Hezkuntza publiko «indartsu» baterako lan baldintzak hobetzea aldarri

Irakasleak, hezitzaileak, sukaldariak eta garbitzaileak grebara deitu dituzte Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek. Jokin Bildarratzen irudiko, grebak «ez du justifikaziorik»

Atzo Bilbon egin zuten manifestazioa. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleak, hezitzaileak, sukaldariak eta garbitzaileak. Horiek hartu zituzten atzo Donostiako, Bilboko eta Gasteizko kaleak. Euskal Hezkuntza Publikoa indartzeko, lan baldintzak hobetu lelopean egin zituzten mobilizazioak greba egunean. Donostiako manifestazioa Bulebarretik abiatu zen, eta, hezkuntza arloko langileez gain, familiak ere bertan izan ziren. «Denek baitakigu eskubideak, borrokatzen ez bagara, ez direla iristen», adierazi zuten sindikatuek. Hala, manifestazioan ziren hainbat familiak erran zuten beren seme-alaben «hezkuntza kalitatearengatik» irten zirela kalera. Sindikatuek %55eko parte hartzea zenbatu zuten, eta Eusko Jaurlaritzak, %21 ingurukoa.

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitu zuten lanuztera: «Lan baldintza onen eta kalitatezko zerbitzu publikoaren alde borrokatzeko garaia» delako. Beren aldarrikapenen berri emateko irten ziren kalera: aurrekontuekin zerikusia dutenei buruz aritu ziren, eta baita mahai negoziatzailearekin lotutakoei buruz ere.

Hala, sektore bakoitzak bere aldarrikapen propioak dituen arren, eskaera orokorren berri eman zuten atzo. Batetik, langileek galdu duten erosahalmena berreskuratu nahi dutela adierazi zuten. Hori lortzeko, %10eko soldata igoera eskatu zuten: 2021-2023 bitarte galdutako erosahalmena berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko. Horrekin lotuta, eskatu zuten behin-behineko irakasleen udako oporraldiko kobrantza eta puntuazioa mantentzeko, 165 egun lan egiten badute.

Enplegua sortzeko eta finkatzeko eskaera ere egin zuten, eta hori lortzeko behin-behinekotasuna %8ra jaitsi dezatela, «salbuespenezko prozesu baten bidez eta behin-behinean lanean daudenak kontsolidatuz». Erretiroa ere mintzagai izan zuten, eta hura aurreratzeko neurriak eskatu.

Lan kargak arintzeko neurri zehatzak adostu behar direla erran zuten sindikatuek, eta horietako zenbait aipatu: ikasle-irakasle ratioa txikitzea, irakasleak eta ikastetxeak baliabidez hornitzea, eta lanaren burokratizazioaren gainetik hezkuntza lana lehenestea. Langileen ongizate emozionalaren garrantziaz ere aritu ziren, eta hori bermatzeko arrisku psikosozialen eta ergonomikoen ebaluazioak egin behar direla erran.

Euskarari dagokionez, «sistema osoa euskaldunduko duenhezkuntza politikak ezarri behar» direla erran zuten. Hala, langileei euskalduntzeko baliabideak, formazioak eta baldintzak bermatzeko eskatu zuten.

Eskaera horiek guztiak biltzen zituzten leloak entzun zitezkeen Donostiako kaleetan atzo eguerdian. Hala ere, mobilizazioaren amaieran azaldu zituzten zehatzago: hiru sindikatuetako bozeramaileak Bulebarreko kioskora igo zirenean, gainerako manifestariek inguratzen zituzten bitartean. Hala, erran zuten ez dituztela eguneratu hezkuntza publikoko langile anitzen lan hitzarmenak, eta horrek ondorioak dituela beren «bizi baldintzetan». Honako hau da egoera: irakasleen lan hitzarmena 2010ekoa da; sukaldeko eta garbiketako langileena, 2009koa; eta hezitzaileena, 2004koa.

«Guk argi dugu hezkuntza sistema indartsu bat nahi badugu gure lan baldintzak hobetuko dituen neurriak hartu behar direla», erran zuten. Hortaz, egoera hobetu arte eta beren «aldarrikapenei erantzuteko edukizko planteamenduak mahai gainean» jarri arte, «borrokan» jarraituko dute. «Euskal eskola publikoa gure gizartearen etorkizuna delako!», borobildu zuten.

Hezkuntza Sailari

Aldarrikapenak egiteaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari mezu bat igorri zioten sindikatuek: «Gaurko mobilizazioen bitartez, Hezkuntza Sailari jakinarazi nahi diogu ez ditugula onartuko gu kontuan hartu gabe, aldebakarrez, egunero hartzen dituen erabakiak».

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo egin zituen grebari buruzko adierazpenak, eta erran zuen lanuzteak ez duela «justifikaziorik». Aldarrikapenak ikasgeletara eramatea ez du begi onez ikusten, hori «zigor berezia» delakoan familiendako eta haurrendako.

Bildarratzen arabera, sindikatuek iaz erran zuten akordioa «oso ona» zela, baina orain kontrakoa diote. Gainera, akordioa betetzen ari dela adierazi zuen, eta «konpromiso zehatzak» daudela neurri gehiago betetzeko. Adibideak ere jarri zituen: hezkuntza bereziaren alorrean kontratazioak egon dira, hogei ikasle baino gehiago dituzten geletan tutoretza bikoitza ezarri da, eta 3.300 lanpostu egonkortu dituzte. Hala, Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoaren alde lanean jarraituko duela azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.