Herrian Bizi-k bigarren etxebizitza berri oro seinalatzera deitu ditu herritarrak

Bigarren etxebizitzen kontrako kanpaina abiatu du Herrian Bizi plataformak. Herritarrei dei egin die egitasmo berri oro ezagutaraztera, salatzeko. Hautetsiei eskatu die neurri zorrotzagoak hartzeko hirigintza plangintzetan.

Herria Bizi plataformaren prentsaurrekoa
Herrian Bizi plataformako kideak, astearte goiz honetan, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan egin agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
Donibane Lohizune
2024ko otsailaren 13a
13:15
Entzun

Herrian Bizi plataformak herritarrak deitu ditu bigarren etxebizitza berrien kontra mobilizatzera, bakoitzak bere herrian halako egitasmo oro seinala dezan. Bilkura publiko bat iragarri du, Uztaritzen (Lapurdi), otsailaren 21ean. Hautetsiei, arauak aldatzeko zazpi gako* ere zehaztu dizkie. Batzuk Euskal Hirigune Elkargoak bidera ditzake hirigintza plangintzetan; besteak diputatuek eraman ditzakete Frantziako Asanblean, lege batzuk aldatuz. Stop Aski! Gakoak herriari kanpaina berri hori gaur ezagutarazi du, Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan.

Joan den urteko apirilaren 1ean 3.000 lagun bildu zituen manifestaldiaren karietara, Herrian Bizi plataformak dei bat zabaldu zuen bigarren etxebizitza gehiagorik ez zedin egin Ipar Euskal Herrian. Dei hori oroitarazi du Nikolas Blain plataforma kideak: «Ultimatum moduan, mezu bat bidali genien bigarren etxebizitzak eraiki edo erosi nahi zituzten pertsonei, ez genuela gehiago bigarren etxebizitza berririk onartuko lurraldean». Joan den abenduaren 31n berretsi zuen deia. Gaur, herritarrei dei egin diete ikusten duten bigarren etxebizitza berri oro «seinalatzera», plataformak gero publikoki salatzeko.

Nork bere herrian «zer proiektu baden edo zer salmenta» egiten ari den barrandatzea galdegin du plataformak. Herritar barrandari bakoitzak bete dezakeen formulario bat ezarri dute horretarako, Herrianbizi.com atarian —telefono zenbaki bat ere eman dute: 0768 88-24-03—. Formularioan «argazki, helbide eta bildu xehetasun guziak» sartzen ahal dituzte herritarrek. Plataformak berak, gibeletik, aztertuko ditu seinalatze horiek ikusteko, egiazkoak direnetz. Hala badira, «salatuko» ditu. Ondotik, «egoera ez bada zinez konpontzen, prest gara ekintzetara pasatzeko», gehitu du Blainek.

Hirigintza arauak

Herritarrei ez ezik, etxegintzako eragileei ere zuzentzekoa zaie Herrian Bizi. «Notarioei, promotoreei, higiezin agentziei, saltzaile eta erosleei, eta hautetsiei ere bai, interpelazio bat eginen diegu». Hautetsiei buruz, hirigintza araudietan bidera ditzaketen zazpi gako edo neurri zehaztu ditu plataformak. Batzuk Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek berek har ditzakete; besteak, berriz, Frantziako Asanblearen esku liratekeen lege aldaketak dira. Oro har, hemendik udara presio egiteko baliatu nahi du kanpaina Herrian Bizi-k. «Pasarazi nahi dugun mezua da bigarren etxebizitzen jabeek uda txar bat pasatu dezaketela ez bada afera anartean konpontzen», adierazi du Blainek.

Euskal Elkargoko hautetsiak ari dira beren hiriko hirigintza planen egiten eta herriarteko hirigintza plan berriez gogoetatzen. Bigarren etxebizitzen mugatzeko bidea ikusi du horietan Herrian Bizi-k. «Badira neurri zenbait konkretuki sartzen ahal direnak hirigintza plan edo SCOT lurralde koherentziarako eskema berriko norabide dokumentuetan». Ikusi beharko da hautetsiek nola jokatuko duten, ezen duela bi urte eta erdi, elkargoko batzar orokorrean, gehiengo handiz Tokiko Bizitegien Programaren alde bozkatu zuten —alde: 145; kontra: 7; abstenitu: 42—. Programa horrek, 2026ra arte, bigarren etxebizitzak ehunka egitea baimentzen du Ipar Euskal Herrian. Blainek uste du programa hori norabide bat baizik ez dela: «Dokumentu horiek eginak dira aldatuak izateko, eta biziraupen bat badute. Ez dut uste hautetsiek hankaz gora ezarriko dutenik».

Blainek aitortu du gauzak ez doazela Herrian Bizi-k nahi lukeen bidetik, momentuko. «Herrian Bizi-k [Bizitegien Tokiko] Pograma horren bilan batzorde batean parte hartu du, eta gauza batzuk alde onera joan dira; beste batzuk, aldiz, arrunt alde txarrera lerratu dira». Horregatik, neurri berriak eskatzen dizkie hautetsiei. «Momentua da ikusteko duela bi urteko edukiak balio duen eta, bereziki, tentsiopean diren eremuetan orientazio berrien bozkatzeko tenorea denetz».

