Hendaiako atxikitze zentroko auzi lasterrak eteteko eskatu dute Paueko Administrazio Auzitegian

SAF Frantziako Abokatuen Sindikatuko Baionako kideek zalantzan ezarri dute atxikitze zentroan den justizia eraikin erantsia, hainbat arau urraketa leporatuta. Bihar edo etzi emanen dute erabakia.

Justizia eranskinaren aurkako elkarretaratzea, Hendaian. PATXI BELTZAIZ
Justizia eranskinaren aurkako elkarretaratzea, Hendaian. PATXI BELTZAIZ
2026ko uztailaren 20a
17:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAF Frantziako Abokatuen Sindikatuko Baionako kideek Paueko Administrazio Auzitegira jo dute, Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan auzi lasterrak egiteko ireki zuten justizia eraikin erantsia itxi dezatela eskatzeko. Gaur goizean iragan den auzi saioan, salatu dute hainbat arau urraketa izan direla azken asteetan. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak etzi arteko epea du administrazio auzitegiari informazio elementuak helarazteko, hark erabakia har dezan. Baikor agertu da SAFeko kide Ilazki Ortego abokatua: «Espero dugu epaileak gure eskaera onartzea».

Aurten, egoitza ttipi bat erantsi diote Hendaiako atxikitze zentroari: epaitegi bat da, eta auziak bideokonferentziaz egiten dituzte bertan, auzipetuak Baionako epaitegira eraman beharrik ez izateko. Uztailaren 1ean inauguratu zuten auzitegia, eta berehala hasi ziren bertan epaiketak egiten. Baina, lehenbiziko epaiketaren ondoren, abokatuak fite jabetu ziren zonbait irregulartasunez. Hainbat adibide aipatu ditu Ortegok, hala nola bideokonferentziaren ondorioz komunikazio zailtasunak daudela eta publikorik gabeko auzi pribatuak egiten dituztela —legez kanpokoa da berez—. Horrez gain, salatu du abokatuak miatu izan dituztela, eta defentsarako tartea mugatu izan dietela. 

Irregulartasun horiek ikusirik, eta auzipetu guztiei babesa emateko, SAFeko kideek epaitegiaren egoitza erantsi horren irekiera salatu zuten uztailaren 3an. Horretarako, defentsa kolektibo masibo bat egitea erabaki zuten: abokatuak taldean joan ziren atxikitze zentrora; batzuk auzipetuekin gelditu ziren, eta besteek, berriz, epailearengana jo zuten egoitza erantsia ixtea eskatzeko. Bestalde, uztailaren 4an, 80 lagunek elkarretaratzea egin zuten auzitegi erantsiaren parean.

Gaur goizean Paueko epaitegian iragan den auzi saioan, SAFeko abokatuek galdetu dute justizia eraikineko epaiketak bertan behera uztea. Baina onartuko ez baliete, eskatu dute gutxienez neurriak har ditzatela atxikitze zentroko auzitegi horretatik pasatzen direnen eskubideak, «funtsezko eskubideak», urra ez ditzatzen. Epaileak bihar edo etzi emanen du erabakia. Anartean, prefeturari bihar goizera arteko epea utzi dio informazio gehigarriak transmititzeko. Ortego abokatuak esperantza agertu du: «Espero dugu epaileak gure eskaera onartzea. Dena den, nahiz eta ez onartu, guk justizia eraikin honen itxieraren alde lanean jarraituko dugu, behintzat eskubide urraketa gehiagorik ez izan arte. Eta espero dugu noizbait entzunak izanen garela».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA