«Sekta ultrakatoliko eta faxista hau gure herrietan ez dugula nahi erakutsi behar dugu. Faxistak eroso ez sentitzeko presio egiten jarraitu behar dugu, ongi etorriak ez direla argi eta garbi ikus dezaten». Irmo mintzatu dira Herri Antifaxistak plataformako kideak; adierazi dute Deierri, Gesalatz eta Abartzuza (Nafarroa) udalerrietan sekta ultrakatoliko bat hedatzen ari dela, eta horren aitzinean mobilizaziora deitu dute, azaroaren 22rako. Aritzala eta Abartzuza lotuko ditu manifestazioak, eta 11:00etan abiatuko da.
Plataformak esplikatu duenez, Maestro Avila fundazioa «sekta ultrakatoliko faxista» da, eta lotura estua du Fuerza Nueva edo Vox alderdi ultraeskuindarrarekin. Bada, talde hori Estellerriko eraikinak erosten hasi da: iragan otsailean, erraterako, Abartzuzako Anderatz eskola eta inguruko lurrak erosi zizkion Abartzuzako Udalari. Plataformaren irudiko, udalak «huts larria» egin du, eta oraindik ere egiten ari da, ez duelako adierazpen publikorik egin gertatzen denari buruz.
Sekta ultrakatolikoak hamar urte baino gehiago darama bailaran, eta orain arte ez du atentzio handirik eman, plataformak erran duenez. Baina dagoeneko 150 lagun inguru bildu dituzte, eta zabaltzen jarraitzen dute: «Ez dakigu zer egin nahi duten, baina ziurrenik eskola bat irekiko dute haien seme-alabek gainerakoekin harremanik ez izateko, eta haiekin praktikan jartzen duten ideologia faxista lantzeko».