Hezkuntza legea

Hezkuntza publikoaren aldeko manifestaziora deitu dute azaroaren 6rako

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordio berriaren harira, eskola segregazioari eta inklusio faltari aurre egingo dien hezkuntza sistema bat eskatu dute.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen prentsaurreko baten artxiboko argazkia. MARISOL RAMIREZ
Javi West Larrañaga.
2021eko urriaren 26a
13:04
Entzun

Egungo hezkuntza sistema «duala, klasista eta arrazista» dela salatu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak gaur goizean, Bilbon. «Bi mailako» ikasleak sortzen dituela deitoratu dute, eta manifestazioa egingo dute azaroaren 6an, eskola publikoak administrazioaren «lehentasun osoa» izan dezala eskatzeko. Maribel Lopez de Luzuriaga bozeramaileak nabarmendu du sare publikoa eta pribatua «ez direla berdinak», eta hezkuntzak ez lukeela «merkatuaren menpe» egon beharko.

Egoeraren larritasuna azpimarratu du Lopez de Luzuriagak: «Europako eta Espainiar Estatuko erkidegorik segregatzaileenetako bat gara». Topagunearen arabera, eskola publikoa da gizarte kohesioari ekarpenik handiena egiten diona, «jatorrizko ezberdintasunak berdintzen» dituelako, «inklusiboa den bakarra» delako, eta «ikasle gehien euskaldundu eta euskalduntzen dituena» delako. Salatu du, bestalde, sare pribatuak segregazioa eragiten duela: «Sare pribatuko ikastetxeek kuota ekonomikoak, erlijioa eta gardenak ez diren beste irizpide batzuk erabiltzen dituzte maiz egoera zaurgarrian dauden familiei sarbidea [ukatzeko]».

Lege berria, arrisku

Hezkuntza lege berriaz Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren adierazpenak «kezka handiz» hartu dituztela aipatu du Lopez de Luzuriagak, eta adierazi du prozesu gardena izan behar dela. Haien aburuz, lege berria «ez da eskola publikoaren komunitatetik atera». «Oraingo presa horrek beldurtzen gaitu. Beste eragile batzuen presiopean izan dela uste dugu, eta beldur gara ez ote duen balioko dugun sistema hau legitimatzeko», azaldu du Lopez de Luzuriagak. «Horregatik ikusten dugu momentua publikoa aldarrikatzeko eta kalera ateratzeko».

Besteak beste, hezkuntza pribatu eta itunpekoari mugak jartzeko eskatu diote administrazioari, eta «eskola bakarra» eskatu dute. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudi» bat sortzeko.

Hainbat eskualdetako plataformak eta sindikatuk babestu dute deialdia. LAB, Steilas, CCOO, ESK eta CNT izan dira horien artean. Antolatzaileek azaldu dute ELA sindikatua ez dela batu deialdira «gauza batzuetan» ez dutelako Topagunearekin bat egiten, baina egin diotela manifestaziora joateko gonbita eta haien erantzunaren zain daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.