Ikamako bozeramaileak

Garazi Ubiria eta Aimar Loiti: «Hezkuntza sistema propioa behar dugu euskararen transmisiorako»

«Ez da bermatzen hezkuntza euskalduna jasotzea». Horren karietara, borrokarako deia egin du Ikamak, hezkutza sistema propioa eta euskalduna sortzeko. Ikasleak grebara deitu dituzte abenduaren 11rako.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2025eko urriaren 20a
11:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskalgintzaren Kontseiluak esana du: euskararen aurkako oldarralditik indarraldira jauzia egiteko garaia da. Horretan bere alea jarri asmo du Ikamak, Garazi Ubiria (Lesaka, Nafarroa, 2005) eta Aimar Loiti (Oñati, Gipuzkoa, 2006) bozeramaileek nabarmendu dutenez. Dinamika bat abiatu berri dute.

Gure hezkuntza euskalduna. Horixe izan da zuen dinamikarako aukeratu duzuen leloa. Gaur egun, hezkuntza ez al da euskalduna?

Aimar Loiti: Euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan; beraz, de facto, ez da bermatzen hezkuntza euskalduna jasotzea. Eta euskara ofiziala den lekuetan, non D eredua berma daitekeen, hezkuntzak ez ditu belaunaldi berriak eraginkortasunez euskalduntzen. Espainiako eta Frantziako estatuen menpe gauden heinean, beren nazio proiektuaren interesei erantzuten dieten curriculumak inposatzen dituzte; beraz, bi estaturen menpeko hezkuntza sistemetan jarraitzen dugun bitartean, ez dugu lortuko hezkuntzak belaunaldi berriak eraginkortasunez euskalduntzea. Guk hau proposatzen dugu: hezkuntza propio baten eraikuntza eta burujabetza kuotak muturreraino gureganatzea, guk geuk diseinatzeko benetan euskaldunduko duen hezkuntza sistema bat.

Garazi Ubiria: EAEn, ikasle gehienek D eredua aukeratzen dute, baina D ereduak porrot egiten du euskara ikastetxeetatik kanpora pasatzen ez denean. Nafarroan, errealitatea askotarikoa da, baina ikasleen erdiek baino gehiagok hezkuntza ibilbidean ez dute kontakturik izanen euskararekin. Euskara ez da ofiziala Nafarroa osoan, eta ez dago borondate politikorik euskara ikasteko eskubidea ikasle guztiei bermatzeko. Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatuak ez du euskara aitortzen, eta Ipar Euskal Herriko ikasleek aurre egin behar diote beren hezkuntza ibilbideko azterketarik garrantzitsuena euskaraz ez egiteari.

«Bi estaturen menpeko hezkuntza sistemetan jarraitzen dugun bitartean, ez dugu lortuko hezkuntzak belaunaldi berriak eraginkortasunez euskalduntzea»

AIMAR LOITI Ikamako bozeramailea
Zuek, ikasleak, egunero zaudete ikasgeletan. Zertan ikusten dituzue irakaskuntza euskalduna eta euskaltzalea jasotzeko gabezia nagusiak?

Ubiria: Lantzen ditugun eduki batzuk ez daude Euskal Herriko testuinguruan oinarrituta, eta ez dira euskaraz ematen, nahiz eta euskarazko D ereduan ikasi. Gainera, euskararen erabilera ikastetxeetara bakarrik mugatzen da. Halere, gabezia nagusia da bi nazio zapaltzaileren mesedetan dauden curriculumen menpe gaudela, eta horrek ez du biderik ematen Euskal Herriak ahots propioz hezkuntza sistema propio bat sortu dezan; beraz, ez dugu aukerarik gure historia, gure hizkuntza eta gure kultura transmititzeko.

Zertan datza zuen dinamika?

Ubiria: Euskalgintzako eragileek behin eta berriz adierazi duten bezala, euskara oldarraldi betean dago, eta Ikaman ere uste dugu hori horrela dela.

Loiti: Euskararen aurkako oldarraldiari dagokionez, euskalgintzak eman du pausoa, eta oldarralditik indarraldira egiteko pauso horri erantzuten dio gure dinamikak ere. Beraz, dinamikarekin, ikasle ikuspegitik eta hezkuntzatik indarraldirako ikasle olatu bat sortu nahi dugu, eta euskalgintzatik sortzera doan olatuari ekarpen bat egin.

Ubiria: Hezkuntza sistema hizkuntza, kultura eta gure historia transmititzeko funtsezko zutabea da. Horregatik, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa behar du euskararen transmisiorako; horren bidez bakarrik lortuko dugu euskarak bizirik irautea. Dinamika honek aukera ematen du, zapalkuntza ikasleok bertatik bertara bizitzen dugunez, ahots propioz erantzuteko. Ikamak, dinamika honen bitartez, euskararen problematika lurreratzea nahi du, euskararen kontzientziazioa pizteko eta euskararen indarraldirako sortu nahi dugun olatu hori bultzatzeko, ikasleok lehen lerroan izanda. Nahiz eta datuak gero eta kezkagarriagoak izan, prest gaude apustua egiteko eta indarraldia sortzeko baldintzak eraikitzeko, euskarak bizirik iraun dezan; Ikama horretara batuko da.

«Euskalgintzako eragileek behin eta berriz adierazi duten bezala, euskara oldarraldi betean dago, eta Ikaman ere uste dugu hori horrela dela»

GARAZI UBIRIA Ikamako bozeramailea
Oldarralditik indarraldira egiteko garaia dela dio Euskalgintzaren Kontseiluak. Nola bultzatu euskararen indarraldia hezkuntzatik?

Loiti: Euskal Herriko beharretara eta nahietara moldatu behar da Euskal Herriko hezkuntza sistema; beraz, Euskal Herriak dituen erronkei erantzun behar die, eta euskarari dagokionez ere erantzun egin behar du, egungo ereduak irauliz eta belaunaldi berriak euskalduntzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriz.

Abenduaren 11 duzue jomugan.

Loiti: Abenduaren 11 jarri dugu mugarri gisa: greba eguna izango da Hego Euskal Herriko ikasleontzat, eta mobilizazioak egingo ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Dinamika baten barnean markatzen den mugarri garrantzitsua da, baina azpimarratu nahi dugu dinamika bera aktibatu eta abenduaren 11ra arte egingo dugun ibilbide guztia mugarria bezain garrantzitsua dela. Espero dugu dinamika honetan euskararen gaiak kezkatzen duen ikasle oro Ikamara batzea eta aktibatuko dugun borroka honetan mobilizatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.