Birusarekin loturiko heriotzei buruzko informazio eguneratua eman dute Hego Euskal Herriko agintariek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, maiatzaren 31tik ekainaren 6ra bitarteko astean gutxienez 23 lagun hil dira gaitzak jota. Horiek horrela, bilakaerak azken hiru asteetako joerari eutsi diola erakusten dute datuek: maiatz erdialdetik, birusarekin astebetean hildako kopuruak ez du gainditu 30 kasuren langa. Zehazki, joan den astean zendutakoetatik lau Nafarroakoak ziren; gainerakoak Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan hildakoak dira.
Gainera, transmisioari dagokionez, atzo COVID-19a atzemateko 9.625 diagnostiko proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta horietako %3,2k eman zuten positibo: 308k, alegia. Gaur arte, eguneko zenbatutako kutsatu kopurua 300 kasuren langatik behitikoa izan zen hiru egunez jarraian, eta eten egin da joera hori. Hala eta guztiz ere, egunetik egunera izan daitezkeen gorabeherez gainera, bilakaerak beheranzko joeran segitzen du, abiada motelean bada ere. Zehazki, azken bi asteetako datuei so, Hegoaldean eguneko 356 kasu atzematen dira batezbesteko.
Atzoko testek utzitako datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien: 155 izan ziren. Gipuzkoan, 61 kasu detektatu zituzten; Nafarroan, 54, eta Araban, 34.
Azken datuen arabera, beste mugarri bat erdietsi da kutsatzearen bilakaeran; Hego Euskal Herriko lurraldeen intzidentzia tasak behera eta behera ari dira, eta, aurreneko aldiz, lauak dira 200etik beherakoak. Gipuzkoan, 100.000 biztanleko 192 kutsatu atzeman dituzte azken hamalau egunetan; Bizkaian, 189; Araban, 158; Nafarroan, 133.
Ospitaleen presioa, arintzen
Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten gaitzaren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat hartuta, guztira 236 lagun daude Hego Euskal Herriko erietxeetan; horietako 93 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira.