HEZKUNTZA

Hezkuntza erreforma onartu du kongresuak

Oposizioko alderdiek testu bateratu bat irakurri dute hitza hartu duten bakoitzean, eta berretsi dute PPk gehiengoa galdu orduko utziko dutela bertan behera legea. PPren gehiengoarekin atera da aurrera testua. UPNk abstentziora jo du.

Xabier Mikel Errekondo, protestan. BERRIA
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urriaren 10a
16:21
Entzun

PPren gehiengoari esker, hezkuntza erreformari baiezkoa eman dio Espainiako Kongresuak. Bozketak honako emaitza utzi du: 182 boto alde, 137 aurka eta bi abstentzio. PPko diputatuek txaloka hartu dute Jose Ignacio Wert ministroaren lege proiektua onartu izana. Urrats erabakigarria da, baina ez azkena: lege proiektua Espainiako Senatura joango da orain, eta ondoren, bueltan itzuliko da kongresura, azken baiezkoa emateko.

Ministroa bakar-bakarrik —Mariano Raxoi presidentea eta gainerako ministroak ez dira joan Espainiako Kongresuko bilkurara—, eta oposizio guztia kontra duela. Irudi hori utzi du hezkuntza erreforma onartzeko batzarrak bozketaren aurretik. Oposizioko alderdiek PPri ohartarazi diote bide laburra izango duela. Talde guztiek adostutako testu bat irakurri dute dira hitzaldi bakoitzaren hasieran: PPk gehiengoa galdu orduko atzera botako dute erreforma. UPNk orain arte babestu du PP, eta azken bozketan abstentziora jo du. Ohar batean penatuta azaldu da alderdia, adostasun handiagoa ez duelako izan erreformak.

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak zabaldu du oposizioaren txanda. Labur, minutu eskasean, salatu du hezkuntza komunitatearekin adostu gabeko legea dela, eta PPk gehiengoa galdu orduko amaituko zaiola ibilbidea.

Amaiur taldearen izenean, Xabier Mikel Errekondok egin du hitzaldia. Erreforma "inposizioa" dela salatu du. “Espainiako banderarekin eta erregearen argazkiekin inbaditu nahi dituzue gure eskolak”. Euskal herritarrei dei egin die, erantzun dezaten. "Onartuko dugu Madrildik esatea zer ikasi behar duten gure seme-alabek? Ez. Euskal Herriak erabaki behar du".

Eta orduan sortu da eztabaida. Etzi Bilbon egitekoa den manifestaziora joateko deia euskaraz egin du Errekondok, eta Jesus Posada presidenteak ezetz, ezin dela euskaraz hitz egin kongresuan. Francorekin bezala, euskaraz egitea debekatzen dutela salatu du diputatuak. “Hori da zuek nahi duzuena: obeditu eta isildu, edo, bestela, zigorra”. Eta frankismo garaiko zigorren itxura eginez, liburu bana hartu eskuan, eta denbora batez isilik egon da mintzalekuan.

Euskal hezkuntzari kalte egingo dio lege berriak, EAJko diputatu Isabel Sanchez Roblesek ohartarazi duenez. "Espainiarentzat kaltea da, eta euskal hezkuntzarentzat, zer esanik ez. Gu Europaren parean edo hobeto gaude". Oraindik legea behin betiko onartzeko egun batzuk badaudela azaldu du diputatu jeltzaleak, eta negoziazioak hasteko eskatu dio ministroari. "Oraingoz niri ez didazu-eta ezer entzun. Zuzenketa bat bera ere ez". Edonola ere, nahiz legea indarrean jarri, euskal hezkuntzak aurrera segituko duela nabarmendu du. “Euskal hezkuntza komunitatea inplikatuta dago, eta lege batek ez du geraraziko. Akordioa du oinarri gure hezkuntza”.

Wert ministroak ez die talde guztiei erantzun, esanez batzuek "konstituziotik kanpoko planteamenduak" egiten dituztela. Aurrekoetan egin ohi duen legez, txostenak eta datuak aipatu ditu etengabe, erreforma justifikatzeko. "Datuak ebidentziak dira". Eztabaida mamitsuena EAJko diputatuarekin izan du ministroak.

Euskal hezkuntzaren eta Espainiakoaren artean alderaketa egiteko eskatu du Sanchez Roblesek. Wert ez da horretan sartu hasieran, baina, EAJko diputatuak segitu du galdezka, eta ministroak aitortu du aldeak daudela. "Aitortzen dut euskal sistema goitik dagoela besteetatik. Legeak ez du auzitan jartzen hori. Erreformak ekarriko du maila hobea dutenak are hobea izatea, eta apalagoa dutenak handitzea". Lanbide Heziketarekin ere berdin: "Euskal Lanbide Heziketa ona dela aitortzen dut. Euskadin uzte baxua izatea sistema horri dagokiola aitortzen dut. Utziguzu Euskadiko sistema hori emulatzen maila nazionalean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.