Espainiako Kongresuak abenduan onartutako Eutanasiaren Lege Organikoa garatu du, dekretu bidez, Nafarroako Gobernuak. Dekretuaren edukia jada irakurgai dago aldizkari ofizialean, eta, ondorioz, indarrean sartu berri da. Dekretuak arautzen du, besteak beste, gaixotasun sendaezina duten pertsonek eskaera egiteko prozedura, eta kontzientzia eragozpena adierazten duten profesionalen erregistroa sortuko du.
Horregatik, Carlos Artundo osasun zuzendariaren arabera, dekretuak «berme bikoitza» du: batetik, «legearen irizpideen barruan», eskaera egiten duten pertsonekin «errespetuz» jokatzen du, eta gauza bera egiten du kontzientzia eragozle diren medikuekin.
Gainera, eskaria egiten duten pertsonen egoera aztertuko du berme eta azterketa batzordeak. Kasuz kasu kontrolatuko du, ea eutanasia eskatzen duten pertsonen prozedura bakoitza «legearen barruan» egiten den eta ea baldintza medikoak betetzen dituen, eta, eskaera atzera botatzen den kasuetan, pertsonek organo horretara jo ahalko dute erreklamazioa aurkezteko.
Askotariko diziplinatako ordezkariek osatuko dute; izan ere, legeak dioenez, osasun arloko profesionalek eta juristek osatu beharko dute, eta gutxienez zazpi kide izango dira. Nafarroan, hamabi lagunek parte hartuko dute: lau mediku —oinarrizko arretako bi eta arreta espezializatuko beste bi—, lau jurista, bi erizain, psikologo bat eta gizarte langile bat.
Batzordeko kideak
Bihar, osasun kontseilariak foru agindu bidez izendatuko ditu batzorde hori osatzen duten pertsonak, baina jada ezagutarazi dituzte nortzuk diren. Batzordeburua Maria Luisa Los Arcos izango da, NUPeko zuzenbide zibileko katedradun eta osasun zuzenbideko aditua. Gainerako kideak honako hauek izango dira: Juan Luis Beltran, Zuzenbideko doktore eta gardentasun kontseiluko presidentea; Leticia Jerico, Zigor Zuzenbideko irakasle eta kontzientzia eragozpenean aditua; Maria Jorqui, NUPeko Zuzenbideko katedraduna eta Ospitale Guneko etika batzordeko kidea; Helena Escalada, sendi mediku eta zaintza aringarrien aditua, eta, Luisa Gartzes, lehen arretako medikua; Victoria Atxa, barne medikuntzako espezialista; Mauro Loinaz, mediku intentsibista; Oihane Vieira, Ospitale Guneko erizaina eta Zuzenbideko lizentziaduna, Ana Rosa Gomez Bioetikan espezializatutako erizaina, Raquel Ruiz Neuropsikologiako aditua eta Ospitale Guneko Neuronkologia batzordeko kidea eta Xabier Les Ospitale Guneko gizarte laneko unitateburua.
Lege organikoa martxoan kaleratu zen aldizkari ofizialean, eta gobernuak hiru hilabeteko epea zuen dekretua garatzeko. Prozesu horretan parte hartzera gonbidatu zituzten, besteak beste, herritarrak, gaixoen elkarteak, profesionalen elkargoak, toki askotako unibertsitateak, eta hamazazpi eragilek egindako 71 ekarpen jaso dituzte. Horietatik bi heren aintzat hartu dituzte.
Eskuorri sinplifikatua
Espainiako legeak zehaztutako baldintza nagusien arabera, eutanasia eskatu ahal izateko, pertsona eskatzaileak kontziente egon behar du, eta gaixotasun sendaezina izan. Prozedura konplexua da, eta, herritarrei informazioa helarazteko asmoz, Nafarroako Gobernuak eskuorri batzuk prestatu ditu Espainiako Gobernuarekin elkarlanean. Horietan, informazioa behar duten herritarrei zalantzak argitu nahi dizkiete, galdera eta erantzunen bidez, eta prozedura osoa diagrama baten bidez azaldu: «Prozesu osoa eta sendoa da, eta saiatu gara herritarrei begira sinplifikatzen», aipatu du Geno Etxandok.
Hain zuzen ere, mediku eta erizainei begira, praktika onen gidaliburu bat ere landu da. Espainiako Gobernuak webgune bat prestatu du, baina Osasunbideak Auzolan izeneko gune bat egokitu du kontsultatzeko. Dekretuak dakarrenez, profesionalen prestakuntza izango da elementurik garrantzitsuenetako bat. Halaber, dekretuak, kontzientzia eragozpena adierazten duten profesionalen erregistroa sortuko du. Gobernuak aurreratu duenez, teknikoki lanean ari dira, erregistro horrek osasun arloko profesionalen konfidentzialtasuna berma dezan.
Aurretiazko 11.163 borondate
Eutanasia eskatu ezin duten pertsonen kasuan, protokolo bat ezarriko da ezgaitasuna baloratzeko, buruko osasuneko adituen bitartez. Hala ere, Artundoren hitzetan, garrantzitsua izango da aldez aurretik borondate aurreratuen erregistroan izatea. Erregistro hori iraganean sortu zen, eta, gaur egun, 11.613 lagunek dute eskaera eginda. Artundok nabarmendu du garrantzitsua dela gizarteak erreminta horren berri izatea. «Maiz, hurbilean kasu dramatikoak ikustean jabetzen gara garrantzitsua dela erregistro horretan izena ematea, eta aurretik idatzita uztea bizitzaren azken ordua iristean zer nahi dugun», azaldu du Artundok. Haren esanetan, lehen arretako osasun etxeetan egin daiteke, prozedura «sinple» baten bidez.
Artundok gaineratu du kaleratu berri den dekretua Nafarroako Gobernuak iragan legealditik landutako estrategia bakarraren barruan sartzen dela, heriotza duin bat emateko jorraturikoan. 2018an, Heriotza Duinaren Behatokia sortu zen, eta, geroztik, pare bat azterketa egin du, herritarrek gai horri buruz zer ezagutza eta iritzi duten jakiteko asmoz. Azterketa horietan jasota dagoenez, nafarren %77k «moralki onargarri» deritzote eutanasiari, eta %80k legeztatzeko beharra adierazi zuten. Datu horien arabera, mila biztanleko 15,9 herritarrek jzena eman dute aurretiazko borondateen erregistroan, «estatuko batezbestekoa halako bi». Azken urteetan kopuruak nabarmen gora egin badu ere, Artundoren ustez, oraindik ere kopuru txikia da.