Eguzki eklipsea (V). Astronomia taldeak

Herritarrak astronomo

Zeruak, unibertsoak, astronomiak lilura eragiten die zenbait herritarri, eta taldeetan biltzen dira, zaletasunaz elkarrekin gozatzeko eta dibulgazioa egiteko. Begiak eta prismatiko batzuk nahikoa dira lehen behaketak egiteko. Gazteak falta dituzte.

Neska bat teleskopiotik zerura begira. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Neska bat teleskopiotik zerura begira. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
jakes goikoetxea
2026ko abuztuaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Ikusteko, begiratu egin behar da. Begiratzeko, jakin-mina eduki behar da. Begiratzeko, patxada eduki behar da. Begiratzeko, burua altxatu behar da. Zerua eta espazioa behatzeko jakin-mina eta patxada izaten dituzte astronomiazaleek. Burua makurtuta bizi den gizarte batean, burua altxatzen dute. Begiratu eta ikusi egiten dute.

Burua altxatu aurretik, behera begiratu behar izan zuten Juan Antonio Alduntzinek eta Iñigo Sanchezek. Liburuetara. Haiek piztu eta hauspotu zieten astronomiarekiko zaletasuna. Alduntzinek gogoan du 11 urterekin natur zientziak gustatzen zitzaizkiola, eta «uneren batean» planetei eta Ilargiari buruzko zerbait ikusi zuela: «Erakarri egin ninduten, liluragarriak iruditu zitzaizkidan». Sanchezi astronomiari buruzko liburu txiki bat oparitu zioten, 12 urte zituela. Konstelazioak identifikatzeko balio zuen. Alduntzin Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia Saileko kidea da; Sanchez, berriz, Nafarroako Astronomia Elkarteko presidentea.

Begi hutsez ere bai

Zulo beltzek haien inguruko materia nola, hala harrapatu zituen astronomiak Alduntzin eta Sanchez. Aurrena, haien kontura hasi ziren behaketak egiten. Begi hutsez. «Konturatu nintzen neure begiz ikusi eta identifika nitzakeela izarrak eta konstelazioak», gogoratu du Alduntzinek. «Ez zen beste norbaitek esandako zerbait, baizik eta zerorrek ikusten zenuen, zuzenean». Behatzearen poderioz, jabetu zen zeruko argizagiak lekuz aldatzen zirela, agertu eta desagertu egiten zirela...

Geroago jakin zuten bazirela astronomia taldeak, astronomiarekiko zaletasuna eta ezagutza zuen jendea biltzeko taldeak. Haietara jo zuten, oraindik gaztetxoak zirela: Alduntzinek 16-17 urterekin Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia Sailera, eta Sanchezek, 13 urte inguru zituela, sortu berria zen Nafarroako Astronomia Elkartera. Bazkide egin ziren, eta ekintzetan parte hartzen hasi.

«1980ko hamarkadan oraindik argi kutsadura mugatua zen, eta Gipuzkoan ia edozein herritatik ikus zitekeen zeru perfektu bat, izarrez betea, Esne Bidea eta guzti»

JUAN ANTONIO ALDUNTZIN Aranzadiko Astronomia Saileko kidea

Astronomia talde mordoxka bat daude Euskal Herrian. Aranzadi eta Nafarroakoa badira erreferentziazkoak: 1965ean sortu zuten Aranzadiko Astronomia Saila; 1988an, Nafarroako Astronomia Elkartea. Era guztietako jendea elkartzen da astronomia taldeetan. Alduntzin kimikaria da. Sanchezek aseguru etxe batean lan egiten du. Taldeetan badira ingeniariak, mekanikariak... Astronomiarekiko zaletasuna dute komunean, eta dibulgazio lan garrantzitsua egiten dute.

Astronomiazale helduek ondo hartu zituzten Alduntzin eta Sanchez nerabeak. «Hasieran entzun egiten nuen, ikasi», azaldu du Sanchezek. «Zeruan zer ikus nezakeen irakurtzen nuen liburuetan, eta gero zeruan ikusten saiatzen nintzen. Zerbait ikustea lortzen nuenean, indartu egiten ninduen».

Zerua lupaz behatu

Zeruko elementuak eta fenomenoak begiz ikusten hasi ziren. Alduntzinek nabarmendu du zeruan gauza asko ikus daitezkeela begi hutsez, bestelako tresnarik gabe. Lehen errazago, argi kutsadura txikiagoa zenean. «1980ko hamarkadan oraindik argi kutsadura mugatua zen, eta Gipuzkoan ia edozein herritatik ikus zitekeen zeru perfektu bat, izarrez betea, Esne Bidea eta guzti», zehaztu du. Inolako tresnarik gabe.

Geroago prismatiko batzuk erosi zituen, «soilak, hegaztiak eta itsasoa ikusteko erabiltzen direnak, 7x-ko handipenekoak, eta horiekin askoz ere gehiago ikusten da». Zenbat gehiago? «Zerua prismatikoekin begiratzea intsektu bat handipen askoko lupa batekin begiratzearen parekoa da». Zerua lupa batez begiratzearen parekoa, alegia.

Astronomia - Behaketa
Nafarroako Astronomia Elkarteak antolatutako behaketa, Beriainen. NAFARROAKO ASTRONOMIA ELKARTEA

Zeruaren behaketa teleskopioekin lotzen da. Ezinbesteko tresna dirudi, edozein astronomiazalek eskuratu beharrekoa, oso urrun dauden argizagiak eta fenomenoak ikusteko modua ematen baitu. Teleskopioen premiari buruzko oharra egin du Alduntzinek: zaletasuna egonkortu eta sendotu eta gero erosi behar dela, zerua nahiko ondo ezagutzen denean. Beste era batera esanda, zeruan zer dagoen eta zer ikusi nahi den jakiten denean. «Teleskopioa erabiltzeko zaila da», ohartarazi du, «mugimenduak oso zehatzak dira, eta edozein doikuntza falta izanez gero, ez da asmatzen». Begien eta prismatikoen gaitasunaren alde egin du: «Urte askotan erabili nuen teleskopioa, baina prismatikoak eta begiak erabiltzen ere jarraitu nuen, gauza batzuk hobeto ikusten baitira teleskopioarekin, baina beste batzuk ez».

Gazte gutxi

Alduntzin eta Sanchez gaztetxoak zirela joan ziren astronomia elkarteetara. Oraindik ere elkarte horietan daude. Hala ere, lan gutxi dute astronomiazale gazteen jakin-mina asetzen. Gero eta gazte gutxiago hurbiltzen dira bai Aranzadiko Astronomia Sailera bai Nafarroako Astronomia Elkartera. «Nahiko zaharrak gara», onartu du Sanchezek. Alduntzinek ikusi duenaren arabera, 2000ko hamarkadaren hasierara arte gerturatzen zitzaien «jende berria», baita ikasleak eta gazteak ere, «eta taldea berritzen zen». Azken hamabost urteetan, ordea, «jende bera dago», eta sartzen direnak helduak dira.

Izan daiteke jendeak beste zaletasun batzuk dituelako, Interneten informazio eta tutorial asko daudelako, astronomian aritzeko pazientzia eta patxada behar direlako... «Eta, orokorrean, ikusten dena ez da oso ikusgarria, Ilargia eta planeta batzuk salbu», jarraitu du zerrenda osatzen Alduntzinek. «Normalean teleskopio batetik begiratzen duzunean gauza gehienak oso txikiak dira. Gaur egun, gauza ikusgarriak eta harrigarriak goratzen dira, eta jende askorentzat astronomia ez da hainbesterako».

«Zeruan zer ikus nezakeen irakurtzen nuen liburuetan, eta gero zeruan ikusten saiatzen nintzen. Zerbait ikustea lortzen nuenean, indartu egiten ninduen»

IÑIGO SANCHEZ Nafarroako Astronomia Elkarteko presidentea

Astronomiari buruzko interesa, baina, badago. «Handia», nabarmendu dute biek. Hitzaldiak, mahai inguruak eta behaketak antolatzen dituztenean, jendea joaten da. Aranzadik, esaterako, efemeride astronomikoei buruzko saio bat antolatzen du hileko azken ostiralean, hurrengo hilean izango diren fenomeno astronomikoei buruzko azalpenak emateko. «Jende asko» joaten da. Gero, ordea, ez dute hurrengo urratsa egiten: bazkide egitea, taldean sartzea eta parte hartzea. Eguzki eklipseak eragin du interesa herritarrengan, eta jende asko joan da bi elkarteek antolatutako informazio saioetara. Horrek, oraingoz, ez du eraginik izan kide kopuruan.

Zientziari ekarpena

Astronomiazale batzuek zientzia egiten dute, zientzia herritarra. Zaleak dira, amateurrak. Hala ere, zientzialari profesionalentzat erabilgarriak diren ekarpenak egiten dituzte. Alduntzin kimikaria da. «Zientziaren beste eremu batzuetan, kimikan esaterako, oso zaila da, ia ezinezkoa, kimikari amateur batek bere kontura ikertzea eta aurkikuntzaren bat egitea», azaldu du. Ezagutza eta tresneria sofistikatua eta garestia behar direlako, besteak beste.

