Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 1.268 lanpostu bete nahi ditu irailerako deitu duen lan eskaintza publikoaren bidez

LEP berriko lehen hautaproba irailaren 20an egingo dute, eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleentzat izango da. Sailak azaldu duenez, azken prozesuaren bitartez 4.500 lanpostu egonkortu dituzte.

Hezkuntza arloko hautaproba bat, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Hezkuntza arloko hautaproba bat, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
2025eko abuztuaren 16a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du lanpostuak egonkortzeko martxan zuen fasea, eta iragarri du irailaren 20an egingo dela LEP lan eskaintza publiko berriko lehen hautaproba, idatzizkoa, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 1.268 lanpostu betetzeko xedea izango du. Azaldu dutenez, deialdi horren bitartez zera lortu nahi dute, arlo horietako langileen bitarteko tasak %4 behera egitea.

Sailak ohar batean azaldu duenez, egonkortzeko zituen 4.542 funtzionario lanpostu eta lanpostu finko egonkortu dituzte azken prozesuan, gehienak irakasle lanpostuak. Horien artean, zenbait arlotan egin dute indar, hala nola Hezkuntza Berezian eta zerbitzu osagarrietan. Lehenari dagokionez, sailak jakinarazi du azken ikasturtean 520 postu adjudikatu dituztela. Gehienak (476) hezkuntza laguntzako espezialistak dira, eta gainerakoak, fisioterapeutak, keinu hizkuntzako interpreteak, terapeuta okupazionalak, gizarte langileak, eta materialak transkribatzeko eta egokitzeko langileak.

Zerbitzu osagarriei dagokienez, berriz, Jaurlaritzak adierazi du 480 lanpostu finkatu dituztela. Sukaldeko langileei eta garbitzaileei dagozkie horiek; hurrenez hurren, 283 eta 197 lanpostu. «Profesional horiek lanean hasi direnetik, ikastetxeen eguneroko funtzionamendua indartu egin da, eta ikasle guztientzako eskola eremu zainduak eta seguruak bermatzen lagundu du».

Egonkortze prozesu horrekin «ikastetxeetako hezkuntza taldeak indartu» dituztela argudiatu du Hezkuntza Sailak: «Horrek proiektu pedagogikoei jarraipena ematea ahalbidetu du, baita ikasleei ematen zaien hezkuntza erantzuna hobetzea eta sistemaren ekitatea indartzea ere».

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak sektorearen egonkortasunaren aldeko konpromisoa berretsi nahi izan du, eta esan haien xedea dela hezkuntza publikoko arlo guztietan urtero lan eskaintza publikoak egitea. «Horrela, talde egonkorrak finkatuko ditugu, jarraitutasunez eta hezkuntza proiektuaren gaineko konpromiso handiagoaz». Pedrosaren esanetan, hori funtsezkoa da «kalitatezko hezkuntza» eskaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.