Madrilgo «zirku» politikotik aldenduta, Eusko Legebiltzarrean «beste modu bat» dago politika egiteko, Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen bozeramaileak nabarmendu duenez. Lehen urtea pasatu den honetan, legealdiaren balantze baikorra egin du, eta Imanol Pradales buru duen Eusko Jaurlaritzaren jardun «emankorra» goretsi, akordio garrantzitsuak lortu direlako, besteak beste osasungintzan, etxebizitzaren arloan, segurtasunean eta industrian. Bada, akordio horiek oztopatu nahi izatea egotzi dio EH Bilduri: «Ez da herri akordioek eskatzen duten maila ematen ari».
Diez Antxustegik azpimarratu du «modu bateratuan» erantzun behar zaiela herritarren arazo nagusiei, baina iritzi dio oposizioko lehen indarrak ez duela halako jarrerarik izan. «Erosoagoa zaie kexa, konponbidea baino», salatu du. Are gehiago, esan du Eusko Legebiltzarrean eta Madrilgo Kongresuan onartutako etxebizitza legeak direla etxebizitzaren arazoaren eragileetako bat, zeinak EH Bilduren aldeko botoarekin eta EAJren aurkakoarekin onartu ziren. «EH Bilduk ez dio egonkortasunik emango herri honi».
Gobernu bazkidearekin, berriz, harremanak onak direla esan du, desadostasunak izan arren. Diez Antxustegik azpimarratu du PSE-EErekin batera osatutako gobernu koalizioak egonkortasuna duela, eta ongi funtzionatzen duela. Jaurlaritza herritarren kezka nagusiekin bat datorrela nabarmendu du, eta haiei erantzutea duela erronka hurrengo hiru urteetan. «Argi dugu orain artekoa ez dela nahikoa; lanean jarraitu behar dugu».
Jeltzaleen bozeramaileak ez du uste Madrilgo giro nahasiak eraginik izango duenik legebiltzarreko gehiengoan. Izan ere, zehaztu du komunikazio bide gehiago badituztela jeltzaleek eta sozialistek, Santos Cerdanez harago. Ustelkeria kasuei dagokienez, ohartarazi du azalpen gehiago eskatuko dizkiotela Pedro Sanchezi. Espainiako Gobernuak hartuta dauzkan konpromisoak betetzeko ere exijituko dio Pradalesek datorren astearteko bileran.
Edonola ere, jeltzaleen bozeramaileak adierazi du bazkide dituen guztiez fio dela, hala PSOEz nola Geroa Bai koalizioa osatzen dutenez. PPri buruz galdetuta, ostera, adierazi du Madrilgo diskurtsoak Euskal Herrian erabiltzen jarraitzen badu ez diela «boto emaile bakar bat ere kenduko». Liskar, intsultu eta eraso giro horretatik aldentzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela azpimarratu du Diez Antxustegik.