Hernanin, lanak pilatu eta zorrak kitatu

Hernanin itzalaldiak 21:00ak arte iraun zuen. Horiek horrela, enpresa eta denda askok ezin izan zuten beren jarduna aurrera eraman. Itzalaldiaren ostean, ohiko martxara itzultzen ari dira bizilagunak.

Hernaniko azpiestazio elektrikoa, gaur. BERRIA
Hernaniko azpiestazio elektrikoa, gaur. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
Hernani
2025eko apirilaren 29a
15:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Ordularian 12:30ak jotzear zirela amatatu zen Euskal Herria. Zenbait eskualdetan, azkar konpondu zuten arazoa, eta argindarra minutu gutxiren buruan berrezarri zen, Ipar Euskal Herrian gehienbat. Beste leku batzuetan, ordubete inguruko tartea behar izan zen. Baina Euskal Herriko zenbait txokotan ia bederatzi ordu iraun zuen itzalaldiak: esaterako, Hernanin. Hain zuzen, Hernanin azpiestazio elektriko bat dago, eta horrexegatik berrezarri zuten argindarra hain berandu herrian. Izan ere, azpiestazio hori izan zen itzalaldiaren ostean argindarra berreskuratu zuen aurrenekoa, eta Euskal Herriko beste eskualde batzuk hornitzen hasi zen, herriari berari zerbitzua eman aurretik. Horiek horrela, atzoko galerak zenbatekoak izan ziren aztertzen eta makinak martxan jartzen aritu dira gaur han, hau da, atzoko jarduna eta gaurkoa egun bakarrean pilatu zaizkie.

Goizean goizetik hasi dira Hernaniko industrialdeko langileak bertaratzen, eta hala enpresetan nola lantegietan nabaria izan da jendearen joan-etorria. Ez dirudi hamabi ordu baino gutxiago igaro direnik argindarra berreskuratu zutenetik. Enpresetako eta dendetako ateak eta pertsianak irekita daude. Batzuk itxita daude oraindik, baina, gerturatuz gero, azkar ikusten da barruan badagoela jendea, eta langileak jardunean ari direla. Atzoko itzalaldiaren sintoma da hori. Izan ere, garaje eta lantegi askotako pertsianak ezin izan dituzte ireki, sistema elektrikoa blokeatuta geratu baitzaie. Horixe gertatu zaie, besteak beste, Akarregi industrialdeko sarreran dagoen Neumaticos Uria garajean.

Lantegi horretan dabil Monica Uria lanean, ordenagailuaren aurrean mezuei erantzuten eta deiak jasotzen. Azaldu duenez, atzo argindarra joan zenean ia osorik eten behar izan zuten jarduna: «Argindarrik gabe, ezinezkoa da gure lana egitea». Izan ere, garajean autoak konpontzeko erabiltzen dituzten makinek sarera konektatuta egon behar dute nahitaez. Hala ere, Uriak uste du jendeak «egoera ulertuko» duela, eta autoen entregak atzeratuta ere ez dutela «arazo handirik» izango.

Atzoko eta gaurko lanak uztartzen ari diren bitartean, gizon bat sartu da: «Ikusten dudanez, arazoak dituzue, ez? Nik autoa 10:00etan hartu behar nuen: prest dago?».

«Oso jende gutxik ordaindu zezakeen eskudirutan. Gaur egun, kafe bat ordaintzeko ere txartela erabiltzen dugu, eta, noski, atzo ezinezkoa zen» 

JOXEMARI RENGELOlaeta jatetxeko jabea

Errepidea gurutzatuta, txanponaren beste aldea ikusgai. Hernani ia osoan 21:00ak inguru arte argindarrik gabe egon baziren ere, txoko gutxi batzuetan ordubeteren buruan amaitu zen itzalaldia. Aparteko kasu bat izan zen Olaeta jatetxearena, eta haren jabe Joxemari Rengelek ondo daki hori: «Zorte kontua izan da, besterik gabe».

Izan zoriagatik, izan argindarra beste instalazio elektriko batetik jasotzeagatik, Rengelen jatetxean ez zitzaien janaria alferrik galdu. Are gehiago, atzo «normalean baino lan gehiago» izan zutela dio, gaur atzoko kutxa itxi ostean —Internetik ez zutenez, datafonoan ezin izan zituzten apuntatu eguneko irabaziak—. «Bazkariak oraindik bero genituen argia joan zenean, eta gero, itzuli bezain laster, bazkariak ematen jarraitu genuen. Inguruko langile asko etorri ziren jatetxera».

Elkarri laguntzen

Atzokoaz galdetuta, zerbait bereziki deigarria gertatu zitzaion Rengeli: jendeak zer ohitura dituen gaur egun diruarekin. «Oso jende gutxik ordaindu zezakeen eskudirutan. Gaur egun, kafe bat ordaintzeko ere txartela erabiltzen dugu, eta, noski, atzo ezinezkoa zen». Izan ere, kafe makina martxan jarri eta ebakiak egiteko adina argindar bazuen ere, seinalea ez zen heldu gauera arte. Hortaz, datafonoa ez zebilen. «Atzo industrialdeko langileak etorri ziren gehienbat, eta, ezagunak direnez, aste honetan ordaintzeko esan nien», azaldu du Rengelek.

Datafonorik gabe eta argindarrik gabe, supermerkatuek ateak itxi zituzten. Beraz, herritarrek denda txikietara jo zuten; Beatriz Guadalupe Ulcuangoren Tarabata fruta dendara, adibidez. Ulcuangoren iritziz, argindarra joan osteko lehen orduetan «kaosa» izan zen nagusi herrian, baina, gero, egoera baretuz joan zen, jendeak elkarri lagundu ahala: «Nik 14:00etan itxi nuen denda, argirik gabe lan egitea zaila baita, baina, 19:00etan, itzuli nintzenean, jendeak eskatu zidan denda ireki nezala, askok ez baitzuten ezer ez afaltzeko ezta biharamunean bazkaltzeko ere».

21:00ak arte aritu zen lanean, eta izozkailuan zituen hainbat jaki zakarrontzira bota behar izan zituen, nahiz eta «asko» ez izan: «Fruta dendetan produktuak egunez egun berritzen ditugu; beraz, ez dut arazo handirik izan».

Internetik ez izatea ez zen arazo izan dendariarentzat: «Prezioak buruan ditut, eta koaderno batean idatzi nuen zer saldu nuen eta zenbat zor zidaten eskudirurik ez zutenek». Rengelek eta Tarabatak legez, Hernaniko beste hainbat dendarik ere aukera eman zieten bizilagunei produktuak ordaindu gabe eramateko, eta bezeroak gaur goizean joan dira zorrak kitatzera.

Arratsalde osoan estaldura egonkorrik ez izateak harrabotsa eragin zuen herritarren artean, eta ez soilik txartelarekin ordaindu ezinik zeudelako, gailu elektronikoen bidez komunikatu ezinean ari zirelako ere bai. Horiek horrela, zenbait bizilagunek Kale Nagusian dagoen Movistar dendara jo zuten, egoeraren berri izateko.

Han ari zen lanean Jose Escribano itzalaldia hasi zenean. Internet «nahitaezkoa» duen arren lan egiteko, denda geratu zen «ahal zuen heinean» bizilagunei laguntzeko: «Ez genuen sarerik, baina jendeak zalantzak izatea ulertzekoa da oso. Saiatu nintzen azaltzen zerbait orokorra zela, ez haien arazo bat edo gurea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.