Herri Bidea aurkeztu dute, Ipar Euskal Herriko abertzaleen bide orria

Uztaritzen antolatu duten Aberri Egunarekin bukatutzat eman dute Bagira prozesua.

Dokumentuaren aurkezpena, gaur, Uztaritzen (Lapurdi).
Dokumentuaren aurkezpena, gaur, Uztaritzen (Lapurdi).
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko martxoaren 31
14:00
Entzun

Uztaritzen (Lapurdi) antolatu duten Aberri Egunaren harira, Herri Bidea dokumentua aurkeztu dute, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bide orri berritua. «Ez da jendarte proiektu bat, ez da programa politiko bat, ezta mugimendu abertzalearen aldarrikapen guzien dekalogoa ere», zehaztu dute. Mugimendu gisa ekiteko eta ondoko hamarkadan «aitzinatzen segitzeko» aukera ematen duen «iparrorratza» da. Dokumentua aurkeztearekin batera, bukaera eman diote kasik bi urte iraun duen gogoeta prozesuari.

Nazioarteko eta Euskal Herriko egoera aztertu dute dokumentuan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Bagira-ren iritziz borroka abertzalea «ez da gehiago bazterrekoa», baina ez da oraino gehiengo egoeran. «Ez du gehiago etsaitasun orokorturik pairatzen, baina ez du herritar gehienen babesa biltzen ere. Azken horiek Frantziako zentro-eskuinarekin lerrokatzen segitzen dute nagusiki».

Hala ere, baieztatu dute Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzaleak «ezkerraren gidaritza» hartu duela. «Daraman jendarte proiektuari esker, bere aldarrikapenei eta besta giroko praktikei zein herri problematikekiko duen loturari esker, protagonista nagusi bilakatua da. Haren proiektu integralak jendartearen eta publikoaren sektore berriak erakartzen ditu, frantses indar progresisten baitan engaiatzeko interesik gehiago ikusten ez dutenena, hain zuzen».

Hiru puntutan definitu dute hurrengo hamarkadan izanen duten «ardura historikoa». Batetik, lurralde osoan lidergo sozial eta politikoa hartzeko prestatzea; bestetik, indar progresistekin batera, gehiengoa duten herri blokeak eraikitzeko egitasmoak sortzea; azkenik, Frantziako Estatuaren parean indar harreman bat sortzea, «beharrezko instituzioa lortzeko xedearekin, euskal jendarte askea, euskalduna, berdinzalea, ekologista, feminista, aurrerakoia eta demokratikoa ekarriko duena».

Estrategiak eta praktikak

Abertzaletasunaren oinarri historikoak aldarrikatzeaz gain, ekosozialismoa, feminismoa eta elkartasun inklusiboa ere bere egin ditu Bagira prozesuak ondu duen dokumentuak. «Mugimendu Abertzalearen helburua ez da dagoena kudeatzea, eraldatzea baizik. Ezkerreko abertzaletasuna ekintzailetza eraldatzailea da», adierazi dute, eta instituzioetan eta botereguneetan parte hartzeko beharra ere aipatu dute.

Hamarkadako helburu nagusiak ere finkatu dituzte; horietan lehena, urrats instituzional berria egitea. Horrez gain, euskalduntze prozesuan jauzi bat ematea aldarrikatu dute. Ondotik datoz etxebizitza, klima eta bioaniztasuna, politika sozialak, eta laborantza herrikoia eta lurren defentsa. Udaberrian egin zuten inkestan agertu zen zein ziren mugimendu abertzaleko militanteek finkatzen zituzten lehentasunak.

Estrategiari dagokionez, Herri Bidea bide orriak zehazten du borroka armatua «inork» ez duela hartzen Euskal Herriaren burujabetza irabazteko modua emango lukeen estrategiatzat. Horrez gain, baieztatu dute Kataluniaren adibideak ere erakusten duela «alde bakarreko haustura demokratikoaren bidea krisian dagoela».

Bere xedeak lortzeko bidean, borroka abertzaleak «progresiboki» aitzinatu behar duela uste dute. «Prozesu iraunkor eta etengabekoa da, ofentsibak antolatzera eta aukera taktikoak zein azeleratze historikoak baliatzera behartzen duena, aldi berean egiturazko indar harremana elikatuz, garaipen zehatzak lortuz eta jarrera abertzaleen aitzinatzearekin segituz».

Halaber aipatu dituzte gehiengo sozial eta politikoen eraikitzeko beharra, oposizio, proposamen eta eraikuntza logikak uztartzea, nazio ikuspegia indartzea eta Euskal Herritik kanpoko indarrekin lan egitea.

Eraginkortasuna eta inklusibitatea

Mugimendu Abertzaleak bere «eraginkortasuna eta inklusibitatea» hobetu behar dituela ondorioztatu du Bagira prozesuak. «Engaiamendu ereduen aldaketei egokitu behar da militanteen denbora eta energia zainduz. Horretarako, bere gaitasunak hobetu behar ditu, garaipen zehatzak lortu eta bere kultura militantea aldatu, metodikoagoa, zorrotzagoa eta eraginkorragoa izan dadin». Alternatiba konkretuen eraikitzea, mobilizazioak, ekintza instituzionala eta borroka ideologiko eta kulturalak izanen dituzte ardatz.

Azkenik, helburutzat eman dituzte mugimendu abertzalearen eraldaketa feminista gauzatzea, gazteria antolatzea, herri mugimenduaren eta instituzioen arteko artikulazioa bultzatzea eta osagarritasuna lantzea, eta borroka sektorialen aniztasuna eta autonomia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.