«Astronomian, aldiz, edozeinek, profesionala izan gabe, balio zientifikoa duten behaketak egin ditzake gutxieneko baliabideekin», nabarmendu du. Astronomiazaleek aurkitu izan dituzte kometak eta asteroideak.

Astronomia - Aranzadi
Aranzadik batzuetan teleskopioak kalera ateratzen ditu, herritarrek zerua behatzeko. ARANZADI

Eremu batzuk profesionalenak dira. Astronomiazale batek nekez egingo du ekarpen aipagarririk serie honetako herenegungo erreportajean hizpide izandako ikerketa arloetan: planetetako atmosferetan eta zulo beltz supermasiboetan. Baina badira zaleek ikusteko eta ekarpenak egiteko errazagoak diren arloak. Zeruko elementuen jarraipenari lotutakoetan, batez ere. «Profesionalek ez dute denborarik horietan jarduteko», azaldu du Alduntzinek. «Batzuetan begiz egin behar dira behaketak, gauez, ordu askoan, eta astronomo profesionalek ez dute egiten, beste lan batzuk dituzte».

Ez Aranzadik ez Nafarroako Astronomia Elkarteak ez dute ekitaldi edo behaketa publikorik antolatu biharko. Alduntzinek Palentziako (Espainia) herri batetik ikusiko du eguzki eklipsea; Sanchezek Miranda Argatik (Nafarroa). Biek gomendatu dute eklipse osoa ikusiko den lekuren batera joateko, eklipse osoaren eta partzialaren arteko aldea handia delako.

1988an Filipinetara

Biharkoa Alduntzinek bertatik bertara ikusiko duen bigarren eguzki eklipsea izango da. Oraingoan, ordea, kilometro gutxiago egin beharko ditu. Izan ere, lehen aldian, 1988ko martxoan, Aranzadiko espedizio bat Filipinetara joan zen eguzki eklipse bat ikustera. Ez baita ezohiko fenomenoa: «Batez beste bi urtetik behin gertatzen da, oso leku jakinetan, eta, estatistikoki, oso zaila da norberarengandik gertu izatea». Horregatik, eklipsea ikusteko eskatu du Sanchezek, gehienentzat eguzki eklipse bat ikusteko aukera bakarra izango delako.

Filipinetako espedizioaren helburuetako bat bazen argazkiak ateratzea. Ez Alduntzinek ez Sanchezek ez dute asmorik biharko eklipsean argazkiekin endredatzeko, eklipseari argazki onak ateratzea ez baita hain erraza. Aldagai asko kontrolatu behar dira, eta eklipsea oso laburra izango da. «Ikusgarria izango da, eta helburua gozatzea da; ikusle izango naiz», Alduntzinen esanetan. «Gozatu, eta kito», berretsi du Sanchezek.

ARGIA, IKUSTEKO OZTOPOA

Argiak gauzak ikustea eragotz dezake. Argia kutsadura izan daiteke. Horrenbestez, hirietan batez ere, argia oztopoa da zerua eta bertako elementuak ikusteko. Argi kutsaduraren kontrako ekintzailea da Alduntzin. «Argi kutsadura min handia egiten ari da», deitoratu du. «Gaur egun, zerua garbi egonda ere, gau askotan ez da ia ezer ikusten». Bat dator Sanchez: «Hirian zerura begiratu, eta hamar izar bakarrik ikusten dituzu». Alduntzinek uste du hori oztopoa dela jendea astronomiara erakartzeko.

 

Argi kutsadura ezaguna da. Beste kontu bat da haren ondorioez jabetzea. Gauez ere leku gehienak argitzeko joera dago, iluntasuna saihestekoa. Alduntzin, neurri batean, etsita dago. Hogei urte baino gehiago daramatza argi kutsadurari buruzko kanpainak egiten eta haren ondorioak gizarteratzen: ingurumenean, ekonomian, naturako baliabideen «gehiegizko erabileran», giza osasunean, behaketa astronomikoetan eta abarretan dituzten eraginak.

 

Baina ez du uste arazoa konponduko denik: «Legeak eta arauak onartuta ere, ez dira beteko, eta ez zaie jarraipena egingo, jende gehienak ez baitu uste gauetako gehiegizko argitasuna arazoa denik; kontrakoa, ahalik eta argi gehiena izatea ona dela uste du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA