Hendaiako justizia eraikin erantsi berriko bigarren entzunaldia izan da gaur: atxikitze zentroari gehitu dioten egoitza bat da, epaiketak bideokonferentziaz bertan egin, eta presoak Baionako Auzitegira eraman behar ez izateko. Bi auzipetu izan dira gaur, eta bideokonferentziaz epaitu dituzte Hendaiako Atxikitze Zentroko bi preso erbesteratu: libratu ala kanporatu, horixe erabaki behar izaten dute epaileek bertan. Epaiketak bideokonferentziaz direnez, epailea, prokuradorea eta itzultzailea Baionako Auzitegian egon dira; epaitua eta haren abokatua, berriz, Hendaiako justizia eraikinean.
SAF Frantziako Abokatuen Sindikatuko Baionako kideek, ordea, epaitegiaren egoitza erantsi honen irekiera salatu dute. Eraikinaren eremu txiki horrek abokatuen haserrea eragin du, epaiketek publikoari irekiak izan behar dutela, eta ez pribatuak, Ilazki Ortego abokatuaren hitzetan: «Entzunaldi guztiek publikoak izan behar dute». Eraikin berri horretan hemeretzi pertsona sar daitezke. Alta, gaurko entzunaldira lau abokatu, kazetari bat, bi herritar eta bi errefuxiatu sartu dira; gainontzekoak poliziak izan dira. Aldiz, hiru herritarri epaiketarako sarbidea debekatu diete Aire eta Mugetako poliziek; beraz, hiru herritarrak kanpoan gelditu dira, epaitegira sartu ezinik.
Ortegok, horrez gain, hainbat lege urraketa aipatu ditu. Hasteko, eraikin erantsiak duen funtzionamendua bera salatu du, bideo entzunaldiekin funtzionatzen baitu. Bestetik, erran du iragan asteazkeneko epaiketan abokatuei zakuak erakusteko galdetu ziela eraikina zaintzen duen poliziak. Azkenik, deitoratu du Justizia Ministerioko langileak pantaila batean baizik ez daitezkeela ikus.
Gaurko auzia aztergai
Hortaz, gaurko entzunaldiaren baldintzak ikusteko, abokatuak bi taldetan banatu dira: batetik, bi epaituak defendatzen aritu dira; bestetik, eraikinaren irregulartasunak salatuz prozedura deuseztatzen saiatu dira. Lehen epaiketa hasi orduko, publikoari sartzea debekatu diotela akta ofizialean idazteko eskatu du entzunaldiko abokatuak; epaileak ez du onartu. Gero, beste abokatu batek hainbat urraketa aipatu ditu: batetik, bideo deiaren komunikazio zailtasunak nabarmendu ditu, eta, bestetik, epaiketa molde horren beharrik ez dela adierazi. Beraz, epaitua askatzeko eta epaiketa Baionako Auzitegian egiteko eskatu du. Prokuradoreak eskaerari uko egitea galdegin du, eta Aljeriara kanporatu ezean atxikitze zentroan atxiloaldia luzatzeko eskatu du, 30 egunez. Izan ere, Aljeriara kanporatu nahi izan dute lehen epaitua, baina kontsulatuak ez du behar den paperik egin; beraz, saioa bukatzean atxikitze zentroan sartu dute berriz. Zehaztekoa da atxikitze zentroa, justizia eraikin erantsia eta polizia etxea leku berean direla. Bigarren epaituari dagokionez, arratsaldean askatu dute, ororen buru.
Hainbat kolektibo eta abokatuk dei egin dute epaitegi aitzineko elkarretaratzean parte hartzeko bihar, uztailaren 4an, goizeko hamaiketan. Ortego abokatuak adierazi du mobilizatzea inportantea dela: «Bideokonferentzia horiek sistematizatzeak erbesteratuen eskubideak urratzen ditu; eta erbesteratuak dira eskubideak urratzen dituzten neurri horiek jasaten dituzten lehenengoak. Gainera, haiek atxikitze zentro barruan daude, eta ezin dira mobilizatu, ez dute eskubiderik mobilizatzeko».