Herri Unibertsitateak eginen dituzte bihartik aitzinera Euskal Herriko zenbait campusetan

Hiru egunez hamaika gaiez eta auziz ikasteko aukera izanen dute ikasleek: bertzeak bertze, nazioarteko gatazkak, prostituzioari buruzko eztabaida edo osasungintzako arrazakeria.

Herri Unibertsitatea eginen dute aste honetan Euskal Herriko zazpi campusetan. HERRI UNIBERTSITATEA
Herri Unibertsitatea eginen dute aste honetan Euskal Herriko zazpi campusetan. HERRI UNIBERTSITATEA
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 20a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leioako Hezkuntza Fakultatea okupatu eta solasaldiak, eskolak eta tailerrak antolatu dituzte ikasleek; asmoa zera dute: aldarrikatzen duten hezkuntza eredua praktikara eramatea. 2014an antolatu zuten ikasleek lehenbizikoz Herri Unibertsitatea, unibertsitate eredua zalantzan jarri eta ikasleen beharrak erdigunera eramanez. Eta aurten ere berriz eginen dute: bihartik ortzegunera bitarte, Euskal Herriko zenbait campusetan. «Munduan gertatzen ari denaren inguruan hausnartzeko eta hamaika aisialdi eskaintzatan parte hartzeko aukera paregabea izango da», erran dute antolatzaileek. Horretarako, hamaika gai izanen dituzte hizpide: nazioarteko egoera politikoa, energia krisia, prostituzioari buruzko eztabaida eta osasungintzako arrazakeria. 

Saioetara joateko, bi bonu daude eskuragarri. Hamabortz euro ordainduz gero, hiru egunetan eginen diren otordu guztietara eta kontzertuetara joateko aukera izanen dute ikasleek; zazpi euroren truke, berriz, azken eguneko campus osoko bazkarira eta kontzertuetara joan ahalko da. Egitarau horrekin «unibertsitateko bizitza soziala berreskuratu» nahi dute ikasleek, Uxue Lopez ikasleak erran duenez: «Azken urteetan, bizitza soziala galtzen ari gara unibertsitatean; kontrara, ikasleok gure artean unibertsitate eremuetan sozializatzea bultzatu nahi dugu Herri Unibertsitateen bidez». 

«Azken urteetan, bizitza soziala galtzen ari gara unibertsitatean; kontrara, ikasleok gure artean unibertsitate eremuetan sozializatzea bultzatu nahi dugu Herri Unibertsitateen bidez»

UXUE LOPEZ Ikaslea

Antolatzaileek kontatu dutenez, nazioarteko egoera geopolitikoaren eta sozialaren inguruan mintzatzeko solasaldiak eta mahai inguruak prestatu dituzte. «Izan ere, AEBek azken hilabeteetan Venezuelaren, Kubaren eta Iranen aurka eginiko eraso inperialistek nazioarteko egoera guztiz irauli dute, egun mendebaldeko herrialdeek bizi duten krisi testuinguruak eraginda», adierazi dute. Hala, Leyner Ortizek eta Arantxa Tiradok solasaldia eginen dute etzi Leioan: «Inperialismoak Latinoamerikan duen presentzia aztertuko dute, Kubaren eta Venezuelaren adibideekin». Iruñeko Arrosadia campusean, berriz, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideak izanen dira ortzegun arratsaldean, «inperialismo yankiaren benetako interesak» aztertu eta AEBek eraso egindako herrialdeek erasoei aurre egiteko dituzten baldintzez mintzatzeko. 

Nazioarteko gaiekin segituz, Gasteizko campusean Ander Sierra eta Alejandro Lopez egonen dira ortzegunean, Descifrando la guerra hedabideko kideak. Eta Bilboko campusean, berriz, energia krisiaz ikasteko aukera izanen dute bihar, Antonio Turiel fisikari eta matematikariaren solasaldian. 

Nazioarteko gatazkek ez ezik, Euskal Herrikoek ere lekurik izanen dute egitarauan. Gasteizen, erraterako, solasaldia eginen dute bihar Joseba Sarrionandiak eta Bernardo Atxagak. Etzi goizean, berriz, kafe tertulia izanen dute: «1976ko martxoaren 3ko greba egunean bost langile erail zituztenetik 50 urte bete diren honetan, borroka egun haietan murgilduta aritu ziren bi lagunek, Amparo Lasherasek eta Arturo Val del Olmok, memoria egingo dute, hilabeteak iraun zuen borroka ziklo horren inguruko irakaspenak ateratzeko». Eta, ondoren, Imanol Satrustegi historialariak Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren historia xehatuko du, «iraganeko esperientzietatik gaur egungo borrokan atera daitezkeen irakaspenak aztertuz».

Leioan, berriz, gaur egun erreakzioak Euskal Herrian hartzen dituen formak aztertuko ditu Karla Pisano Mugimendu Sozialistako militanteak. Ortzegunean eginen du solasaldia, 11:30ean.

Eguneroko gaiak

Nazioarteko eta Euskal Herriko auzi politikoez harago, eguneroko errealitatea zeharkatzen duten bertze hamaika gai izanen dituzte hizpide Herri Unibertsitateetan. Ibaetan, erraterako, prostituzioaz mintzatuko dira bihar Irene Ruiz eta Maitane Urkola Itaiako kideak. Eta Gasteizko campusean osasun mentalak tarterik izanen du, Maider Bengoetxea, Xabier Bengoetxea eta Maite Kanpo adituen eskutik.

Leioan, berriz, bi solasaldi izanen dituzte bihar goizean: batetik, osasun arloko arrazakeria instituzionalaz eta segregazioaz mintzatuko da Maria Fuentes, eta, bertzetik, boteretsuen kontrako kazetaritza independentea izanen du hizpide Ahoztar Zelaietak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA