Indarrean sartu da Hego Euskal Herrian delitu arinak behin eta berriz egiten dituztenei zigorrak gogortzeko legea. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du 1/2026 Lege Organikoa. Arauaren helburu nagusia zera da, testuan jaso dutenez: delitu arinak —bereziki lapurretak eta iruzurrak— behin eta berriz egiten dituztenei «erantzun eraginkorragoa» ematea. Horrela, 400 eurotik beherako ebasketengatik sei eta hemezortzi hilabete arteko espetxe zigorrak ezarriko dira, baldin eta egilea delitu errepikatzaile sarria baldin bada, hau da, gutxienez hiru aldiz zigortu badute delitu beragatik —orain arte isuna jartzen zieten—. Antzeko irizpidea erabiliko da iruzur arinen kasuetan: sei hilabetetik hiru urtera bitarteko espetxe zigorrak ezarri ahalko dira.
Junts alderdiak sustatuta egin dute erreforma; martxoaren amaieran babes zabala jaso zuen ekinbideak Espainiako Diputatuen Kongresuan, PP, PSOE, EAJ, UPN eta Vox alderdien aldeko botoekin, eta aurrera egin zuen. Sumar, EH Bildu, Podemos, BNG eta Compromisek, ordea, aurka bozkatu zuten, eta ERCk abstentziora jo zuen.
Arauak Espainiako Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea aldatu ditu, eta gogortu egin ditu zenbait kasuren zigorrak; esaterako, sakelako telefonoen lapurretagatik hiru urteko espetxe zigorra ezarriko da gehienez, baldin eta delitu beragatik hiru aldiz zigortua izan bada. Legeak zera dio neurria zuritzeko: sakelako telefonoak direla toki publikoetan gehien lapurtzen diren objektuak, eta horrek «ondorio larriak» dituela pribatutasunean, komunikazioan, datuen segurtasunean eta biktimaren eguneroko bizitzan. Orain arte, eskuko telefono baten ebasketa isunarekin zigortzen zen haren balioa 400 eurotik beherakoa bazen, edo hemezortzi hilabetera arteko espetxealdiarekin, haren balioa 400 euro baino handiagoa baldin bazen.
Narkotrafikoa
Era berean, legeak aukera emango die tokian tokiko erakundeei delitu arinen kasuetan akusazio gisa jarduteko, eta epaitegiek modua izango dute behin-behineko neurriak errazago ezartzeko, hala nola urruntze aginduak. Baita Internet bidez egindako delituetan eduki ilegalak kentzeko edo zerbitzuak blokeatzeko ere, nahiz eta atzerrian egon.
Bestelako berrikuntzak ere baditu arauak. Besteak beste, delitua izango da itsaso zabalean droga garraiatzeko ontziak hornitzeko erregai bidoiak eramatea —hiru eta bost urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie—, eta narkotrafikoarekin lotutako argindar iruzurretan ere zigor handiagoak ezarriko dira, batez ere marihuana landatzeko energia iruzurra egiten bada —hemezortzi hilabete arteko espetxealdia, edo urtebetetik bi urtera arteko isuna—.