Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. GORKA RUBIO / FOKU
Andoni Imaz
2020ko ekainaren 1a
18:37
Entzun

Maiatzaren 24an gertatu zen lehenengoz, eta gaur berriz: Hego Euskal Herrian ez da inor hil koronabirusaren eraginez. Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute positiborik atzeman PCR proba eginda. «Pandemia hasi zenez geroztik lehen aldiz eman dezakegu albiste hau», esan du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaurko prentsaurrekoan. Nafarroan beste bost kasu detektatu dituzte, aurreko egunetan baino gutxiago. Hiru egun dira Nafarroan COVID-19 gaitzaren eraginez inor hiltzen ez dela.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamahiru pertsonak eman dute positibo serologia bidezko test azkarretan; horiek iraganeko infekzio bat adieraz dezakete. Nafarroan, berriz, beste lau pertsonari detektatu dizkiete birusaren aurkako antigorputzak. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak ez datoz bat Espainiako Osasun Ministerioak emandakoekin. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, PCR bidezko 13.518 positibo atzeman dituzte; ministerioaren arabera, 13.511. Nafarroan, handiagoa da aldea: Osasun Departamenduak 5.299 kasu zenbatu ditu, eta ministerioak, 5.259.

Joan den astean, birusaz kutsatutako 45 lagun hil ziren Hegoaldean. 2.066 pertsona hil dira ia hiru hilabetean, martxoaren 4an erregistratu baitzuten lehen hildakoa, Bizkaian. Ospitaleetako egoera ere asko apaldu da azken asteetan, baina ZIU zainketa intentsiboetako unitateen egoera ez da horrenbeste baretu. Egun, 29 paziente ari dira artatzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako ZIUetan; bezperan baino bi gehiago; Nafarroan, 11, bat gehiago.

Igandean koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu zituzten, eta denera 277 pertsona daude erietxeko gelan. 74 Araban, bezperan baino hiru gehiago; 117 Bizkaian, bezperan baino sei gehiago; 35 Gipuzkoan, bezperan bezala; eta 51 Nafarroan, bezperan baino bat gehiago.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, koronabirusaren proban positibo eman dutenen %83 osatu dira dagoeneko, 16.510 lagun. Nafarroan, gaixotutako 6.012 pertsonari eman diete sendagiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.