EAE-ko aurrekontuak

Hezkuntza Sailaren aurrekontua %5,5 handituko da

Bildarratzek Jaurlaritzaren «konpromisoa» nabarmendu du agerraldian. Oposizioaren ustez, «aurrekoen jarraipena» dira 2024ko aurrekontuak.

Jokin Bildarratz, aurrekontuen aurkezpenean. JOSU TXABARRI / IREKIA
gotzon hermosilla
2023ko azaroaren 07a
17:44
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ia 3.673 milioi euro bideratuko ditu hezkuntzara, 2024rako aurrekontuetan agertzen denez: aurreko urtean baino %5,5 gehiago. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek Eusko Legebiltzarrean egindako aurkezpenean azaldu duenez, handitze hori «Jaurlaritzak hezkuntzarekin duen konpromisoaren eta ahaleginaren» isla da, eta horren helburua da «hezkuntza sistema berritu eta eraldatzailea» lortzea, «premia pertsonaletara, sozialetara, hezkuntzakoetara eta lanekoetara egokitzeko gaitasuna duena».

Langileei dagokien atala izango da 2024ko aurrekontuetan handiena, 1.742 milioi eurokoa izango baita. Horrekin, sindikatuekin hitzartutako akordioak bete nahi ditu Hezkuntza Sailak. «Irakasleen egonkortasuna» ere helburutzat ezarri du Bildarratzek, eta, esan duenez, abian jarritako lan eskaintza publikoekin egiturazko lanpostuen behin-behinekotasuna %5etik beherakoa izatea nahi dute.

Unibertsitateaz kanpoko beketarako, garraiorako eta eskola jantokietarako 126,3 milioi euro bideratuko ditu Hezkuntza Sailak, «ekitatea eta inklusioa» sustatzeko. Haurreskolak partzuergoak 77 milioi euroko diru saila izango du, aurreko urtean baino %16,6 handiagoa, zerbitzu horren «doakotasuna» lortzeko xedez. Euskara eta eleaniztasun programetara 11,1 milioi euro bideratuko dira.

Lanbide Heziketari dagokionez, «giza garapen iraunkorra» eta «eraldaketa digitala» izango dira lehentasunak. Azken helburu horretarako, 24 milioi euroko diru saila aurreikusi dute.

Unibertsitateen eta ikerketaren arloak 550 milioi euroko funtsa izango du. Horietatik 388,4 milioi bideratuko dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen funtzionamendura, aurreko urtean baino %6,2 gehiago. Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria hornitzeko 25 milioi euro aurreikusi dituzte. Beka eta laguntzetara, berriz, 48,2 milioi bideratuko dira.

Arlo zientifikoan, «talentua sortzea, erakartzea eta atxikitzea» izango da ardatz nagusia, eta horretarako ia 25 milioi euro erabiliko dituzte bikaintasuneko azpiegitura zientifikoetan, eta 56,6 milioi Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitateekin hitzartutako programa kontratuetan. Ikerbasque fundazioak 40,4 milioi euroko aurrekontua izango du, aurrekoan baino %12,4 handiagoa.

Oposizioaren zalantzak

Aurrekontuen aurkezpenean ez da eztabaidarako tarterik izan, baina oposizioko taldeek euren zalantzak azaldu dizkiete Bildarratzi eta Hezkuntza Saileko gainerako arduradunei egindako galderetan. EH Bilduko Ikoitz Arresek nabarmendu du aurrekontu hauek «agintaldiko azkenak eta lege berriaren lehenengoak» izan beharko luketela: «Hala ere, ikusi dugu, diru funtsen zenbatekoa handitu bada ere, aurrekontuak aurreko urtekoen jarraipena direla». Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek, berriz, galdetu du aurrekontu horiek «errealitatearekin» bat ote datozen edo gehiago diren «errealismo magikoaren» arlokoak, «kontuan hartuta iazko aurrekontuetako diru funts eta egitasmo batzuk gauzatu gabe gelditu direla». PPko Carmelo Barriok harridura agertu du aurrekontu «kontinuistak» egin direlako, «aintzat hartu gabe datorren ikasturtean, teorian, lege berri bat egongo dela».

EAJko Gorka Alvarezek eta PSE-EEko Ekain Rojok, aldiz, babesa eman diete aurrekontuei: «Ekitateari eta aniztasunari erreparatzen diete, eta lagunduko dute hezkuntza sistema hobetzen, eraldatzen eta bikaintasunera hurbilarazten», esan du Alvarezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.