiru obulu ernal zitezkeen gehienez. Lege berriaren arabera, ordea, medikuek erabakiko dute ernaldu beharreko kopurua. Espainiako Gobernuak uste du muga hori kenduta ernalkuntza lagunduaren arrakasta handitu egingo dela, aukera gehiago egongo baitira. Era berean, tratamendu zikloen kopurua murriztu nahi dute, tratamenduek emakumeen osasunean eragiten dituzten nekeak eta kalteak arintzeko. Hiru obulu baino gehiago ernaldu ahal izango dira, baina ez hiru baino gehiago ezarri, haurdunaldi multipleak saihesteko. Orain artean bezala, gehienez hiru obulu ezarri ahal izango dira emakume bakoitzean.
Soberan geratutako enbrioiak: Enbrioiak soberan geratuz gero, bikoteak erabakiko du zer egin: izoztu eta etorkizunean erabiltzeko jaso, beste bikote batzuei eman edo ikerketarako erabiltzea baimendu. PPk onartutako aldaketaren arabera, ikerketarako erabil zitezkeen bakarrik 2003aren aurretik soberan geratutako enbrioiak.Gurutzetako ospitalean, esaterako, jasota dauzkate tratamenduetan soberan geratutako 400 enbrioi.
Enbrioi, obulu eta hazi emaileak: Lege berriak enbrioi, obulu eta hazi emaileen erregistro bat sortzea aurreikusi du. Horiek emateko bete behar diren baldintzak ere zehaztu ditu: kontratu baten bitartez egingo da, doan, eta emaile beraren obuluak edo hazia erabiliz ezingo dira sei haur baino gehiago jaio. Emandako hazia edo obulua erabiliz jaio den haurrak ezingo du emailearen izenik jakin. Testuak dio ezingo dela loturarik ezarri ernalkuntza lagunduaren bidez jaiotako haurraren eta hildako senarraren edo bikotekidearen artean, baldin eta gizonaren hazia ez badago emakumearen umetokian hiltzen denean. Edo senarrak edo bikotekideak hil aurretik bere hazia erabiltzea baimendu badu, agiri baten bitartez. Legeak mila euro eta milioi bat euro arteko zigorrak ezarri ditu. Zigorra jasoko dute, esaterako, emaile baten izena jakinarazten dutenek.
Bazterketa: Klinikek ezingo dituzte ernalkuntza lagundu tratamenduetan emakumeak baztertu beren nortasun sexualagatik edo egoera zibilagatik. Ezta ezintasunen bat dutelako ere.
Klonazioa: Legeak debekatu egin du klonazioa ugalketarako erabiltzea; ez du aipatzen, ordea, erabilera terapeutikoa duen klonazioa. Klonazio mota hori Biomedikuntzako Ikerketaren legean arautu nahi du Espainiako Gobernuak.
Alokatutako amak: Legeak debekatu egiten ditu alokatutako amak, hau da, emakumeek beste bikote batzuentzat haurrak edukitzea.
Aurrerapen teknikoak: Legeak sor daitezkeen aurrerapen teknikoak epe laburrean erabili ahal izateko prozedura onartu du. Espainiako Ernalkuntza Lagunduaren Batzordeak edo Osasun Ministerioak onartu ahal izango dituzte.
Erregistroa: Ernalkuntza lagundurako zentroen erregistroa sortuko dute. Bertan klinika bakoitzaren teknikak, arrakasta tasak eta prezioa zehaztuko dituzte. Edonork kontsultatu ahal izango du.
Osasuna
Hego Euskal Herrian posible izango da helburu terapeutikoekin enbrioiak aukeratzea
Espainiako Diputatuen Kongresuak Lagundutako Ernalkuntzaren Legea onartu du gaur behin betiko. Lege horri esker Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enbrioiak aukeratu ahal izango dira gaixo dauden seme-alabak osatzeko. Duela 15 egun PPk Senatuan bideratutako zuzenketak baztertzeko babesa eskuratu du alderdi sozialistak eta legea onartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu