Herrira martxan jarri dute, «hutsik dauden aulkiak» betetzeko helburuarekin

«Gehiengoaren nahia lortzeko egingo dugu lan; herritarren ahotsa eta ekintza da Herrira, denok gara Herrira»

Herrira mugimenduaren aurkezpen ekitaldian herri bilguneetako kideak igo ziren agertokira. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Herrira mugimenduaren helburua hutsik dauden aulkiak betetzea izango da». Herenegun, Donostiako Kursaaleko agertokian aulki huts bat jarrita irudikatu zuten Euskal Herriko etxe askotan bizi duten egoera. Errealitate hori amaitu nahi duen mugimendu gisa aurkeztu zen Herrira Kursaalean egin zuten ekitaldian: «Preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu nahi duen taldea da Herrira. Gehiengo zabal batennahia antolatu nahi duena. Nahi hori mobilizazio bihurtzera dator Herrira, helburua egia izan dadin lan egitera. Herritarren ahotsa eta ekintza da Herrira. Denok gara Herrira».

Egin Dezagun Urratsa eta Egin Dezagun Bidea plataformek azken hilabeteetan egin duten lanaren eta gogoetaren ondorioz sortu da Herrira. «Dugun misioa betetzen dugunean desagertu egingo da Herrira. Espero dugu bizitza laburra eta emankorra izatea», esan zuten Nagore Garciak, Fran Baldak eta Garbiñe Erasok, agertokira igo ziren Herri Bilguneetako kideen izenean. Aurkezpen ekitaldian adierazi zutenez, mugimenduaren lehen helburua euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzea izango da. Hau da, larriki gaixo dauden presoak askatzea, zigor osoa edo hiru laurdenak bete dituzten presoak kaleratzea eta Parot doktrina indargabetzea. Neurri horiez gain, Herrira taldeko kideek ezinbestekotzat jotzen dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, eta eurei prozesuan parte hartzeko aukera ematea.

Azken urtebetean Euskal Herrian aukera berriak sortu direla uste dute Herrira mugimenduaren sustatzaileek. Eta horren erakusletzat jo dituzte, besteak beste, Gernikako Akordioa, ETAren erabakiak, Aieteko Adierazpena edo egin diren herri mobilizazioak. Testuinguru horretan, mugimenduaren helburuekin bat egiten duten herritarrei «gune eraginkor bat» eskaini nahi die, Herri Bilguneen bidez. Indar metaketa «ezinbestekoa» dela uste baitute presoen eta iheslarien etxeratzea lortzeko. Horregatik, helburuarekiko aldekotasun jarrera agertzen duten herritarrekin egin nahi dute lan, «elkarri entzunez eta elkarlana bultzatuz». Egun aurkako jarrera duten norbanakoekin eta eragileekin ere egin nahi dute lan, ordea: «Haien kontzientziak ukitu behar ditugu, haien jarrerak aldatzea lortu». Herrira mugimenduaren arabera, preso eta iheslariak etxeratzeko bidean urtarrilaren 7an Bilbon egin zen mobilizazioa «erreferentzia argia da»: «Presoen gaia eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeaz gain, gizarteak duen konpromisoaren erakusleiho izan zen manifestazioa».

Kantuak, bideoak eta ipuinak

Garcia, Balda eta Eraso bozeramaileek hitza hartu aurretik, momentu hunkigarriak izan ziren Herrira mugimenduaren aurkezpenean. Esate baterako, Jaione Dorai iheslariaren bideo bat jarri zuten, non familiartekoei eskutitz bat idazten agertzen zen. Mikel Antza Lyonen preso dagoen idazlearen ipuin bat ere kontatu zuten, irudi batzuez lagunduta. Bestalde, Amaren Alaba taldeakDidier Agerre presoak eginiko kantu bat abestu zuen. Ipar Euskal Herriko kantariez gain, ekitaldia girotzen jardun ziren hainbat dantzari, Esne Beltza taldeko Xabier Solano eta Ken 7ko Eñaut Elorrieta.

Ekitaldiaren amaieran, berriz,Robert McBride Hegoafrikako ekintzaileak bidalitako ikus-entzunezko bat jarri zuten. Herrira mugimenduari babesa azaldu zion hark, eta euskal presoak etxeratzearen garrantziaz mintzatu zen: «Gatazka politiko batean, preso politikoek eginkizun garrantzitsua izan dezakete, prozesua amaierara eraman eta bakea eraikitzen laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.