Herritarren konfiantza bereganatzea gakotzat jo dute demokrazia indartzeko

Arratsaldean egindako Gobernu Irekirako goi bileran, hamar herrialdetako politikarik eta aktibistak parte hartu dute, tartean Jaurlaritzako Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxena. Teknologia defendatu dute demokrazien erronkei aurre egiteko.

Gobernu Irekirako Aliantzaren goi bilera, gaur arratsaldean Gasteizen, Maria Ubarretxena ezkerrean. JAZKI FONTANEDA / FOKU
Gobernu Irekirako Aliantzaren goi bilera, gaur arratsaldean Gasteizen, Maria Ubarretxena ezkerrean. JAZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko urriaren 7a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Demokraziaren gainbeherari aurre egiteko asmoz, gobernuen irekitasunaz eta gardentasunaz eztabaidatzeko goi bilera abiatu da Gasteizen. Krisi ugariko testuinguru global honetan demokraziaren kalitateak eta erresilientziak duen garrantzia azpimarratu dute, eta herritarrek erakundeengan konfiantza berreskuratzea ezinbesteko jo dute. Mahai inguruan Maria Ubarretxenak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak hitz egin du, beste bederatzi aditurekin batera. Gardentasunaren beharra aldarrikatu du sailburuak.

Hizlariek gaur egun demokraziek dituzten zenbait krisi zerrendatu dituzte: klima aldaketa, mehatxu nuklearrak eta, bereziki, autoritarismoak. Azken horiei buruz argi hitz egin du Sarah Wesonga 19. Artikulua erakundeko aktibistak. Haren esanetan, gizartea kontraesanean bizi da. Wesongak esan duenez, gobernuek inoiz baino konpromiso gehiago hartzen dituzte gardentasunari dagokionez, baina herritar xumeek informazioa eskatzean besterik lortzen dute: «isiltasuna edo hala-holako erantzunak».

Testuinguru horretan kokatu du desinformazioa eta albiste faltsuak ugaritu izana, eta, horren eskutik, autoritarismoa. Teknologia proposatu du erronka horri aurre egiteko tresna moduan: «Teknologian egon daiteke gazteak demokraziara gerturatzeko gakoa. Gainera, plataforma digitalak erabiliz, egiazkoa den informazioa zabal dezakegu».

«Mundu demokratikoa deitzen diogun horretan, herritarren %1ek du aberastasunaren %99, gehiago ez esatearren. Beraz, normala da jendea ez fidatzea demokraziekin»

KEVIN CASAS-ZAMORANazioarteko IDEAko aditua

IDEA Demokraziarako eta Hauteskunde Laguntzarako Nazioarteko Institutuko aditu Kevin Casas-Zamorak autoritarismoei aurre egiteko beste puntu garrantzitsu bat aipatu du: konfiantza. Azaldu duenez, demokrazia indartsuagoa da politikan konpromiso handiko biztanleak dituzten herrialdeetan. Costa Ricako ministro ohiak adierazi du autoritarismoak indarra duten herrialdeetako biztanleek demokrazia eta justizia ez dituztela loturik ikusten: «Mundu demokratikoa deitzen diogun horretan, herritarren %1ek du aberastasunaren %99, gehiago ez esatearren. Beraz, normala da jendea ez fidatzea demokraziekin». Esan du herritarren konfiantza berriz irabazteko haien eguneroko arazoak konpontzen hasi behar dela.

Hegoafrikako Administrazioaren ministro Inkosi EM Buthelezik, berriz, gobernuen egituran jarri du arreta. Aipatu du herritarren konfiantza lortzea funtsezkoa dela demokraziaren etorkizunerako, baina esan du horretarako gobernuek aldaketak egin behar dituztela barneko egituran: «Alferrikakoa da herritarrei konfiantza eskatzea guk geure burua aztertzen ez dugunean eta aldaketarik egin gabe jarraitzen dugunean».

«Hitz gutxiago eta ekintza gehiago. Ereduaren bidez erakuts dezagun, eta jar dezagun praktikan gaur hemen ikasi duguna»

MARIA UBARRETXENAGobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua

OECD Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko Mary Beth Goodmanek datu zehatzak eman ditu. Ekonomialariaren esanetan, OECD erakundearen parte diren herrialdeetako biztanleen %44k ez dute batere konfiantzarik bere agintariengan. Konfiantza hori lortzeko politikarien funtsezko zeregina azaldu du: «Egia da herritarrak erdigunean ipini behar ditugula, baina hori ez da nahikoa. Benetan bermatu behar dugu haien ahotsak entzuten ditugula».

Ubarretxenak, Goodmanen proposamenaren bidetik, argi adierazi du herritarren parte hartzea lortzea agintarien eginkizuna dela: «Herritarren parte hartzea lortzeko ez da nahikoa gure leihoak gardenak izatea, geuk ere gardenak izan behar dugu». Eta hizketaldiaren amaieran hitz gutxitan laburbildu du politikarien eginbeharra: «Hitz gutxiago eta ekintza gehiago. Ereduaren bidez erakuts dezagun, eta jar dezagun praktikan gaur hemen ikasi duguna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.