Legea aldatu beharra

Parlamentariei bigarren etxebizitzen gaineko zerga gogortzeko eskatu diete. «Uste dugu bigarren etxebizitzen jabeek behar dutela bote komunean diru gehiago ezarri, tokiko biztanleentzat etxebizitza sozialen sortzeko». Artetik errateko, Herrian Bizi-k segituko du zer bilakaera izanen duen Iñaki Etxaniz (Alderdi Sozialista) eta Annaig Le Meur (Rennaissance) diputatuen legeak, Parisko legebiltzarrean urtarril bukaeran onartu zenak. Airbnb-ren gisako bizitegi turistikoen zerga emendatzea aurreikusten du legeak, besteak beste. Bizkitartean, senatutik iragatekoa da testua, jakinik Asanbleako lehen irakurketan kontra bozkatu zuela Senatuan gehiengoa duen eskuinak.

Legea aldatzea beharrezkoa duten beste neurrientzat, Herrian Bizi-k uste du gehiengoak lortu daitezkeela Frantziako Asanblean. «Beste hainbat lurraldetan, gisa bereko arazoak badira, bereziki Frantziako itsasaldeetan. Beraz, gure iduriko, gehiengoak artikulatzen ahal dira», erran du Blainek.

Herrian Bizi-k Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan egin du prentsaurrekoa. Duela bost hamarkada, bizitegi sozial ugari egin ziren han, izen bereko ibaiaren bazterrean. Besteak beste Miarritzen gertatu den bezala, orduko bizitegi sozial horiek bigarren etxebizitza karioak bilakatu direla deitoratu du Blainek. «Ohartzen gara 50 urteren buruan leiho guziak hetsiak direla eta bigarren etxebizitzak bilakatuak direla. Hori gelditu nahi dugu». Hots, gaur egun sortzen diren bizitegi sozialak bihar ez daitezen bigarren egoitza bihurtu.

Herritarrekin kanpainaz mintzatzeko eta ekintzen antolatzeko bilkura publikoa eginen du Herrian Bizi-k, Uztaritzen, otsailaren 21ean, asteazkenez, Lapurdi gelan, 19:00etan.

*GAKOak

  1. SALMENTARAKO KONTRATU ETETEAK DEBEKATU

    Bizitegia bigarren etxebizitza bilakatzeko eta turismorako bihurtzeko baldin bada salmentarako kontratu eteteak debekatu. Salmenta automatikoki ezeztatu behar da bizitegia ez bada gehiago etxebizitza nagusia.

  2. HERRIKA BIGARREN ETXEBIZITZA KUOTAK JARRI

    Herrika, gehieneko ehuneko bat jarri herriko etxebizitzen kontaketan onartzen diren bigarren etxebizitzentzat. Ildo beretik, kuota hori hirigintza plangintza bakoitzak finka dezake, —horretarako, beharrez, Antolaketa eta Programazio Norabideak baliatuz—, bizitegien multzo osoan bigarren etxebizitzen ehunekoak mugatzeko gisan

  3. BIGARREN ETXEBIZITZEN GAINEKO ZERGA MOLDATU

    Bigarren etxebizitzen gaineko zerga bat jarri, edo gutienez, etxebizitza zergaren eta eraiki funtsaren gaineko zergaren arteko lotura kendu. «Mutazio saria» [bizitegi bat erostean pagatzen diren gastu edo zergak] ezberdindu eta emendatu erosia izan den bizitegia bigarren etxebizitza izateko baldin bada.

  4. BIZITEGI BATEN ERABILPEN ALDAKETAK JABEKIDEEN ARAUTEGIAREKIN BAT EGITEN DUELA ZAINDU

    Jabekideen arautegiaren aurkeztea behartu, eta horrekin, bizitegiak merkaturatzea baimentzen duela baieztatu, bizitegi baten erabilpena turismorako bizitegi bilakatzeko eskaera egina den momentuan.

  5. BIZITEGI NAGUSIEN ALDEKO BETEBEHAR BAT SORTU

    Tokiko hautetsiei Herriko edo Herriarteko Hirigintza Plangintzetan bizitegi nagusien aldeko betebehar bat ezartzea ahalbidetu. Urte osorako bizitegi iraunkorrak egiteko guneak atxikitzeko ahalmena emanen lieke auzapezei.

  6. KONPENTSAZIO NEURRI BAT EZARRI BIGARREN ETXEBIZITZEN GAINEAN

    Bigarren etxebizitza bilakatzen den etxebizitza nagusi bakoitzeko, izari bereko beste bizitegi baten egitera behartu herri berean, horretarako bizitegiak ez ziren barneak erabiliz. Bertan bizi diren biztanleei zuzendu bizitegi kopurua babestuko luke.

  7. BIGARREN ETXEBIZITZAK SRU LEGEKO KALKULUAN SARTU

    SRU legeak behartu %25eko heina duten hirietan, bizitegi sozialen ekoizpen heina kalkulatzeko bigarren etxebizitzak kontuan hartu. Gaur egun, kalkulua ez da etxebizitza nagusiak kontuan hartuz baizik egiten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.