Hernandok dio «atsedenik eman gabe» lan egingo duela kanpoko kaiaren alde

Pasaiako portuko buru berriak auzitan jarri du berriki 16 adituk eginiko txostena: «Ez du zertan ekarpen teknikoa izan»

Kaia Jaizkibel mendiaren magalera eraman nahi du Pasaiako Portu Agintaritzak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Pasaia
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pasaiako Portu Agintaritzak «atsedenik eman gabe» dihardu Espainiako Ingurumen Ministerioak ezarritako langak gainditzeko lanean, eta hala jarraituko duela jakinarazi du Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendariak. Ministerioak Ingurumen Iraunkortasunaren Txostenari jarritako arrazoibideetan Pasaiako (Gipuzkoa) kanpoko kaiaren proiektua ekonomikoki «ezin iraunezkoa» dela eta azpiegitura behin eraikita kalteak «konponezinak» liratekeela esan bazuen ere, proiektuak «aurrera» egingo duela ziurtatu du Hernandok. Horretarako, bestelako ingurumen txostena idazten ari direla jakinarazi du, eta txostena Madrilen aurkeztuko duten eguna ere aurreratu du: urriaren 31.

Hernandok agerraldia egin zuen atzo, besteak beste, portu agintaritzakoak idazten ari diren ingurumen txostenaren berri emateko. Apirilaren 14an izendatu zuten Hernando portu agintaritzako zuzendari, eta administrazio kontseiluaren aurreneko bilera izan zen atzokoa Hernando kargu horretan dagoenetik.

Espainiako Ingurumen Ministerioak atzera bota zuen txostena «ahula» zela aitortu du Hernandok, eta gaineratu du urrian aurkeztuko dutena ez dutela itsu-itsuan egingo: «Metodologia bat adostu dugu ministerioarekin: tutoretza lana egingo digu, ongi ala gaizki ari garen jakiteko». Haren iritziz, ministerioaren tutoretzak ez du ziurtatzen txostena onartu egingo denik, baina itxaropentsu dago: «Ministerioak txostena onartzen badu, urrats handia egingo dugu». Ez badio oniritzia ematen, ordea, emaitza onartuko dutela esan du Hernandok: «Ezin bada egin, ez da egingo». Abian den ingurumen txostenak arlo ekonomikoa ere jorratuko duela adierazi du: «Ez aurrekoa gaizki zegoelako, oparoaldi garaian egin zelako baizik».

Hamasei adituk osatutako talde batek kanpoko portua ez den beste irtenbide bat eskatu zuen ekainaren 14an. Talde hori ahotan izan du Hernandok. Haren ustez, Pasaiako kaikoa ez da «teknikarien arteko auzia»; izan ere, portu agintaritzan ere teknikari ugari daudela argudiatu du, eta portu agintaritzakoak «gaituenak» direla erantsi du. Hamasei adituk plazaratutako txostenak ez duela zertan «ekarpen tekniko bat» izan iritzi dio Hernandok, nahiz eta oroitu duen Francisco Giner Pasaiako portuko zuzendari izandakoa eta Juan Gutierrez jarduera arduradun ohia daudela sustatzaileen artean.

Pasaiako Portu Agintaritzaren buruak ez du ulertzen hamasei adituen jarrera: «Plataforma horretako inor ez da guregana zuzendu, ekimenaren protagonista garen arren. Are harrigarriagoa da, kontuan badugu portu agintaritzak ateak edonori irekitzen dizkiola». Proiektuaren inguruan zituzten zalantzak adierazteko, Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako agintariekin bilerak egin dituztela jakinarazi zuen iragan astean aditu taldeak. Alta, taldearen jardunaren gaineko irakurketa baikorra egin du Hernandok: «Bistan da proiektua eztabaida gaia dela eta herritarren artean interes handia pizten duela».

Galdetzeko asmorik ez

Portu agintaritzak ez du proiektuaren gaineko galdeketarik egiteko asmorik, Hernandok jakinarazi duenez. Bi eragozpen ikusten dizkio galdeketari. Batetik, oroitarazi du Pasaiako Portu Agintaritzak ez duela galdeketarik egiteko eskuduntzarik: «Bete beharrekoa ez den galdeketa bat egin genezake, iritzia jakiteko besterik ez».

Bigarren arazoa galdetu beharreko herritarrak zehazteari ikusten dio Hernandok; ariketa hori egitea «oso zaila» dela iritzi dio. «Egitasmoak ez die soilik Pasaiako badian bizi diren herritarrei eragiten. Zumarragan edo Azpeitian [Gipuzkoa] ere ba al dute auzi honen gainean erabakitzeko eskubidea? Izan ere, han dauden enpresa ugarirentzat hil edo bizikoa da kanpoko kaia».

Kanpoko kaiaren xedea badia biziberritzea dela esan du Hernandok. Baina, kaia kanpoan egiten ez bada, biziberritzea ez dela osorik egingo eta gaur egungo portuak «pixkanaka hiltzeko» arriskua izango duela gaineratu du: «Baliteke gaur egun portua erabiltzen dutenek bertan geratzeko asmorik ez izatea, etorkizunean kaia hobetuko dela ez bazaie agintzen».

Prozesu horretan guztian Gipuzkoako Foru Aldundiak duen garrantzia nabarmendu du Hernandok. Hortaz, aldundia eskuratzen duen alderdi politikoa edozein dela ere, erakundea proiektutik at ez geratzea espero du: «Asko zailduko lituzke gauzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.