Milaka lagun bildu dira gaur Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean Gure Esku-k Bilbon antolatutako manifestazioa. Casillatik abiatu da martxan, 17:30ean, goizeko ekitaldiei segida emanez, eta ia bi ordu geroago iritsi da udaletxeraino.
Ikurrinez eta Nafarroako banderez josi dute Autonomia kalea, deitzaileen deiari erantzunez. Zanpantzarrek eta eta adarrak jotzen ireki dute bidea eta haien atzetik ikurrina erraldoi bat, Euskal Herriak erabaki leloarekin. Jarraian, pankarta nagusia. Hari eusten, Xabier Euzkitze telebista aurkezlea, Izortze San Martin EHUko irakaslea, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakaria, Ane Elordui Korrikako koordinatzailea, Kike Amonarriz soziolinguista eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa, besteak beste.
Udaletxera iritsi aurretik, Zabalburu plazan, ikurrinak altxatzeko deia egin dute deitzaileek, eta, besteak beste, independentziaren aldeko oihuak entzun dira. Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak eskerrak eman dizkie han bildutakoei eta nabarmendu du ezberdin pentsatzen duten milaka herritar batu direla. «Esanetatik ekintzetara pasatzeko» garaia dela esan du, eta gaurko mobilizazioarekin mugimenduak «sekulako bultzada» jaso duela.
Manifestazioaren amaieran ideia bera azpimarratu du Etxaburuk. Euskal Herriak «une historikoa» bizi duela gaineratu du, eta erabaki ahalmenean aurrera egiteko unea dela. «Anbizioa» eskatu du prozesu horretarako. «Eztabaidak, proposamenak, akordioak eta erabakiak plazara ekarri behar dira orain».
«Ekin diezaiogun itxaropenez, anbizioz, eta elkarrekin. Milaka lagun gaude bultzatzeko eta parte hartzeko prest»
JOSU ETXABURUGure Esku-ko bozeramailea
Nazioarteko testuingurua ere izan du mintzagai. Aipatu du «haize atzerakoiek demokrazien» aurka ari direla, eta eskubide zibil, politiko eta sozialei eraso egiten dietela. Palestinako egoera ere salatu du.
Babes zabala
Euskalgintzako, kulturgintzako, hainbat gizarte mugimenduko eta sindikatuko, eta alderdi ugaritako ordezkaritzek bat egin dute deialdiarekin; batzuk zuzenean babestu dute mobilizazioa —besteak beste, EH Bilduk, Ernaik, gehiengo sindikalak, Bilgune Feministak eta pentsiodunen mugimenduak— eta beste batzuk beren militanteak parte hartzera gonbidatu dituzte —EAJk, EGIk eta Ahal Dugu-k, adibidez—.
Milaka lagun elkartu gara @Gure_esku -k deituta Bilbon Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde, Herri Libre bat izan nahi dugulako.#HerriLibreBat#EuskalHerriakErabakipic.twitter.com/zQ2QLDAtPT
— Kike Amonarriz (@KikeAmonarriz) June 7, 2025
Erakundeetako ordezkariak pankartaren atzean kokatu dira. Han zeuden, besteak beste, Markel Olano EAJko legebiltzarkidea, EH Bilduko Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena eta Maddalen Iriarte, eta Ahal Dugu-tik Richar Vaquero koordinatzaile nagusia eta Maite Gartzia koodinatzaile nagusiaren albokoa. EHUko errektore izandako Iñaki Goirizelaia ere han zen.

Gaurko mobilizazioarekin Euskal Herriaren aitortzaren eta burujabetzaren bidean «jauzi bat» egiteko abagunea ezin egokiagoa dela erakutsi nahi dute deitzaileek.
Manifestazioren aurretik Gure Esku-koek gogoratu zuten moduan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren erakundetzean jauzi bat egiteko antolatzen ari dira; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berriari buruzko alderdien arteko elkarrizketak aurreratuta daude, beste jauzi bat emateko; eta Nafarroako Parlamentuan foru hobekuntzaren lantaldea itunak biltzen dituen eskumen sorta berrikusten ari da, haiek berritu ostean jauzi bat egiteko.
Uste dute eremu batean egin litekeen jauziak albokoan eragin dezakeela, eta hori guztia ahalbidetzeko herritarren bultzada ezinbestekoa dela. «Herri honetan ezer ez da lortu herri aktibaziorik gabe», gogorarazi du Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk.
Egun osoko egitaraua
Manifestazioa izan da gaurko mobilizazio nagusia, baina ez bakarra. 10:30erako hasi dira Bilboko kaleak girotzen, hainbat eremutan. Santiago Plazan, Harri Kamishibai ipuin kontalaria izan da. Ondoren, Porrotx, Marimotots eta Zapotxin aritu dira eta Ondalan erraldoiekin kalejira bat egin dute gero. Eta bazkaldu aurretik, bertso saioa izan da, Aissa Intxausti, Alaia Martin, Aner Peritz, Ekhiñe Zapiain, Irantzu Idoate eta Nerea Ibarzabalekin.
Horrez gain, Plaza berrian, euskal ardi moztaileen elkartearen ikuskizuna eta herri kirolak izan dira. Eta Euskal Herriko Casteller taldea eta Colla Castellera Sagals D'osonakoak aritu dira. Eguerdi osoan txistulariek, albokariek, joaldunek eta trikitilariek girotu dituzte Zazpi Kaleak Bazkalostean, manifestazioren abiapuntura ehunka lagun joan dira batera, Walo BD danborjoleekin batera
Manifestazioaren ondoren erromeria batekin jarraitu dute Bira-n, eta Bilbo Kantari aterako da Bolsa auzo etxetik, 20:00etan.