Espainiako Osasun Ministerioak ostiralean argitaratu du aldizkari ofizialean gaurtik aurrera paseoak eta kirol jarduerak arautuko dituen dekretua. Pedro Sanchezen gobernuak ostegunean iragarritako neurriak zehaztu ditu; adibidez, mendekotasunen bat dutenak ohiko zaintzailearekin atera ahal izango dira kalera, nahiz eta etxe berean ez bizi. Zahar etxeetako egoiliarrek, berriz, ez dute kaleko jarduera fisikorako aukerarik izango.
Ez kutsatzeko hartu beharreko segurtasun neurriak ere jaso dituzte dekretuan. Bi metroko distantzia gorde beharko da kaleko beste pertsonekin, jende asko pilatzen diren lekuak saihestu, eta jarduera fisikoa egitean ezingo da geldialdirik egin. Udalei eta tokiko erakundeei agindu diete, jendea ez pilatzeko eta segurtasun distantzia bermatze aldera, oinezkoei lehentasuna emateko, eta bizikletei gero, eta neurriak hartzeko hori horrela izan dadin.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbat goiz honetan argitu du airean zegoen beste galdera bat: mendira joatea kiroltzat hartuko du. Hortaz, posible izango da etxetik kilometro bat baino gehiago urruntzea mendira joateko. Ezingo da ibilgailu motordunik erabili mendi bideetara gerturatzeko, ordea. Bilboko Udalak hasieran debekatu egin zituen inguruko mendietarako irteerak, baina gero zuzendu egin du erabaki hori.
5.000 biztanle edo gutxiago duten udalerrietan eta bizilekuetan, 06:00etatik 23:00etara bitartean egin ahal izango dira dekretu honetan baimendutako jarduera guztiak, eta umeekin kalera irten ahal izango da, era berean, horretarako argitaratutako dekretuaren baldintzen barruan. Autonomia erkidegoek ahalmena izango dute, zahar etxeei dagokienez, dekretu honetan zehaztutakoak beste modu batera arautzeko. Hauek dira dekretuaren zehaztapenak:
1) Noiz sartuko da dekretua indarrean?
Maiatzaren 2an, larunbata. Hortik aurrera indarrean egongo da, egunero baldintza beretan, Espainiako Gobernuak baldintzak aldatu ezean.
2) Zein atera daitezke kalera?
14 urtez gorako guztiak irten ahal izango dira kalera, ibiltzera edo kirola egitera. Ezingo dira kalera atera, ordea, COVID-19arekin gaixotuta daudenak, berrogeialdian daudenak, eta zahar etxeetako egoiliarrak ere ez. Sintomak dituztenei ere ez ateratzeko aholkatu diete.
3) Eta umeak?
Joan den astean zehaztutako baldintzetan atera ahal izango dute kalera, baina ordutegia zehaztu diete: 12:00etatik 19:00etara. Egunero ordubetez atera ahalko dira kalera, heldu batek lagunduta.
4) Zer ordutan atera liteke kalera?
Goizean (06:00etatik 10:00etara) edo iluntzean (20:00etatik 23:00etara) paseatzera edo kirola egitera atera ahalko da. Bi ordu tarteetako bat aukeratu behar da.
5) Zenbat aldiz atera liteke?
Egunean behin atera liteke, goizeko txandan edo iluntzekoan. Kirola egitera edo ibiltzera, aukeratu egin behar da.
6) Eta behin kalera irtenda, umeekin berriz irten liteke?
Bai. Umeak dituztenek kirola egitera edo ibiltzera atera daitezke, adibidez, 06:00etatik 10:00etara, eta umeekin 12:00etatik aurrera.
7) Adineko jendeak ere irten litezke? Eta behar bereziak dituztenak?
Bai, 70 urtez gorakoguztiak, edo elbarritasunen bat edo mendekotasunen bat dutenak edo behar bereziak dituzten guztiak kalera irteteko bi tarte jarri ditu Espainiako Gobernuak: 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara.
8) Bakarrik atera behar dute?
Adinekoak eta mendekotasun bat edo laguntza behar dutenak beste norbaitek lagunduta irten litezke kalera. Haien ohiko zaintzailea izan liteke laguntzaile hori, nahiz eta etxean harekin ez bizi, edo senide bat, edo etxeko bizikide bat.
9) Eta kirola egitera bakarrik irten behar da?
Bai. Adinekoak edo laguntza behar dutenak laguntzaile batekin irten litezke kirola egitera; gainerako guztiak, bakarrik.
