Ohi baino jende gehiago bildu da Hernaniko (Gipuzkoa) udalbatzar aretora. Uztaileko osoko bilkurak mami gutxi izan ohi du, baina gaur bestela izan da. Euskal errepublikaren aldeko herritar talde batek mozio bat aurkeztu du, eta 25 bat lagun elkartu dira babesa ematera. Kontxita Beitiak defendatu du mozioa. Hernanin plazaratu du desioa: «Ausartu zaitezte libre izatera. Ea zuen bozek herri libre bat amestetik herri libre bat izatera eramaten gaituzten».
Desioa ez da bete, mozioa ez baita onartu. Gobernuan dagoen alderdia, EH Bildu, abstenitu egin da, eta beste taldeek —EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk— aurka bozkatu dute.
EH Bilduk argudiatu du gehiengoaren borondatea kontuan hartzen duen aukera bat landu behar dela horrelako pauso bat eman aurretik —aldebakarreko independentzia aldarrikatzea proposatu dute mozioan—. Horren ordez, beste mozio bat aurkeztu du. Espainia eta Frantziako estatuen aurrean beste estatus politiko bat bultzatzea proposatu dute mozioan, «euskal herritarrek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko duten eskubidea modu eraginkorrean aitortzeko».
Horretarako biderik egokiena zera da, EH Bilduren ustez, «Euskal Herria osatzen duten hiru errealitate politiko-administratiboetatik abiatuta, bakoitzaren borondate kolektiboak errespetatzea». Mozio hori onartu da udal gobernuaren babesarekin —Elkarrekin Podemosek puntu batzuk babestu ditu, beste batzuk ez—. EAJ abstenitu egin da, eta PSE-EEk kontra bozkatu du.
Lau herritan onartu da
Hernanin eztabaidatu duten mozio bera aurkeztu du Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak beste ehun bat herritan. Lau herritan onartu dute: Plentzia (Bizkaia) izan zen lehenengoa, 2024ko maiatzaren 30ean. Orduz geroztik, Alkizan (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia) eta Baztanen (Nafarroa) egin dute euskal errepublikarekin bat.
Kontxita Beitia andereño izan zen frankismoaren garaian sortutako lehen ikastoletan, eta, mozioaren defentsan, gogora ekarri ditu garai haietan legearen aurka sortu zela euskararen aldeko mugimendua: «Duela 70 urte, frankismo beltzean, gurasoak eta andereñoak ikastolak sortzen ausartu ginen. Euskarak aurrera egingo bazuen, argi genuen gure haurrek euskaraz ikasi beharko zutela. Orduan legearen kontra egin genuen eskubideen alde egiteko».
Beitiak ohartarazi du garai txarra dela oraingoa independentismoarentzat: «Pixkanaka-pixkanaka, etsita, Frantzian eta Espainian bizi gaitezkeela ari gara barneratzen». Gaur aurkeztutako mozioaren helburua da «pultsu independentista berreskuratzea, inoren baimenaren zain egon gabe». Gogorarazi du Espainia eta Frantzia estatuetatik etor daitekeena ez dela ona, eta horren adibide da Espainiako Auzitegi Gorenak orain dela gutxi plazaratu duen «epai euskarafoboa». Salatu duenez, «heriotza zigorra ezarri nahi diote gure hizkuntzari».
Hori ikusita, beste bide bat urratzeko garaia dela iritzi dio, eta independentzia mozioa onartzea dela lehen urratsa. «Imajinatzen duzue lehengo olatu honetan berrogei herrik beraien burua euskal errepublikako parte direla deklaratuko balute zer egoera politikotan egongo ginatekeen?».
Ehun mugimendua deseginda
Ehun mugimendua 2019an sortu zen, helburu honekin: «Euskal errepublikaren eskaria hezurmamitzea» eta «burujabetzak praktikara eramatea». Tokiko erakundeei egin zien errepublika hori mamitzeko gonbita zuzena, Ehunen aburuz, udalek inork baino hobeto ezagutzen dituztelako «herritarren taupadak eta beharrak».
Ehunen ustez, udalek ez daukate askatasunik erabakitzeko herritarrentzako onuragarrienak diren politikak, gaur egungo marko politikoak —Espainiako eta Frantziako estatuekiko menpekotasunak— erabakitzeko ahalmena mugatzen dielako. Egitura politiko bakarrak berma dezake aukera hori, Ehunen esanetan: euskal errepublikak.
Ehun mugimenduak martxoan jakinarazi zuen desegin egingo zela, baina herritarrak animatu ditu ekimena har dezaten eta haien herrietan mozioa aurkez dezaten.