Turisten eremua izaten dira, normalean, Bilboko Zazpikaleak zapatu goizetan. Gaurkoan, baina, oso bestelako itxura du auzoak. Gure Esku-k antolatutako mobilizazioaren aurreko giroa berotzeko, hainbat ekitaldi atondu dituzte, eta hori nabaritzen da kalean. Jendea badabil hara-hona; turistak eta bisitariak dira haietako asko, baina soinean Gure Esku-ren elastikoa daramaten herritarrak ere ez dira gutxi.
Umeentzako esparru bilakatu dute Done Jakue plaza, eta, Harri Kamishibai ipuin kontalaria agertokitik ari da Marijaiaren kapelaren abenturak kontatzen. Haize bolada batek kapela eraman omen dio Marijaiari, eta hor ibili da kapela, mundu osoan zehar bidaiatzen, igelekin, untxiekin, kirikinoekin eta bestelako animaliekin. «Zer egiten dute igelek?», galdetu du ipuin kontalariak. «Jan!», erantzun dio oihuka haur batek, umeek izaten duten logika eztabaidaezinez.
Aldamenean, Gure Esku-ko boluntarioak dabiltza, elastikoak, poltsak eta bestelako materiala saltzen. Turista bikote bat salmahaira hurbildu da, eta ospakizunaren zergatiaz galdetu dute. Gure Esku-ko neska batek azalpenak eman dizkie Euskal Herriaren nazio izaeraz, hizkuntzaz, erabakitzeko eskubideaz eta abarrez. Bisitariek baietz egin dute buruarekin: Kornualles eskualdetik datoz, eta, Ingalaterrako administraziopean dauden arren, hango herritarrak harro daude zelta jatorriko euren kulturaz eta hizkuntzaz. Badirudi neskaren azalpenak ontzat eman dituztela, emakumeak Euskal Herriko armarria duen elastiko bat erosi baitu.
Plaza Barrian, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko kideak erakustaldia egiten ari dira. Aurkezleak azaldu duenez, elkarteak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako moztaileak biltzen ditu, haren jarduerak ofizialtasuna lortu du duela gutxi, eta horrek aukera ematen die mundu osoko beste nazio batzuetako moztaileekin lehiatzeko. Duela gutxi Irlandan izan dira, lehiaketa ofizial batean Euskal Herria ordezkatzen. Jasoka herri kirol taldekoak ere indar erakustaldi aparta egin dute txingekin eta harriekin, eta han bildutako turistak aho bete hortz utzi dituzte.
Plaza Barriko terraza batean, hamaiketako egiten ari dira Sagals d’Osona casteller taldeko zenbait kide. Laster, giza dorrea osatu beharko dute, eta komeni da aldez aurretik indarrak berritzea. Ana Maria Busquets elkarteko kideak azaldu duenez, 90 lagun inguru etorri dira Kataluniatik Euskal Herrira, herri libre baten ospakizunean parte hartzera: «Badakigu gure bi herriak elkarrengandik oso gertu daudela, eta oso pozik gaude hemen egoteaz».
Kaleak, jendez lepo
Apurka-apurka, kaleak jendez bete dira, eta Done Jakue plazan ikusleak sartu ezinik ibili dira Porrotx, Marimotots eta Zapotxin agertu direnean. Plaza osoa dantzan, kantuz eta irribarrez jarri dute pailazoek. Haien jarduna ez da amaitu emanaldia bukatutakoan: amaitu ostean ere denbora luzea eman dute Porrotxek eta Marimototsek umeekin eta hain ume ez zirenekin argazkiak ateratzen, pazientzia handiz. Erraldoiak agertu direnean, lanak izan dituzte jendez lepo zegoen plazan leku egin eta zilipurdika aritzeko.
Done Jakue plazara ez ezik, inguruko kaleetara ere hedatu da festa. Barrenkale kaletik perkusio talde baten danbor hotsak iristen ziren; Zamudioko Ataria plazan taloa partitzen ari ziren; handik gertu, euren materiala salgai zuten EHEk, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, Periko Solabarria kultur elkarteak eta beste talde batzuek; eta Unamuno plazan, berriz, jendea dantzan ari zen txistularien doinuak lagun.
Done Jakue plazan giroa apur bat baretu denean, bertso emanaldiari ekin diote Aissa Intxausti, Ekhiñe Zapiain, Alaia Martin, Irantzu Idoate, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal bertsolariek.
Ofizioka lanean jarri aurretik, Gure Esku-k arratsaldean egingo duen mobilizazioaren aldarriari erreparatzeko eskatu die aurkezleak bertsolariei, eta gai ugari aletu dituzte emanaldian: herriaren aktibazioaren beharra, erabakitzeko eskubidearen askotariko ertzak, herri libre bat «norekin eta norentzat» eraiki behar ote den eta antzeko gogoetak. Hausnarketa sorta Ibarzabalek laburbildu du bertso batean: «Dena besteek pentsatzen dute/ geuk pentsatzen ez badugu».