Hezkuntza sistema nazionala bultzatuko du IAk, azaroaren 17an
Azaroaren 17an, Nazioarteko Ikasleen Egunarekin bat eginez, Ikasle Abertzaleak taldea egungo hezkuntza sistema «arrotzaren» aurka borrokatuko da. Nafarroako Gobernuak «inposatu» nahi dituen legeak hezkuntza sistema nazionala sortzeko «atzerapausoak» direla adierazi du IAk. «Guk defendatzen dugun proiektua euskal ikasleria errespetatzen duen hezkuntza eredua da». Honako ekimenak antolatu dituzte: Ikasleok ere etorkizuna eraiki! lelopean, elkarretaratzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 11:30ean, eta 13:00etan manifestazioa egingo dute, Iruñeko geltoki zaharretik abiatuta. Gainera, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute, LAB, EHBE eta Sortzen-ikasbatuaz gizarte eragileekin batera, Nafarroako Legebiltzarraren aurrean. Horren guztiaren berri prentsaurreko batean eman behar zuten Iruñeko Gazteluko plazan, baina agerraldia egiteko baimenik ez zutela argudiatuta, udaltzainek ez zieten utzi agerraldia egiten. Pankarta kioskoan jarrita zegoela eta jende «gehiegi» zegoela argudiatu zuten udaltzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu