Herritarrek nahi dutelako

Erabakitzeko eskubidea gauzatu beharraz mintzatu dira Ibarretxe eta Mas, eta ezinbesteko jotzen dute instituzioen eta gizarte zibilaren arteko elkarlana. Egoera baliatzeko aukerak ikusten dituzte

Ikusmina. Juan Jose Ibarretxe, azalpenak ematen, atzoko saioan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bi lider politiko elkarren ondoan Donostian, Kursaalean, euren herrien etorkizun politikoa libre erabakitzeko ahaleginean. Biak, lehendakari ohiak: Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzakoa (1999-2009) eta Artur Mas Kataluniako Generalitatekoa (2010-2016). Gure Esku Dago-k eta Agirre Lehendakaria Centerrek antolatutako solasaldian aretoa, lepo: 1.800 lagun. Txaloak. Gose da jendea. «Janez etortzen da gosea», esan du Ibarretxek, iazko ekaineko herri galdeketen ondoren bezala. Prozesu demokratiko eta subiranista da elikagaia. Uste dute baldintza onak daudela Euskal Herrian eta Katalunian. «Baliatuko al dugu egoera?», galdetu du Ibarretxek. Katalunian, ari dira.

Erabakitzeko eskubidea: Kataluniako prozesua lelopean, bien artetik Ibarretxek hartu du lehenik hitza. «Ekitaldi akademikoa da hau», izan da haren lehen esaldia. Eman ditu datuak, erakutsi ditu pantailan aipuak, baina hitzaldi politikoa egin du. «Erabateko burujabetzara» iristeko beharraz aritu da. Masek «erabakitzeko eskubidea gauzatzeko» premia azaldu du. Motelago edo azkarrago joan, biek nabarmendu dute ezinbestekoa dela instituzioak eta gizarte zibila elkarrekin bat eginda aritzea.

Erabakitzeko eskubidea «printzipio demokratikoa» dela aldarrikatu du Jaurlaritzako lehendakari ohiak, eta gezurra dela proiektu independentista ezkutatzen denik haren atzean. Quebeceko eta Eskoziako erreferendumetan independentziak galdu izana aitatu du, kasurako. Eskoziakoa azkena izan dela eta, han «bi gauza irabazi» dituztela adierazi du: «Erreferenduma berriro egitea, eta Erresuma Batuak eta munduak errespetatzea. Katalunian eta Euskal Herrian bi gauza horiek irabaztea falta zaigu: ez dugu aitortua erabakitzeko eskubidea, ezta errespetua ere». Prozesu bat hasteko eta garatzeko autoantolaketa eskatu du Ibarretxek. «Inor ez dago guri begira. Aldaketa hemen dago. Proiektu hori geratzen bada, Euskal Herrian geratu delako izango da. Ez dute Madrildik geratuko».

Orain dela urte eta erdi, Beasainen (Gipuzkoa) galdetu zuen zergatik ez den Euskal Herria —eta Katalunia, Flandria eta Eskozia— 2030ean Nazio Batuen Erakundean egongo. Kursaalean esan du egongo dela. «Baikor nago. Euskal Herria geldirik dagoela? Ez».

Ondoren izan da Masen txanda, eta, hizketan hasi baino lehen, Kursaaleko 1.800 lagunak txaloka hasi dira, zutik. Independentzia oihuak izan dira, eta esteladaren bat harmailetan. Garbi ulertu zaio Masi, berriz ere: katalan estatua nahi du, eta hori lortzeko demokratikoki ariko dira, erreferenduma egingo dute eta herritarren borondatea errespetatuko dute. Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaiaren zain dago, Espainiako legedia urratu zuelakoan 2014ko herri galdeketagatik. «Asko arriskatzen duzunean, bakarrik senti zaitezke, eta Ibarretxek horretaz zeozer jakin dezake», adierazi du Masek, hari begiratuz. «Baina Katalunian babes handia dugu, eta pentsatzen duzu ondo ari zarela».

Kataluniako giltzak

Non dago Kataluniako prozesu subiranistaren giltza? Gakoak hiru direla azaldu du president ohiak. «Aurrena: prozesuaren oinarria jende eta herri katalanean dago, ez alderdietan eta buruzagi politikoetan. Bigarren giltza: prozesu baketsua da, zibikoa eta integratzailea. Askotariko jendea ari da parte hartzen. Kataluniako herritarren %70 ez dira katalan jatorrikoak, eta %80 daude erabakitzeko eskubidearen alde. Eta hirugarren giltza: prozesua erabat demokratikoa da, eta etengabe egiten da legaltasunaren aldeko apustua. Hautetsontziak eta legeak. Bozkalekuetan hasi zen, eta hala amaituko da».

Lau une «giltzarriez» ere mintzatu da. 2012ko udazken partea izan zen aurrenekoa, haren arabera: «Itun fiskala planteatu nuen Madrilen. Irtenbide bat zen Kataluniarako. Horma batekin aurkitu nintzen. Baina 1,5 milioi lagun kalera aterata zeuden, Europan estatu berri bat izateko eskatzen. Mentalitate aldaketa zegoen. Hauteskundeak deitu nituen. Lehen ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatuta geunden parlamentuan batzuetan, eta jadanik ez zen aldarrikatzeko unea, gauzatzekoa baizik». 2014ko azaroko herri galdeketa jo du bigarren une giltzarritzat. «Burujabetza egintza bat egin zuen katalan herriak, eta beldurra galdu zion Espainiako Estatuari, botoa emanda». Hirugarren unea: Kataluniako 2015eko iraileko hauteskundeak, «izaera plebiszitariokoak». Hots, independentziaren aldeko programek zer babes jasoko zuten jokoan. %75eko parte hartzea izan zen —errekorra—, eta hautagaitza independentistek parlamentuan gehiengo osoa lortu zuten. Laugarren momentua mingotsa du hark, iazko urtarrilekoa, CUPek «betoa« jarri zionekoa. Berriro bozak deitzeko «arriskua» ikusi zuen. «Dramatikoa zen guretzat aukera hori». Albo batera egin zuen Masek, eta Carles Puigdemont jarri zen presidente. «Politiko batek lehenik bere herrian pentsatu behar du, gero bere alderdian eta gero bere buruarengan».

Urte erabakigarria

Espainiako Estatuak Kataluniako herriari «eraso» egiten diola salatu du Masek. «2000. urtetik aurrera boterearen birkonkista bat dago». «Justiziaren politizazioa» eta «gerra zikina» ere gaitzetsi ditu, baina, arazoak arazo, iragarri du urte erabakigarria izango dela aurtengoa. «Erabakitzeko eskubidea gauzatuko dugu». Prozesuaren momentu horretara iristeko ere «batasun politikoa eta mobilizazioa» eskatu ditu. Gehiengo bat lortzen badute, uste du ondoren etorriko zaiela nazioarteko aitortza. «Prozesu bat burutzean dator hori. Bataila gogorra izango da, baina irabazteko modukoa. Prozesuan bukaerara heltzea ezinbestekoa da. Egin dugun guztia ez dugu egin azkeneko unean amore emateko».

Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko kideak eskerrak eman dizkie biei, eta Kataluniako eredua laudatu du. «Katalanen aldetik asko ari gara ikasten, guk geure ibilbide propioa egiteko. Erabakitzeko aroan bizi gara. Kultura politiko berria eraiki behar dugu, demokrazian sakonduta eta herritarrak ahaldunduta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.