Birusaren transmisioak barealdian jarraitzen duela islatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuek: atzo 285 COVID-19 kasu atzeman zituzten, Osakidetzak eta Osasunbideak 8.313 diagnostiko proba egin ondotik. Hala, Hegoaldean positiboen ehunekoa %3,4 da, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko mugatik behera, beste behin.
Hego Euskal Herriko kutsatzeen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien ostegunean egindako testetan: 123 izan ziren; Nafarroan, 61; Gipuzkoan, 60 eta Araban, 40.
Erietxeei dagokienez, Osakidetzaren ardurapeko zentroetan 36 lagun ospitaleratu zituzten atzo gaitzaren sintomak larriagotuta, eta une honetan 71 pertsona daude ZIUetan, larri, bezperan baino sei gutxiago.