10) Eta paseatzera ere, bakarrik?
Ez, paseatzeko bizikide batekin irten liteke kalera, egunean behin.
11) Noraino joan liteke paseatuz?
Norbere etxetik kilometro bateko erradioan mugitu daiteke. Gaindegiak garatu du tresna bat, kilometro bateko muga hori zein den jakin ahal izateko. Egoitz Gonzalez informatikariak aplikazio bat ere garatu du, euskaraz, helburu berarekin.
12) Eta zenbat denbora paseatu liteke?
Ezarritako ordutegien barruan, nahi adina denboraz ibil liteke kalean.
13) Zer kirol egin daitezke kalean?
Kontaktu fisikoa dakarten kirolak ezin dira egin. Binaka edo taldean egitekoak direnak ere ez. Hortik aurrera, edozein kirol egin daiteke. Bizikletan, patinetan eta halakoetan ibiltzea ere posible da.
14) Eta noraino joan liteke kirola eginez?
Norberak bizileku duen udalerriaren mugen barruan mugitu liteke kirola egiteko, kilometro bateko muga hori gabe.
15) Badago denbora mugarik kirola egiteko?
Ezarritako ordutegiak dira muga bakarra. 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara, norberak nahi adina denboraz egin liteke kirola, egunean behin.
16) Posible da mendira joatea?
Eusko Jaurlaritzak argitu du mendira joatea kiroltzat hartuko duela. Eta kirola izango denez, posible izango da inguruko mendietara joatea, betiere udalerriko mugen barruan.
17) Eta kirol instalazioetara joan liteke?
Itxiak direnetara, ez. Ostiralean argitaratutako dekretuak ez ditu zuzenean aipatzean aire librean egon litezkeen kirol instalazioak.
18) Naturguneetara joan liteke? Joan liteke ibilgailuz beste norabait?
Bai, baina ezin da ibilgailu bat (autoa, motorra...) edo garraio publikoa hartu beste leku batera joateko, gero han kirola egiteko edo paseatzeko, nahiz eta norbere udalerriaren mugen barruan ibili.
19) Zenbateko distantzia fisikoa gorde behar da?
Agindu dute bi metroko tartea gordetzeko. Higiene eta segurtasun arauak zaintzeko ere eskatu dute, eta etxetik ateratzean eta etxera itzultzean eskuak garbitzeko. Jende pilaketekin topo eginez gero, saihesteko ere eskatu dute.
20) Gelditu liteke kalean?
Berez, ez. Kirola egiten ari direnei, ezin badute jarraitu, beharrezkoa duten denbora soilik gelditzeko eskatu diete. Kalean geldirik egotea, kalean jatea... eta halakoak saihesteko eskatu dute. Kirola egitera ateratakoek edatea bai dute posible.
21) Maskarak edo eskularruak erabili behar dira?
Ez daude derrigortuta, baina jende askorekin topo egiteko eta pilaketak gertatzeko arriskua baldin bada, gomendagarria da. Astelehenetik aurrera, garraio publikoan ibiltzeko derrigorrezkoa izango da maskara janztea. Segurtasun tarteak gordetzeko zailtasunak dituzten denda txikietan eta beste lekuetan ere maskarak erabiltzeko eskatu dute.
22) Etxeko baratzera joan liteke?
Bai. Barazkiak biltzera, eta baita lanera ere. Nafarroan ezin izan da joan lanerako, baina larunbatetik aurrera posible izango da hori ere. Egunean behin baino gehiagotan ez joaten saiatzeko eskatu dute.
23) Zer gertatzen da 5.000 biztanle baino gutxiagoko tokiko entitateekin?
Udalerrien kasuan ez dago zalantzarik: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan ordutegi tarte bakarra izango da, jarduera guztietarako: 06:00etatik 23:00etara. Baina Espainiako Gobernuak propio aipatzen ditu udalerriak eta «tokiko entitateak». Horrek esan nahi du, berez, udalik ez duten tokiko entitateak ere unitate gisa aitortuta daudela dekretuan, eta, hortaz, 5.000 biztanle baino gutxiago badituzte, hroietan ere 06:00ak eta 23:00ak bitarteko muga izango dutela, beste mugarik gabe. Autonomia erkidegoetako polizien edo toki bakoitzeko udaltzainen interpretazioaren araberakoa izango da, baina, printzipioz, arauak aditzera ematen du tokiko entitateak (udalik ez izan arren) unitate geografiko bezala aintzat hartu behar direla eta, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenek, hortaz, ez luketela ordutegi mugarik eduki behar.