Hego Euskal Herriko 80 suhiltzaile baino gehiago joan dira Espainiako suteetan laguntzera

Bizkaiko 55 suhiltzaile eta aditu joan dira, Nafarroako 24, Gipuzkoako hamar eta Arabako sei. Bi helikoptero, zenbait ibilgailu, eta beste hainbat material ere bidali dute Asturiasera eta Gaztela eta Leonera.

Bizkaitik Gaztela eta Leonera doazen suhiltzaile eta adituak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bizkaitik Gaztela eta Leonera doazen suhiltzaile eta adituak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
2025eko abuztuaren 19a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europan hainbat sute itzali ezinik dabiltza, esaterako, Espainian, Portugalen eta Frantzian. Gaur goizean Nafarroako 24 suhiltzaile Asturiasera (Espainia) joan dira laguntzera. Gaztela eta Leonera (Espainia) joango dira, bestalde, Bizkaiko 55 suhiltzaile eta aditu, Gipuzkoako hamar, eta Arabako sei.

Amparo Lopez Nafarroako Barne eta Justizia aholkulariak helikoptero bat Asturiasera bidaltzea adostu zuen atzo. «Orain eskuzabalak izan behar dugu, eta beharrean daudenei laguntza eman behar diegu», azaldu zuen Lopezek.

Iberiar penintsulako suteak

Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Arabatik ere, suhiltzaileez gain, mendi zerbitzuko hamar aditu joan ziren atzo goizean, eta Basolaneko beste hamazazpi. Hamasei ibilgailu baino gehiago ere bidali dituzte Leon iparraldera, Europako mendietako natura parkea babesteko. Sutea itzaltzeko bi ponpa eta bi zisterna izango dituzte, baita basoan aritzeko motozerrak eta sasiak garbitzeko robot bat ere. Era berean, drone batekin egingo dituzte behaketa lanak. Eusko Jaurlaritzak helikoptero bat bidaltzea erabaki du, Gaztela eta Leongo Juntaren laguntza eskakizunari erantzuteko.

Gaztela eta Leonen 26 sute piztuta daude oraindik, eta horietatik hamar larriak dira. 5.300 pertsonak etxetik alde egin behar izan dute, eta azken astebetean hiru suhiltzaile hil dira han. Horregatik, Leonen hainbat manifestazio antolatu dituzte Gaztela eta Leongo Juntari dimisioa aurkeztu dezala eskatzeko, baita alerta maila igotzeko nahia erakusteko ere. Aldaketa hori eginez gero, suteak Espainiako Gobernuaren ardura bilakatuko lirateke.

Manifestazioak Leonen, suteen aurkako neurriak hartzeko eskatzeko. J. CASARES / EFE
Manifestazioak Leonen, suteen aurkako neurriak hartu ditzatela eskatzeko. J. CASARES / EFE

Asturiasen euria egin du, eta egoera hobea da, baina kezkatuta daude Leongo sutea bertara iritsiko ote den.

Espainian aurreikusi dute azkeneko hiru hamarkadetako larriena dela aurtengo egoera, 344.000 hektarea erre baitira jada. Espainiako Gobernuak jakinarazi du erre diren lurralde batzuk larrialdi egoeran dauden eremu izendatuko dituela datorren astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.