Hekimenek eskatu du euskarazko hedabideen baliabideak handitzeko

COVID-19aren eraginei aurre egiteko prentsari emaniko diru sailak argitaratu dituzte EAEko Aldizkari Ofizialean. Hekimenek uste du Eusko Jaurlaritzaren laguntzek ez dutela ematen kostuak betetzeko

Hekimen elkarteak iazko urrian eginiko jardunaldiak. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Jasotakoa baino «bultzada sendoagoa» behar dute euskarazko komunikabideek erakunde publikoen aldetik, Hekimen euskarazko hedabideen elkarteak ohar bidez adierazi duenez. Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideei eragiten dieten bi diru laguntza deialdiren ebazpenak argitaratu zituen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean, eta eman berritan egin du ohartarazpena elkarteak.

Komunikazioaren mundua «eraldaketa prozesu sakonean» dagoela gogorarazi du Hekimenek, eta nabarmendu «funtzio sozial garrantzitsua» dutela euskarazko komunikabideek, bai «euskararen normalizazio prozesuan», baina baita «informaziorako eskubidean, iritzi aniztasunaren bermean eta desinformazioaren aurkako borrokan» ere. Haatik, aurrerantzean ere funtzio hori izateko, beharrezko ikusten du «euskarazko komunikabideen ekosistema egonkortzea» eta errealitate berrira «egokitzea». Horretarako erakunde publikoen laguntza behar dela oroitarazi du.

Hekimenek, ordea, ez ditu bide horretan ikusten Jaurlaritzaren diru laguntzak. Batetik, salatu du 2022-2024ko aldirako euskarazko hedabideentzako laguntzak esleitu eta hiru urtera oraindik ez direla iristen «kostu estandarren %35 estaltzera», hala adostu bazen ere. Akordio haren helburu nagusia «komunikabideen egonkortasun ekonomikoari laguntzea» zela oroitarazi du Hekimenek, baina ohartarazi du papera, argindarra eta erregaiak garestitu izanak helburu horretatik «urrunago» eraman dituela. Are, zenbait komunikabidek urtetik urtera diru gutxiago jasotzen dutela ere gaineratu du.

Hainbat hedabide, kanpo

Aurten, bigarrenez, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza berezia eman die hedabideei, COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko. Sei milioi euroko diru saila izan da, baina zatirik handiena gaztelaniazko hedabide batzuek jaso dute. Hekimenek salatu du ezen, Jaurlaritzak azken deialdian aurrekoan baino komunikabide gehiago lagundu baditu ere, oraindik ere laguntza horietatik kanpo daudela euskarazko komunikabide gehienak. «Horrek ez du zentzurik: pandemiaren eraginak komunikabide guztiek pairatu dituzte, eta denek lan egin dute beren hartzaileei informazio egoki eta zuzena emateko».

Oraingo banaketak, hedabideen audientzietan oinarritutakoak, «kalte» egiten die euskarazko komunikabideei, Hekimenen esanetan, ez dituelako «audientzia potentzialak» bereizten; hots, ez duelako aintzat hartzen euskarazko eta erdarazko hedabideen audientzia potentziala desberdina dela. Horregatik, Hekimenek eta haren parte diren komunikabideek erakunde publikoei eskatu diete «baliabideak nabarmen handitzeko», hiru helburu lortzeko: euskarazko komunikabideak egonkortzea, berrikuntza prozesuak eta proiektuak garatu ahal izatea, eta proiektu komunikatibo berriak garatzea eta egonkortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.