Eragileen iritziak jasotzen ari da Eusko Jaurlaritza, Heziberri planeko curriculumaren zirriborroa aurkeztu eta gero. Ikastolen Elkartea isilik egon da orain arte, eta atzo eman zuen iritzia. Hezkuntza Sailaren proposamenari «gabeziak» ikusten dizkio elkarteak, eta «berrikusketa eta berridazketa sakona» egiteko eskatu du. Besteak beste, azaldu du LOMCE hezkuntza erreformaren eragin «nabarmena» dutela dekretuek, «LOMCEren zenbait muga eta planteamendu zehaztasun gehiegiz onartzen edo islatzen baititu».
Dekretu proposamena erretiratzeko eskatu dute hezkuntzako eragile batzuek, baina horrekin ez dago ados Ikastolen Elkartea, «horrek LOMCE bere gordintasunean aplikatzea ekarriko ligukeelako». Hortaz, dekretuei eustea nahi dute ikastolek, baina aldaketa «esanguratsuak» eginez.
Dekretuak egin aurretik, eredu pedagogikoa adostu zuten eragileek. Hori oinarritzat hartu dute curriculum dekretuak egiteko, baina, ikastolen ustez, «argiago» azaldu beharko litzateke. «Diluituta» dagoela ohartarazi du. Euskal kulturaren dimentsioari dagokionez, egituraketa okerra ikusi du: finean, LOMCEren edukiak ageri dira dekretuetan, bukaeran Euskal Herria sartuta. LOMCEren atalak Heziberriko dekretuan zehaztuegi daudela azaldu dute.
Ez dira curriculumarekin ados, beraz: «Dekretu zirriborroaren egungo formulaziotik urrun sentitzen gara ikastolok, eta harekin genituen itxaropenak ez dira oraingoz bete». Elkarrizketan segitzeko eta ekarpenak aintzat hartzeko eskatu diote ikastolek Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari: «Ezin dugu aukera galdu». Hezkuntza lege berriari begira ere jarri dira, eta «lehenbailehen» pausoak emateko eskatu dute.
Heziberri planeko dekretu zirriborroa «berrikustea» nahi dute ikastolek
«Aldaketa esanguratsuak» egiteko eskatu dio Ikastolen Elkarteak Jaurlaritzari.Dekretuetan LOMCEren eragina «nabarmena» dela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu