Euria eta freskura itzuli egin dira Euskal Herrira, baina aurtengo udan izandako bero bolada gogorrak gutxik ahaztuko ditu. Maiatzaren amaieran izan zen lehena, oraindik ikastetxeak eta unibertsitateak ikaslez lepo zirela, eta ekainean eta uztailean beste zenbait berote gogor izan ziren. Espainiako Osasun Ministerioak heriotza guztiak monitorizatzen ditu, eta kalkulatu egiten dute ea horietako zenbat egotz dakizkiokeen muturreko beroari edo hotzari. Bada, maiatzaren 15etik hona 659 heriotza egotzi dizkio gehiegizko beroari.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Espainiako Osasun Ministerioak kalkulatu du guztira 470 pertsonaren heriotzan izan dela gehiegizko beroa faktore nagusietako bat. Nafarroan, berriz, 189 izan dira. Iaz 216 izan ziren; hau da, iaz halako hiru baino gehiago izan dira.
Europan, 50.000 baino gehiago
Londresko Imperial College unibertsitateak urtero egin ohi du azterketa bera: gehiegizko beroak zenbat pertsona hil dituen Europan, eta horietako zenbatetan izan duen zuzeneko eragina gizakiek eragindako klima aldaketak. Ikerketa Europako Batasuneko 27 herrialdeetan, Erresuma Batuan, Suitzan eta Norvegian egin dute, herrialde horietako hiririk handienak zenbatuz.
Guztira 172 milioi pertsona baino gehiago biltzen dituzten udalerrietako datuak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute Europan 50.391 pertsona hil direla aurtengo udan gehiegizko beroagatik. Gainera, heriotza horietatik 32.619 klima aldaketari egotzi dizkiote; hau da, beroagatik hil direnen kasuen %65etan, klima larrialdiak zuzeneko eragina izan du.
Datuak herrialdeka begiratuta, Italian hil da beroagatik jende gehien, alde handiz: 13.303 izan dira. Frantzia dago bigarren (7.268 heriotza), Espainia hirugarren (6.824 hildako), eta Alemania laugarren (6.340 heriotza).
Klima aldaketak izan duen eraginaren ehunekoari begiratuta, herrialde nordikoetan izan du eraginik handiena. Estonian gehiegizko beroagatik hil direnen kasuen %81etan izan du eragin zuzenekoa klima aldaketak, Bulgarian bezainbeste, eta Finlandian, berriz, kasuen %80tan.
Alde handiz, 2026ko uda izan da Europan gehiegizko beroagatik pertsona gehien hil den urtea. Zerrendako bigarren postuan 2022a dago: ia 21.000 gutxiago izan ziren orduan (29.480 hildako). 2003an 28.462 izan ziren, eta ondoren daude 2024a eta 2025a: 26.005 eta 24.572 hildako, hurrenez hurren.